Ia 87.000 argazki ditu Xabi Otero baztandarrak bere fitxategietan. Horietako 16.000 argitaratu dituzte, paperean zein Interneten. Izan ere, 40 urte daramatza argazkilari lanbidean. Ibilbide horri begiratu bat eman nahi dio Donostian jarri duen erakusketaren bidez.
«Argazkiak prozesu handi baten zati txiki bat dira, eta niretzat ez dira prozesu horren zatirik garrantzitsuena», azaldu du artistak. «Goiz hotz-hotz batean itxaronaldi luze batetik aukeratzen duzun unea dira, behe lainoa desagertzen hasten denekoa».
Ikasle txarra izan zen baztandarra, eta, gurasoen lana zela eta, atzerrian bizi izan zen gaztetan, Italian, Londresen, Madrilen... Antropologia ikasten hasi zen; baina, mundu akademikoarekin nazkatuta, antropologia bertatik bertara eta kameraren bidez egitea deliberatu zuen.
Grina horren ondorioz, mundu osoan ibili da, eta izozmendien paisaietatik, Saharako hondar mendietara joan zaio begirada, eta objektiboa.
Argazkiak, marrazkiak, txartelak, logotipoak... mota askotako lanak bildu ditu erakusketan. Euskal Herriko eta beste leku batzuetako irudiak, batzuk liburuetan, besteak egunkarietan argitaraturikoak.
'OIHAN HEGALEAN'
Non. Kutxa Boulevard aretoan.
Noiz. Maiatzaren 8a arte. 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
Itxaronaldiaren argazkilaria
Xabi Oteroren argazkiak eta bestelako lan grafikoak daude ikusgai Donostian, 40 urteko lanaren lekuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu