Isiltasunaren oihartzuna

Garraio publikoan ozenki jartzen den musika, kaleko lanak eta museoetan jartzen diren bideoak. Poliki-poliki, isiltasuna bere lekua galduz doa. Hala ere, gizarte zaratatsu honetan isiltasunaren txokoari eusteko beharra nabarmendu dute batzuek.

IRATI PELUAGA
IRATI PELUAGA
itsaso jauregi 2
2026ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ixo!». Hitz hori eraginkorra da, eta Javier Ziga margolari iruindarraren arte erakusketan entzuten direnen ahotsak isiltzea lortzen da haren bidez. Isiltasunaren artean, Javier Ziga fundazioko presidente Pello Fernandezen ahotsa besterik ez da entzuten, Iruñeko Civivox Pompelon ikusgai dauden koadro bakoitzaren historia zehatz-mehatz azaltzen. Historikoki museoa beti izan da toki isila, artelanak eta obrak begiztatzeko leku berezia; kanpoko zarata gainetik kentzen dute bisitariek atea zeharkatu bezain pronto, eta, ozenki hitz egin ordez, xuxurlatu egiten dute. Museoen Nazioarteko Eguna izan zen aurreko astelehenean, eta isiltasunaren garrantzia aldarrikatu nahi du Fernandezek: «Artelanaren eta ikuslearen artean egon behar den harremana sortzeko, isiltasuna ezinbestekoa da».

Gero eta gutxiago dira zaratarik gabeko txokoak: autoak, kaleko lanak, jendetza, musika...Onintza Enbeitak BERRIAn argitaratutako Isiltasuna artikuluan zera esan zuen: «Harrigarria dirudi, baina zaraten munduan gure belarriak harritzen dituena isiltasuna da». Eva Domingo Otero kazetariak eta isiltasunaren ikerlariak isiltasuna hutsik dagoen mihise batekin konparatu du: «Pentsatzen dut margolari batentzat zaila izango litzatekeela margoz estalita dagoen mihisearen gainean obra berri bat sortzea. Hori gertatzen da zarataz inguratuta bizi garenean».

Zarata zentzumen guztiekin lotzen du ikerlariak, ez bakarrik entzumenarekin: betebeharrez gainezka dagoen agenda, sare sozialetan jasotako mezuak eta presaka ibiltzeko beharra, besteak beste. «Hori ere zarata da, nekea eta ondoeza sortzen dituelako. Zaratan murgilduta bizitzeak zoriontasunetik aldentzen gaitu», argitu du Domingok. Maider Triviño Madinabeitia (Maider Mimi) autismoa duen artista eta zientzialaria eguneroko zarata horretan murgilduta bizi da: «Gaur egungo bizitza ikaragarri zaratatsua da. Kalean jendeak ozenki hitz egiten du, autoetako klaxonak entzuten dira etengabe, eta garraio publikoan musika altu jartzen dutenak ere badaude. Jendeak ez du errespetatzen besteen isiltasun beharra».

«Isiltasunaren alde egiten dugunean errudun sentitzen gara, gizarteak zurrunbilo horretan jarraitzea exijitzen digulako» 

EVA DOMINGO OTERO Kazetaria eta isiltasunaren ikerlaria

Egoera horretatik ihes egiteko, Triviñok isiltasuna du gordeleku: «Isiltasunak ematen dit aukera kontzentratzeko, ondo eta lasai egoteko». Leku zaratatsu batean egon ostean isiltasuna behar du artistak; horretarako, bere logelan sartzen da, eta, egoera oso zaratatsua izan bada, aste oso bat behar du berriz ere gizarte iskanbilatsura itzuli baino lehen. Baina energia berreskuratzeko une isil horiek lortzea eta eskatzea «ez da erraza», Triviñoren esanetan: «Oso epaituta sentitzen naiz pertsona bati baxuago hitz egiteko eskatzen diodanean edo telebista kentzeko eskatzen dudanean. Jendeak sentitzen du euren askatasuna mugatzen dudala. Haien zaratara etengabe egokitu behar badut, zergatik ezin diet eskatu haiek nire isiltasunera egokitzeko?».

Elkarrizketa isilak

Pertsona gor batzuen errealitatea alde batera utzita, guztizko isiltasuna lortzea «ezinezkoa» dela argitu du Domingok: garunak beti bilatzen eta aurkitzen du soinuren bat. «Inguruan zalapartarik ez dagoenean garunak sotilagoak diren soinuak bilatzen ditu, hala nola arkatzak idaztean egiten duen asotsa edo azazkalek maindirearen kontra egiten duten soinua», aipatu du ikerlariak.

Soinu sotil horiek baztertzean zer gertatzen zen aztertzeko, Leo Beranek ikerlari estatubatuarrak gela anekoikoa eratu zuen 1943an. Gela anekoikoa uhin akustikoak xurgatzeko diseinatutako areto bat da, eta, era berean, kanpoko edozein zarata edo soinu iturritatik isolatuta dago. Gela barnean garunak soinu dosi hori bilatzen du, eta, kanpoan aurkitzen ez duenez, barruan bilatzen du: bihotzaren taupadak, sabeleko hotsak, odola zainetan mugitzen eta hezurren arteko talka, besteak beste. «Entzuteko gaitasuna dutenentzat, isiltasuna ez da existitzen, soinurik eza gisa ulertzen bada, behintzat», ziurtatu du Domingok.

Ezintasun hori John Cage musikari estatubatuarrak islatu zuen bere 4'33'' lanean. Cage 1951n sartu zen Harvard unibertsitateko (AEB) kamera anekoikoan, erabateko isiltasunaren bila, baina, horren ordez, bere bihotzaren taupadekin eta bere odol fluxuarekin egin zuen topo: «Ez dago espazio hutsik. Nahiz eta isiltasun absolutua lortzeko saiakera egin, ezinezkoa da hori lortzea». Entzule askok txantxa probokatzaile gisa hartu zuten haren obra, baina Cagek urte luzez erantzun zuen ez zutela «batere ulertu».

«Jendeak sentitzen du euren askatasuna mugatzen dudala. Haien zaratara etengabe egokitu behar badut, zergatik ezin diet eskatu haiek nire isiltasunera egokitzeko?» 

MAIDER TRIVIÑO MADINABEITIA Autismoa duen artista eta zientzialaria

Paradoxikoa dirudien arren, elkarrizketen testuinguruan hasi zen Domingo isiltasuna aztertzen: «Elkarrizketa elkarrekin ondorio berrietara iristeko saiakera bat da. Aurrez aurre dagoenarekin zerbait berria sortzen ari zara. Eta hori ezin da isiltasunik gabe egin». Besteak esandakoa entzuteko arreta eskaini behar zaio, eta ahoa itxi behar da. Baina, batzuetan, isiltasun ariketa hori pasibotzat hartzen da, eta ikerlaria ez dago horrekin ados: «Entzuteak arreta eskatzen du, eta neketsua da. Gaur egun, aktiboa dena eta produzitzearekin lotuta dagoena txalotzen da, eta horixe da hitza. Berdin du hitzak sakonak diren ala ez, hitzak produzitzea positibotzat hartzen da».

Zarataren erresuma oso erosoa da, eta zaila izan daiteke hortik aldentzea. Horregatik, «iraultzailea» ere bada lasaitasunean oinarritutako errealitatera hurbiltzea, Domingoren ustez: «Isiltasunaren alde egiten dugunean errudun sentitzen gara, gizarteak zurrunbilo horretan jarraitzea exijitzen digulako». Baina isiltasunak forma desberdinak har ditzake, eta horietako batzuk erasokorrak ere izan daitezke, ikerlariak aipatu duenez: «Autoritarismoek inposatzen diguten isiltasunak kalte egiten digu. Euskal Herrian gure hizkuntza erabiltzea debekatu digute, isilarazi gaituzte. Adierazpen askatasunari jartzen dioten debekua ere isiltasun bortitza da».

Kontzientziazioa landuz

Lehen, isiltasunaren babeslekuetako bat museoak ziren, baina Fernandezek ikusi du poliki-poliki bertan ere sartu direla zarataren atzamarrak. Ez da arraroa museoko aretoetan bideoak ikustea, oso baxu jarrita dagoen musika entzutea edo mugikor baten bibrazioa antzematea. «Batzuek deiak hartzen dituzte! Hori errespetu falta ikaragarria da. Zaratak eta asotsak anabasa sortzen dute beti, eta nik artea ulertzen dudan moduan isiltasuna behar da», laburbildu du Fernandezek. Lehen, museoetako isiltasuna bermatuta zegoen; orain, ez hainbeste. «Gaur egun isiltasuna askoz ere urriagoa da, estimuluz inguratuta bizi baikara. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da modu kontzientean lantzea eta zaintzea», gehitu du Domingok.

Estimulu horiekin bizitzera behartuta dago Triviño, baina azpimarratu nahi izan du zarata kontrolatzeko neurriek ez dituztela autisten beharrak kontuan hartzen: «Ez dute ulertzen autismoa dugunok anplifikatuta entzuten ditugula zarata gehienak, eta sentikorragoak garela uhin soinuekiko». Kontzertuetako edota jaietako zarataren mugak ezartzean, autismoa ez dutenen mugak bakarrik hartu dira kontuan.

«Artelanaren eta ikuslearen artean egon behar den harremana sortzeko, isiltasuna ezinbestekoa da» 

PELLO FERNANDEZ Javier Ziga fundazioko presidentea

Triviño rock estiloko bere musika jotzera agertokira igotzen denean, bere ingurukoei zera esaten die: «Kontzertu zaratatsua izango da». Bere karteletan ohar bat ere gehitzen du artistak: «Uste dut artistek abisatzera ohitu beharko luketela. Badakit barregarria dirudiela esan behar izatea kontzertua zaratatsua izango dela, baina benetan lagungarria da». Enpatia garatzeko beharra azpimarratu du Triviñok, eta jendeari «mentalitate zurruna» alde batera utz dezala eskatu: «Jendeak jakin beharko luke badagoela zarata toleratzen ez duen jendea. Nik haien zarata ulertzen dudan moduan, haiek ulertu beharko lukete guk behar dugun lasaitasuna».

Estimulu iskanbilatsuetatik ihes egiteko behar larria dagoenean, isiltasuna agertzen da berriz, aspaldi ikusi gabeko laguna balitz bezala. Hala ere, prebentzio gisa erabili beharko litzatekeela uste du Domingok, muturreko egoerara iritsi baino lehen: «Isiltasuna izugarri eskuzabala da; zuk keinu txikiak egiten badizkiozu, asko ematen dizu trukean».

Keinu handiak egin nahi ditu Fernandezek, artelanen eta bisitariaren arteko harremana bermatuz. Artean eta literaturan isiltasunaren gaia hizpide izan dute lan askok, eta Fernandezek Zigak sortutako obretan ere ikusten du hori: «Haren artelanetan agertzen diren emakume agotek marjinazioaren testigantza biltzen dute beren aurpegietan. Haiek beren sufrimendua gordetzen dute, eta guztiz isila da. Barneko isiltasunak eta margolanetan islatzen den isiltasunak bat egin behar dute». William Shakespeareren Hamlet obran isiltasunaren aipamen esanguratsu bat egiten da; gainera, idazle ingelesak sortutako pertsonaien artean hitz gehien duenak egiten du. Obraren amaieran, Hamlet hiltzeko zorian dagoenean, azken hitzak ahoskatzen ditu: «Gainerakoz, isiltasun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA