Jaiak. Santanak Olatzagutian

Jaietan, bazkariak binaka

Izen handiko musika taldeak arituko dira Olatzagutiko jaietan: Gose eta DJ Oihan Vega, besteak beste

2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Olatzagutian (Nafarroa) jaien bigarren eguna ospatuko dute gaur, Santa Ana egunean. Nola ez, egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Gastronomiak presentzia handia izango du egun guztian, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte horri lotuta. Jaiari behar bezalako hasiera emateko, hamabitakoa egingo dute, Santa Ana elkarteak antolatuta. 12:30ean, erraldoi eta buruhandiek kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, eta, ondoren, 13:00etan, Bermut kontzertua eskainiko du Di Sei Lirico taldeak, San Miguel plazan.

Eguerdian, herritarren tripa orroak lasaitzeko, bi bazkari egingo dituzte herrian, 14:30ean. Bata, erretiratu eta adinduentzako bazkaria izango da, eta Kamiogaina elkartean izango da. Bazkalondoan, gainera, dantzaldia egingo dute. Bestea, haurrentzako bazkaria izango da. Eguraldiak laguntzen badu, Sutegi parkean izango da; bestela, eskolako frontoian. Afalordua hurbildu ahala, kakahueteak, gazta eta ardo banaketa egingo dute. Elikagaiak zilarrezko katiluetan banatuko dituzte.

Gaua iristearekin bat, 00:30ean, musika ederraz gozatzeko aukera izango dute olatzagutiarrek. Gose Arrasateko taldeak kontzertua emango du Sarasate plazan. Trikitia eta musika elektronikoa nahastuko dira Olatzagutian barrena, gazte nahiz helduak dantzan jartzeko. Jarraian, Sarasate plazan bertan, Selektah Stepi taldearen txanda izango da. 01:45ean hasi eta 03:00 aldera arte iraungo du emanaldiak.

Haurrek ere hainbat ekitaldi izango dituzte egun osoan. Goizetik hasita, haur parkea izango dute, aspertu arte jolasean aritzeko. Super jumping-a, gaztelu puzgarriak eta zezen mekanikoa izango dira han, besteak beste. Gainera, apar festa ere egingo dute. Eguraldia kaskarra eginez gero, jolas parkea Erburua kiroldegian jarriko dute. Ordutegia 11:00etatik 13:30era eta 15:00etik 19:00etara bitartekoa izango da.

Izen handikoak, oholtzan

Goseren kontzertuak ase gabe uzten badu norbait, bihar Oihan Vega arituko da DJ lanetan, gauerditik 03:00etara, San Miguel plazan. Egungo musika modernoa jarriko du adin guztietako jendearentzat.

Igandean amaituko dira santanak Olatzagutian, eta egitaraua ikusita, agerikoa da festa giroa izango dela egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.