Urtarrilaren 13an hil zen Lourdes Olangua Lou, O.K. Korral eta Los Humedecidos taldetako abeslaria. Hura omentzeko, jaialdi bat egingo dute gaur, Putzuzulo gaztetxean, Zarautzen (Gipuzkoa). Zazpi talde elkartuko dira; tartean, Anestesia eta Lobo Electrico.
Euskal Herrian 1980ko hamarkadan RRV mugimendua zen nagusi, eta protagonista gehienak gizonezkoak ziren. Lou Olangua izan zen lehenetako emakumea euskaraz abesten, O.K. Korral taldean, eta proposamen aski original batekin: euskarazko rockabilly-country doinuei ekin zion. 1986. urtean grabatu zuen estreineko diskoa (O.K. Korral, Elkar), eta oihartzun handia izan zuten laneko Baserriko neskatilak eta Mendi gainean abestiek, besteak beste. Bigarren diskoak, Beti gogor beti mozkor (1989), ez zuen halako arrakastarik lortu, eta taldea sakabanatu egin zen gutxira.
Anestesia, Lobo Electrico, The Safety Pins, Vincent Von Reverb y sus Vaqueros Electricos, Desastrozombies eta Nuevo Catecismo Catolico bilduko dira gaur. Horiez gain, Dani Ulacia (O.K. Korral, Labanak, Humedecidos), Izaskun (2 Kate), Jose Dolz (Telepath Boys, Shock Treatment), Eneko Etxeandia (Teen Dogs, NCC, Safety Pins), Dani Mortaja eta Riki Andrade (Los Clavos, El Inquilino Comunista) ere izango dira.
LOU OLANGUAREN OMENEZ
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Putzuzulo gaztetxean, Zarautzen (Gipuzkoa).
Izar bat euskalbillyaren zeruan
Lou Olangua musikaria omenduko dute gaur, Zarautzen, zazpi taldek emango duten kontzertuan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu