Herri ugaritako herriko festak heldu izana uda gerturatzen ari den seinale da. Besteak beste, Zumaiako (Gipuzkoa) santelmoen atzetik iritsi da Gasteizko San Prudentzio, eta, haren atzetik, asteburu honetan iritsiko dira Andoaingo eta Orexako (Gipuzkoa) santakrutzak eta Gatikako (Bizkaia) San Marko, esaterako. Euskal Herriko hainbat herri euren santuak omentzen ari diren bitartean, Getariak (Gipuzkoa) Kantauriko antxoa omenduko du, XIV. Antxoa Egunean.
Maiatzeko lehenengo ostiralean, Getarian Antxoa Eguna ospatzen dute urtero. Bihar eta igandean, bada, kostako jai askok izan ohi dituzten koloreak izango ditu herri horrek ere: herritarrek soinean eramango dituzte zapi laukidunak eta jantzi urdinak. Eta, usaimenari dagokionez, parrilla eta antxoa usainek zipriztinduko dituzte herriko kaleak.
Getariako Arrantzaleen Kofradiako Emeterio Urresti lehendakariak aitortu du berdelari dagokionez «inoizko daturik apalenak» izan dituztela, baina antxoaren kanpaina «momentuz ondo» doala adierazi du. Halere, kontatu du haien bila beste urteetan baino «pixka bat urrutiago» joan behar izan dutela, Asturiasko eta Kantabriako kosta ingurura.Â
Iazko Antxoa Egunean bostehun kilo antxoa banatu zituzten herritarren artean, eta, aurten haiek lortzeko urrutiago joan behar izan badute ere, mila anoa banatzeko helburua dute. Lehendakariak adierazi du antxoa freskoaren «zilar kolorea» bermatuta egongo dela.
Hamaika ekintza
Festa bihar hasiko dute, 12:30ean, Balentziaga museoan. Han, XIV. Zilarrezko Antxoa banatuko du Elkano Arrantzale Kofradiak. Kofradiako kideek Zilarrezko Antxoa saria emango diete arrain horrekin, sukaldaritzarekin edo arrantzarekin lotura duten zenbait pertsona edo erakunde nabarmeni. Baina, horren aurretik, kofradiaren egoitzan, aurtengo antxoaren kanpainaren datu zehatzak helaraziko dituzte.
Ekitaldi nagusia, berriz, 19:00etan egingo dute: antxoa dastaketa egingo dute herriko frontoian. Bertaratzen direnek parrillan erretako antxoa, herriko txakolina, garagardoa eta sagardoa dastatu ahal izango dituzte.
Etzi, aurreko egunaren digestioa egite aldera, umeek Izan arrantzale tailerrak egingo dituzte. Hasteko, itsas eskulanak egingo dituzte; ondoren, itsas esperimentuak; eta amaitzeko, arrantza tailerra egingo dute.
Dinamika horrez gain, beste zenbait ekintza ere antolatu dituzte iganderako. 11:00etatik 14:00etara, Getariako saregileen erakusketa egongo da ikusgai, eta tarte horretan Deiadar txaranga ibiliko da herrian zehar giroa alaituz. Arratsalderako beste bi ekintza ere antolatu dituzte. 17:00etan, haurrentzat euskal mitologiari buruzko jolasak ipiniko dituzte frontoian, eta 18:00etan aurtengo berritasuna iritsiko da. Kiroldegian zesta-puntako partida profesional bat jokatuko dute.Â
Asteburua borobiltzeko, berriz, igandean bertan Arrantzale Eguna ospatuko dute. 10:45ean arrantzaleen meza egingo dute. Bertan, omenaldia egingo diete arrantzalerik helduenei. Horren ostean, kirolarien txanda izango da. 11:00etan, arraunlariek Gipuzkoako Trainerillen Ligako XIV. Antxoa Eguna bandera jokatuko dute; eta arratsaldean, herri kirolariek jaialdia egingo dute.
Datorren astean, gehiago
Datorren asteazkenean, maiatzaren 6an, berriro egingo dituzte Izan arrantzale tailerrak. Larunbatean, Antxoa Eguneko VIII. Bela Estropada egingo dute, 11:00etan, eta, ordu berean, Zaria Koru Eskolak emanaldia egingo du Salbatore elizan. Igandean, 12:30ean, eliza berean, Getariako musika bandak kontzertu batekin amaituko du antxoaren inguruan egindako festa.Â
Antxoaren festa maiatzaren 10ean amaituko badute ere, ekainera bitarte aukera egongo da haietaz gozatzeko.