Izurtza

Jaien handitasuna nola neurtu

Etzi hasiko dira festak Izurtzan, eta herriko hainbat tokitan ospatuko dituzte zortzi egunez

Santa Ageda baselizaren inguruan, dantzak, bertsoak, herri bazkaria, bakarrizketa, apustua, igel txapelketa eta erromeria egingo dituzte igandean. ANBOTO.
2016ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Ostiralean botako dute txapligua Izurtzan (Bizkaia), eta festetako egitarau zabala dute datorren asteko igandera arte. Jaien hastapeneko kalejira herrigunean izango bada ere, hainbat auzo ere jaien erdigune izango dira; Erdoitzako Andra Mari eta San Tomas baselizak, esaterako. Baina igande honetan, Santa Ageda baseliza inguruko larreetan egingo dituzte ospakizunak.

«Leku berezia da, basoak inguratuta, eta beti egin dugu jaia hemen», dio Oihane Irastorza kultura arloko zinegotziak. Tradizio handiko eguna da; lehen, nork bere jana eramaten zuen, baina azken urteetan udalak antolatu du herri bazkaria. «Handia da, gure neurriko herrian, bazkaltzeko ehun pertsona bildu eta hain giro ederra sortzea». Bazkaldu aurretik, ordea, meza eta Mendigain dantza taldearen emanaldia ere egingo dituzte, eta bertsolariak neurriekin jolastuko dira.

Udane Ramirez gazte taldekoa da, eta maiz joan da Santa Agedara: «Jaietako egun ezagunena da:egun osoko plan indartsua». Bazkalostea girotzeko, denek parte hartzeko moduko apustua antolatzen dute gazteek, urtero proba aldatuta: zenbat garbantzu sartzen diren edalontzi batean, zein den zuhaitz jakin baten enborraren diametroa... tranparik egon ez dadin, azken unera arte ez da jakingo zein den aurtengo desafioa. Eguna biribiltzeko, giroa alaituko dute Imanol Ituñoren bakarrizketak, igel txapelketak eta Lotxo taldearen erromeriak. Hori bai, eguraldia oso txarra bada, frontoian egingo dituzte.

Xarma eta kolorea

«Egun bakoitzak bere xarma du». Ramirezek adierazi du umeek eta erretiratuek ekintzak dituztela, eta gazteek antolatutakoak izendatu ditu bereziki. Haien ardura dira lehen eguneko gaueko kontzertuak, eta 25. aldiz egingo duten mendi bizikleta martxa ere bai.

Berrikuntzarik ere bada: munduko janari lehiaketa egingo dute larunbatean. Irastorzak azaldu du askotan egin dituztela paella, marmitako edo sukalki txapelketak, eta aldatu nahi izan dutela. «Jendea inplika dadin nahi dugu, kolorea eman nahi diegu jaiei, eta emaitza sorpresa izango da». Talde bakoitzak janariari lotutako jantziak ere eramango ditu: adibidez, janari mexikarra eginda, mariatxi arropak. Kuadrilla bakoitzak besteen plater eta atrezzoa aztertuko ditu, eta elkarrekin bazkalduko dute. Bazkalostean, bingoa egingo dute.

Urteroko ekintza «arrakastatsua» da bingoarena. Irastorzak dio sariengatik dela, eta Ramirezek gustuko du, inguruko herrietako jendea erakartzen duelako. Tortilla txapelketak ere pertsona asko biltzen ditu. Datorren ostiral arratsaldean izango da, eta, afalostean, erromeria egongo da. Tortillak larunbatean egin ohi dira, baina, hurrengo larunbatean, ezohiko ekitaldia dute: Durangaldeko 49. Ezpata Dantzari Eguna Izurtzan egingo dute aurten. Horrek ere jende gehiago ekar dezake herrira.

«Antzeko plana egin ohi dugu urtero jaietan, eta gustatzen zaigu. Baina, kanpotik festetara datozenean, giroa are politagoa da. Animatu, eta etorri Izurtzara!», dio Ramirezek. Biztanle kopuruari begira herri txikia da Izurtza, baina asko goza daiteke hango jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.