Badatoz sanferminak. Jaien urteko eskaileran gora, lehen geltoki nagusietako batera heldu da Nafarroako hiriburua. Iruñeko Udalak hamar kartel finalistak aurkeztu ditu jendaurrean. Suziria, su artifizialak, oihalak, jendetza, erraldoiak, kilikiak, giroa, gaita jotzaileak, santu bihurria... Garai bateko joerarekin alderatuta, festen izaera laburbiltzen duen ikonografia zabaldu egin du aurtengo aukeraketa egitean.
«Ez da lan erraza izan. Jai giroaren espiritua, gure hiriaren nortasuna eta mugak gainditzen dituen ospakizun baten indarra islatzen dituzte aukeratutako lanek», azaldu du Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziak, Kondestablearen jauregian egindako agerraldian.
Estilo, kolore eta formetan ere tradizioari ihes egin diote hautagaiek. Koloreen bizitasuna nagusi da guztietan, eta, ohiko zuri eta gorriaz gain, bestelako koloreek ere protagonismo handia bereganatu dute. Urdinak, esaterako. Festaren anonimotasuna, izaera kolektiboa eta alaitasuna ere azpimarratu dituzte, artearen baliabideak erabilita: taldearen mugimendua, aurpegirik gabeko gaita jotzailea, su artifizialen eta jendetzaren arteko oreka, suziri sinple bat...
Aurkezpenean, Belokik azpimarratu du kalitate artistikoa izateaz gain festen izaera «harrapatzeko gai» izan direla hamar hautagaiak. «Lan bakoitzak bere begirada propioa du, eta sanferminen esanahiari buruzko interpretazio bat proposatzen digu. Emozioa, topaketa, poza eta, nola ez, festa».
Hamar lan horien artean aukeratu beharko dute Iruñean erroldatuta dauden herritarrek, maiatzaren 4ra bitarte. Berez, asteleheneko gauerdira arte bozkatu ahalko dute Iruñeko Udalaren webgunean, Civivox sareko egoitzetan edo 010 telefonora deituta (948-42 01 00 telefonoa ere erabil daiteke). Civivoxen egoitzetan, hautetsontziak izango dituzte prest.
Aurten 488 lan aurkeztu dituzte lehiaketan, iaz baino bi gutxiago. Proposamen horietatik guztietatik 328 Euskal Herrikoak dira: zehazki, Nafarroatik heldu dira gehienak (291); Gipuzkoatik, hamazazpi; Bizkaitik, hamabost; eta Arabatik, bost. Normala denez, ia lanen erdiak Iruñean bertan egin dituzte. Gainerako lanak Euskal Herritik kanpokoak dira: Espainiatik 111 lan heldu dira; Herrialde Katalanetatik, 41; Estatu Batuetatik, hiru; eta Kanada, Frantzia, Erresuma Batua, Ekuador eta Andorratik, bana.
Generoari dagokionez, aurkeztutako lanen %57 gizonezkoek egin dituzte, eta %43 emakumeek. Adin tarteari erreparatuta, hemezortzi adingabek aurkeztu dute kartela; 19 eta 30 urte arteko 109 gaztek aurkeztu dute proposamena; 30 eta 49 urtekoek aurkeztu dituzte lan gehien (193); eta 50 urtetik gorakoen artean, 168 lanek parte hartu dute lehiaketan.
Hamar finalista daude aurten ere, eta irabazleak Iruñeko kaleak eta balkoiak janzteko ohorea izango du. Hauek dira hamar lanak.
1
Erritmoa eta pasioa

Epaimahaikideen arabera, biribila da, eta nortasun bisual indartsua du proposamenak. Irudiko minotauroak «festen elementu zeharo bereizgarriak» jasotzen ditu bere baitan: zezena, txupinazoa eta sanferminetako jantziak. Era berean, nabarmendu dute kolore paleta mugatua duela eta haren egileak Saul Blass diseinatzailea omendu nahi izan duela —hainbat kartel deigarriren egilea, hala nola Otto Preminger zinema zuzendariaren Anatomy of a murder filmarena—.
2
Elkarrekin

Azaldu dutenez, erabilitako margo teknikak gizatasuna eta pertsonalitatea ematen dizkio kartelaren diseinuari. Kartelean agertzen diren pertsonak elkarrekin daude, baina, aldi berean, kolore gorriak bereizten du haietako bakoitza besteengandik. Nolabait festaren joan-etorria islatu nahi izan du egileak. Karteleko letrak multzo horretako hutsunean ageri dira, beste pertsona bat egon behar lukeen tokian, irudiarekin berarekin bat eginez. Zerutik hartutako ikuspegiak osotasunaren indarra islatzen du.
3
Bakea eta maitasuna

Udalaren arabera, kartelak sanferminetako topikoen osagai formalak erabili ditu «jatorri errebeldeko sinbolo batean». Aipatu dutenez, kalterik egiten ez duen lotsagabekeria kontrolatu eta sinbolikoa darabil. Irudiaren ausardia goraipatu dute, ikusleari irribarre eginarazten diolako eta festa giroan sartzen duelako. Era berean, silueta soilak eta trazu dardarti eta zakarrak irudi zuzen eta biribila osatzen dute. Ez zaio falta kutsu atsegina.
4
Kuadrilla

Epaimahaikideen arabera, festen izaera islatzen du kartel horrek, uneen aberastasuna jasotzen baitu eta tradizioak eta bizipenak islatzen baititu. Haren dinamismoa nabarmendu dute. Konposizioa bizia da, festen izaera kolektiboa eta parte hartzailea adierazten duten eszenaz betea. Uste dute koloreek berotasuna eta energia ematen diotela irudiari. Elementuez gainezka dagoenez, horror vacui sentsazioa eragiten du, baina era berean festen intentsitatea eta eromena jasotzen du. Proposamena «oso adierazkorra» dela uste dute.
5
Esther Aratak koloreen, letren eta zenbakien nahasketa aurkezten du

Aipatu dutenez, proposamen hau ere «ausarta» da. Epaimahaikideen arabera, trazuen emozioak eta indarrak perfekzio teknikoak baino garrantzi handiagoa du. Kaleko grafitien tankera du, eta trazu azkarrekin uztartu du, «energiaz beteriko giro kaotiko eta gordina sortuta». Festan bigarren mailan aritzen diren kolektiboen ordezkari gisa ageri da Esther Arata erraldoia. Epaimahaikideen arabera, egoki irudikatzen du festen berezko kaos ordenatu eta herrikoia.
6
Festaren atalak

Oihal bizi baten modura agertzen dira sanferminak. Askotariko forma eta koloreen bidez, desberdinen arteko batasuna adierazi nahi du kartelak, pertsonak, uneak eta espazioak harilkatuz. Begirada irekiko lana da, eta ikusleari gonbita luzatzen dio soa pausatu eta nahieran interpretatzeko.
7
Zatoz, ikusi... bizi!

Kartel honetako protagonista Caravinagre kilikia da. Udaletxe plazaren erdian ageri da, zaldiko baten gainean. Ikusleak ez daki zaldikoaren gainean egon ohi den pertsonaren baimena ote duen edo kiliki ezagunaren beste keinu bihurri bat ez ote den. Konposizioak eta kilikiaren aurpegiak festetara etortzeko gonbita luzatzen dio ikusleari. Badu halako itxura tradizional bat margolanaren estiloak.
8
Sanferminetako postala: gau argitua

Kolpean, irudi luke Donostiako festak iragartzeko kartela izan daitekeela, baina, sanferminen egitarau oparoan, su artifizialek jendetza bildu ohi dute. Modu horretan, egileak ekinaldi hori azpimarratu nahi izan du, eta, behealdean jende multzoa irudikatuz, festaren izaera kolektiboa ere azpimarratu du. Konposizioa egoki antolatuta dagoela uste du epaimahaiak, begirada goitik behera zuzentzen duelako, argiz beteriko zerutik beheko jendetzara. Proposamen zaindua eta iradokitzailea dela uste dute.
9
Tradizioaren aurpegia

Gaita jotzaile anonimo bat ageri da kartelean. Epaimahaiaren arabera, konposizio klasiko eta dotorea da, eta aurpegirik gabeko musikariak omenaldia egiten die festetako doinu tradizionalei. Musikaren izaera anonimoa eta kolektiboa islatu nahi du irudiak. Bertan ageri den gaita jotzaileak Javier Lakuntzaren tankera du. Gaitaren bultzatzaile izan zen Lakuntza, eta berriki hil egin da. Omenaldi moduko bat da kartela.
10
Dena gorriz hasten da

Sinplea. Festetako beste ikono bat azpimarratzen du kartelak: suziria. Epaimahaikideen arabera, konposizioak bi kolore ditu, eta espazioa zeharkatzen du. Tipografia diskretua da, eta bere sinpletasunean «ederra» dela diote.