Jaia, bisiguaren bueltan

Bisigu festa izango da Orion, gaur hasi eta igandera arte; hiru sukaldarik 500 bisigu erreko dituzte plazan

Parrillan erreko dituzte bisiguak, Orioko estilora, bisigu formako parrillak erabili gabe. AIORA LARRAÑAGA / UROLA-KOSTAKO HITZA.
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bisigu usaina zabalduko da egun hauetan Orion barrena. Gaurtik hasi eta igandera arte, 500 bisigu erreko dituzte plazan. Horrez gain, gastronomiarekin lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte herrian, Bisigu festak iraungo duen lau egun horiek biribilak izan daitezen.

Katxina jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola ariko dira bisiguak erretzen. Orioko estilora erreko dituzte, gainera: bisigua ireki eta parrillara botaz, bisigu formako parrillak erabili gabe.

Plazako otorduetan emango duten menua, berriz, aurreko urteetako bera da. Bost plater izango dira: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrillan eta postrea. Eta hori, 45 euroan. Izan ere, bisigua «prezio erakargarrian» jateko aukera ematea da festaren helburua, Beñat Solaberrieta Orioko alkatearen hitzetan.

Gaur izango da jaiaren aurkezpen ekitaldia, plazan, 20:00etan. Harribil dantza taldeak eta Egunsentia otxoteak parte hartuko dute, eta herritarrek arrantza tradizioan oinarritutako testuak irakurriko dituzte. Gero, pintxo zirkuituaren aurkezpena egingo dute. Taberna bakoitzak bere pintxo proposamena aurkeztuko du, eta, egunotan, pintxoak dastatzeko aukera izango da zirkuituan parte hartu duten tabernetan.

Bisiguarekin lotuta, hainbat ekitaldi izango dira asteburuan. Besteak beste, marmitako dastatzea egingo dute larunbat eguerdian. 1.200 errazio banatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.