Zientzia

Izotz lehorrez konposatutako hodei koloretsu eta distiratsuak antzeman dituzte Marten

Zientzialarien esanetan, ohi baino altuago daude hodei bitxi horiek, eta izotz lehorrez konposatuta egon litezke. Distira egiten dute, eta, dirudienez, eguzki izpien koloreak xurgatzen dituzte.

Izotz lehorrez konposatutako hodei distiratsuak, Marten. CURIOSITY ROVER
Nagore Arin.
2021eko maiatzaren 31
16:45
Entzun

«Batzuetan, gelditu eta hodeiak nola igarotzen diren ikusi behar da». Horrela dio Curiosity Rover deituriko kontuak Marten antzeman dituzten hodei bitxi batzuen harira Twitterren zabaldu duen hariak. NASAren misio espazial bat da Curiosity Rover –izatez, Mars Science Laboratory du izena–, eta planetari buruzko nondik norakoak aztertzen eta esploratzen dihardu hara bidali zutenetik: 2011. urtean jaurti zuten, eta hurrengo urtean lur hartu zuten Marten, 2012an. Hamaika aurkikuntza eta gehiago egin ditu ordutik; azkena, izotz kristalez konposaturik egon daitezkeen hodei distiratsu eta koloretsuak.

Ohi baino altuago agertzen diren hodei goiztiar gisa izendatu dituzte hodeiok: normalean, 60 bat kilometrora egon ohi dira Marteko hodeiak, eta ur izotzez konposatuta daude. Curiosity Rover-en bitartez atzeman dituzten hodeiak, berriz, askoz ere altuago daude, tenperatura oso baxuak nagusi diren eremu batean. Hala, ondorioztatu dute karbono dioxido izoztuaz eta izotz lehorrez konposatuta egon daitezkeela, eta zientzialariak hodei bitxi horiek gehiago aztertzeko pista bila ari dira, zehazki zer osagairekin konposatuta dauden jakin nahi baitute.

Osagaiak ez, baina argazkietan garbi ikusten dena da egitura mehe eta uhinduak dituztela hodei horiek, eta Curiosity misioak egindako zuri-beltzeko nabigazio irudietan antzeman daitezke forma jostalari eta bitxi horiek. Hala ere, Mastcam deituriko tresnaren bidez igartzen da bereziki hodei horien nortasuna, kamera berezi horren irudien bidez hodeien distira eta koloreak ere antzematen baitira. Zientzialarien esanetan, azken eguzki izpiak desagertu ondoren, ilunabarraren koloreak xurgatzen dituzte hodei horiek, eta, era horretan, distira nabarmena egiten dute ortzi ilunarekin kontrastean.

Hala, ilunabar hodei eta gau hodei gisa izendatu dituzte, eta izotz kristalez betetzen direnean are distiratsuago bilakatzen direla esan dute. Eguzki izpiak hodeien altueraren azpitik desagertzen direnean, berriz, distira hori galdu, eta ilundu egiten dira. Mark Lemmon zientzialariaren hitzetan, Marten dauden gauzarik koloretsuenen artean egongo lirateke hodei horiek, eta, erantsi duenez, Curiosity Rover dagoen alderantz begiratze hutsarekin antzeman daitezke. Txundituta agertu da aurkikuntzarekin: «Liluratuta gelditu nintzen agertzen diren koloreekin: gorri, berde, urdin eta more».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.