Borlak, koloretako kartulinak, luma txikiak eta zaldunen kaskoen, elizen, zuhaitzen eta ezpaten ingerada irudikatzeko ereduak. Eskulanak egiteko materialen anabasa koloretsu horrek badu zentzurik, horiek baitira Bilboko Euskal Museoko Itziar Aloria hezitzaileak haurrentzako tailerrerako prestatu dituen lehengaiak. Jarduerak Nire armarria du izena, eta bihar goizean egingo dute, Bilboko Euskal Museoan. Alba Mielgo museoko hezkuntza eta programazio teknikariaren arabera, tailerraren xedea 6 eta 12 urte arteko umeei armarriek Euskal Herriaren historian duten garrantzia azaltzea da. Erdi Aroko nobleziaren antzera, beren nortasuna islatzen duen armarri bat sortzea egokituko zaie gaztetxoei. Tailerrean parte hartzeko sarrerak eskuragai daude museoaren webgunean.
Euskal Museoak ekainaren 10ean ireki zituen ateak, eta Mielgok gogora ekarri du familiei haren jarduna «ezagutarazteko» pentsatu zutela udarako jarduerak eskaintzea. «Bi tailer mota antolatu ditugu: uztailean lau egin genituen, erraldoien eta buruhandien erakusketarekin lotura zutenak, eta abuzturako Euskal Museoaren bildumarekin harremana duten jarduerak prestatu ditugu». Horietako bat da Nire armarria tailerra.
Jardueraren erdigunean armarriak jartzea ez da ausazko erabakia. Izan ere, Mielgok nabarmendu duenez, armarriak museoaren bildumako «elementu garrantzitsu bat» dira, eta, gainera, haurrei «erakargarriak» iruditzen zaizkie. «Umeek egunerokoan edonon ikusten dituzte; Alde Zaharrean bertan pila bat daude, baita kirol taldeen kamisetetan ere. Athleticek, adibidez, armarri bat du». Teknikariaren hitzetan, hurbiltasun hori baliatu dute gaztetxoek kalean, museoetan eta elizetan dagoen ondarearen «zergatiaz» hausnar dezaten.
Arrakasta izan dute
Armarriek Euskal Herriaren historiaz jarduteko aukera ere ematen dutela erantsi du Aloriak. Hori dela eta, tailerra museoaren klaustroan abiatuko dute bihar, bertan baitaude XVI. eta XVII. mendeko jatorrizko armarriak. Hezitzailearen arabera, pieza originalak «irakurtzen» irakastea izango da lehen urratsa: «Familiek euren izena ezagutarazteko zuten modua ziren armarriak; horregatik, garrantzitsua da jakitea non kokatuta zeuden eta zer kolore edo irudi zituzten. Kolore, animalia eta objektu bakoitzak esanahi bat du». Ondoren, tailerra borobiltzeko, armarri bat egingo du haur bakoitzak.
Uztailean egin dituzten tailerrek arrakasta izan dutela baieztatu dute museoko hezitzaileak eta teknikariak. Mielgok azaldu du taldeak «txikiak» direla eta «gertuko harremana» errazten dutela. «Haien sormena sustatzen dugu, libre sentitzen dira, eta gustura ibiltzen dira bururatzen zaiena irudikatzen», erantsi du Aloriak. Datorren astelehenean egingo dute udako azken tailerra, hilaren 17an: Euskararen tximeleta. Jarduera horretan, haurrek euskalkiak izango dituzte aztergai, eta esamolde eta mezuekin apaindutako tximeleta bat sortuko dute.