Jaietan ere, kirolari sena

Goizero antolatzen dituzte gazteentzako kirol jardunaldiak, Donostiako hainbat gunetan. Barreneak eta 3x3 saskibaloi txapelketak arrakasta izan dute, esate baterako, donostiarren artean.

Guztira, 25 taldek eman dute izena Sagueseko 3x3 saskibaloi txapelketan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Kirolari sena odolean daramatenek badute Donostiako Aste Nagusia modu osasuntsuan bizitzeko aukera; izan ere, egitarauak kirol eskaintza zabala eskaintzen du aurtengoan ere.

Iñaki Fernandez Alde Zaharra kirol elkarteko kidea eta eskoletako pilota irakasleak ia egunero eskaintzen ditu esku pilota ikastaroak eta, ondoren, barrene txapelketak: «Esku pilota uda sasoian izaten da ederra, Euskal Herriko herri eta auzoetako pilotalekuetan. Garai batean, pilotaleku ezagunenetan egiten zen barrene; eguneroko ohitura zen. Usadio hori modu askotara izendatu izan da, lekuaren arabera: errioxarrek a primis deitzen diote, zarauztarrek a fueras, bergararrek barru... Pilota munduan barrene jolas ezagunena izateaz gainera, elkartasuna bultzatzen duen jolasa da, edonor ibil daitekeelako. Pilotari ematen ez dakienak, esate baterako, sakatzeko aukera izaten du».

Egunero 20 bat zale biltzen ditu Fernandezek, Trinitate plazako pilotalekuan. Ikastaroak eta jolasak antolatzeaz gain, pilotari buruzko azalpenak ere ematen ditu. Herenegungo saioan, esate baterako, hamar zale bildu ziren adituarengana. Pilotalekua orduan margotzen ari baziren ere, bote luzea pilota jolasarekin ekin zioten jardunaldiari: «Urte osoan eskoletara joaten gara pilota ikastaroak eskaintzera; udan, berriz, Aste Nagusian antolatzen dugun eskaintza hau daukagu, eta hauetan konturatzen naiz interes gehien dutenak mutil koxkorrak izaten direla, baita turistak ere; pena da gainontzekoek honelako kirol aparta edukita, aintzat ez hartzea». Haritz Etxabe 7 urteko mutiko bergararra uda Donostian ari da igarotzen, eta ez du Fernandezen ikastaro bakar bat ere galtzen: «Udaberriko txapela aurten irabazi dudanetik, egunetik egunera gehiago gustatzen ari zait esku pilota».

Easo saskibaloi taldea asteartean hasi zen 3x3 saskibaloi txapelketak antolatzen, Saguesen. «Bost bat urte daramatzagu egitasmo honekin», azaldu du Gonzalo Martinez Easo saskibaloi taldeko kideak. «Kategoria bakoitzeko txapelketak egun bi irauten du; goizean, taldeen txapelketa egiten dugu, eta arratsaldean, berriz, txapelketaren kanporatzeak». Herenegun egin zuten bi eguneko jardunaldien sari banaketa. Gorka Gil elkarteko beste kideak azaldu du joan den urtetik 3x3 Aritz Vadillo Oroimenean izena eman diotela kirol egitasmoari, Easo saskibaloiko jokalaria auto istripu batean zendu zelako. Aurten, orotara, 25 taldek eman dute izena, baina ez dute helduen kategoria kontuan hartu: «Horri buruzko eskaera asko jaso ditugu, eta uste dut arrakasta izan dezakeela datozen urteetan», gehitu du Gilek. Parte hartzaileek ez dute soilik jardunaldi hauetako saskibaloi txapelketetan parte hartzen: «Gustatzen zaigu horrelakoetan parte hartzea, baina gure denbora librean ere aritzen gara saskibaloian», esan du Uxue Etxarte jokalariak.

Datozen kirol jardunaldiak

Bihar izango da, ordea, kirol egunik aberasgarriena: goiz goizetik areto futbola egingo dute Manteo udal kiroldegian, 09:00etatik aurrera. Hamabi ordukoa izango da hori. Hondartzako boleibol herri txapelketa ere egingo dute Zurriolako hondartzan, 10:00etan; baita itsas zaborra kanporatzeko egitasmoa ere, Nautikoan. 11:00etatik aurrera, VII. Marmitako Lehiaketa egingo dute Gipuzkoa plazan, eta Pasealeku Berriko igerialdia, kai muturretik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.