Izena eta bisaia oinazeari

Mauro Saravia fotokazetariak erakusketa batean bildu ditu memoria historikoa berreskuratzeko urratsak, Bilboko Bolsan. Esan duenez, identifikazioa garrantzitsua da.

Mauro Saravia fotokazetaria, Milagros Muñozen erretratuari begira, Bilboko Bolsa eraikinean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Zenbaki bat da, mamitua. Biktima bat, abstrakzioa izateari utzi eta izena bereganatu duena: Milagros Muñoz. Aurpegiera serioz begiratzen dio objektiboari, Bilboko Bolsa eraikineko erakusketa aretoan. Izterren pareraino heltzen da haren erretratuaren enkoadraketa, eta, mahuka motzeko soinekoarekin, agerikoa da besoa falta zaiola: Durangoko (Bizkaia) bonbardaketan erauzi zioten faxistek, 1937an. Frantzian erbesteratuta egon zen ostean. Eta orain dela gutxi zendu da. Baina oraindik bada Mauro Saravia fotokazetariaren argazkian (Viña del Mar, Txile, 1982), oinazeak oraindik baditu izena, abizena eta aurpegia.

«Ezagutzen al ditugu pertsona horiek? Ezkutuan egon ziren, beldurragatik edo lotsagatik. 80 urtean, ez dugu jakin nortzuk ziren», Saraviaren esanetan. Urte horietan guztietan, lausotuz joan da haien arrastoa, hil egin dira asko, hil egin dira orobat haiek ezagutu zituztenak. Hala, kasik hondarretatik eraikitako erakusketa da Saraviaren Oroimenez, desagertzeko zorian harrapatutako zantzuen bilduma, detaileekin ehundutako memoria historikoa. Azpiko solairuan zegoen mutil lagunarekin gutunak trukatzen zituela, harik eta gizona hil zuten arte: bizi-bizi du xehetasun hori Pilar Gartziandiak, Donostiako Ondarretako kartzelan hamar urtez preso egondakoak. Angeles Flores miliziano asturiarrak (Espainia) akorduan du hura bezatzen ahalegindu zirela Saturrarango kartzelako (Mutriku, Gipuzkoa) mojak, orduak eta orduak egin zituela josten ikasten eta etxeko lanetan trebatzen. Irribarretsu ageri dira bi andreak, bakoitza bere erretratutik, bakoitza bere bazterretik. Bilboko Udalaren babesa jaso du erakusketak, eta ostiralera arte bisitatu daiteke.

Ezkutuan daude, baina, batzuetan, ezer gutxik ateratzen ditu argitara. Eztena izan liteke arrasto bat agirietan, lorratza ezagun baten oroimenean, edo transmisioa familian. Nahikoa da zantzu bat miaketa abiatzeko. Izan liteke porlanean marratutako izen bat, esaterako. Argazkietako batean ageri da: bunker baten egituran, letra dotorez marratutako porlan bloke bat. Severino Ayerdi Arteche. 36ko gerran desagerrarazi zuten, eta idazkun hori da, hain justu, hark utzitako azken arrastoa, fotokazetariak esan duenez. Izenak abiatu zuen ikerketa: Saravia harremanetan jarri zen Aierdiren senideekin, eta osatu zuen, hala moduan, soslaia. «Zulatzailea zen, ingeniarien batailoi batekoa. Seguruenik, hark eraiki zuen bunkerra, eta horregatik idatziko zuen bere izena». Jakina da batailoi hura Laredon (Espainia) errenditu zela, borrokalariak preso hartu zituztela, baina han eteten da Aierdiri buruzko informazioa. «Cuelgamurosen egon liteke, Teruelen [Espainia], Katalunian, Valentzian [Herrialde Katalanak]...». Haren arrastoan jarraitzen du Saraviak.

Ezagutzeko heldulekuak

Zantzu batzuk zehatzagoak dira, ordea. Eta, halakoetan ere, miaketa lana zaila eta neketsua izaten da. Saraviak hamar urte daramatza memoria historikoaren arloa lantzen, besteak beste Gogora institutuarekin behar egiten du, Aranzadiren eta Euskal Prospekzio Taldearen indusketak dokumentatu ditu, eta badaki zein diren memoria historikoa berreskuratzeko urratsak. Atalok bildu ditu erakusketan: bilaketa, prospekzioa, desobiratzea, katalogazioa eta berriro hobiratzea. Erretratuetatik gertu gelditu da Saravia, indusketetan aurkitutako objektu zibilak eta militarrak erakusten dituzten bitrina batzuen parean, sastraka artetik ateratako argazki baten aldamenean: objektiboaren aurrean, landareek erdi irentsita, metalak detektatzeaz arduratzen den gizona doa aurrena segizioan, atzean duen historialariak adierazten dio non bilatu, eta argazkilariak prozesua dokumentatzen du. Gorpuekin batera dauden balak, gerrikoen belarriak eta boten metalezko iltzeak aingurak dira; makinak zarata egin du; topatu dute hobia.

Hortik aurrera, hilabeteak igaro daitezke zulatzen hasterako, Saraviak adierazi duenez. Izan ere, lurra prestatu beharra dago, hamarkadetan inguruan hazi diren landare mardulak ebaki behar dira, ordutik landatutako pinu mordoa erauzi behar da. Argazkietako beste batean, jada zulatua dute eremua, induskatzen hasiak dira, saila garbi-garbi dago, eta ez da belarrik ere ikusten. Alboko argazkian, hobi bera ageri da, baina ostera ere beteta: ikerlariak pilatuta daude, hara bota zituzten gorputzen kokapena irudikatzeko. Gutxitan egiten dute antzezpen hori, baina izoztuta geratu da orobat, aurpegiak bezala. Indusketa hartako eskeleto baten erreplika ere jarri dute erakusketan, xede didaktikoarekin.

Dokumentazio lanak testuingurua ematen die hezurrei; hildakoak zer adin zuen zehazten dute, eta nola hil zuten; identifikazio txaparen bat aurkituz gero, nor zen ere zehazten da. «Izena daukanean, hondar bat zena indibiduo bihurtzen da. Oso garrantzitsua da pauso hori, modua ematen baitu presente egon dadin eta familiak berreskuratu dezan». Eta senideek hobiratu dezaten, haiek nahi duten tokian, ezaguna izango duten tokian. Prozesua eginbehar etiko bat da, Saraviaren arabera, baina desagerrarazitakoak oroitzeko modu bat ere bai; hala da senideentzat, bederen. «Eskertzen dizute, eta eskuzabalak dira. Izan ere, modua ematen dizute haientzat oso hunkigarria den gertaera bat argazkitan harrapatzeko». Irudian, kutxa bat: hezur batzuk dira, mamituta, izen bat eta istorio bat bereganatuta, senideen eskuetan eta memorian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.