Sei urtetik gorako haurrentzako keinuzko antzezlana da Alabatxo.Jokin Oregik (1970, Soraluze, Gipuzkoa) idatzi du, eta hark zuzentzen du. Gaur, Berrizko kultur etxean (Bizkaia) emango dute, 18:00etatik aurrera.
Alabatxo ez ezik, aitatxo ere izan zitekeen lanaren izenburua ezta?
Bai, aitatxo ere izan zitekeen, baina alabatxo hitzarekin jokatu nahi izan dut. Izan ere, lanaren lehendabiziko zatian, badirudi izenak jaiotzear den haurrari egiten diola erreferentzia, baina haurra galtzen dutenean, ama bera bihurtzen da alabatxo. Gazteak etorkizunari begira egoten gara, eta iraganari muzin egiten diogu. Hori da nolabait islatu nahi duguna, nola adineko pertsonak gizartetik kanpo uzten ditugun nolabait. Baina iraganean kateatuta gelditu diren pertsonak ere orainaldiaren zati dira, euren ezaugarri bereziekin. Adinekoak kontuan hartzen dituen gizartea aberatsagoa da, ordea. Gogoeta hori piztu nahi du antzezlanak.
Hasierako ilusio eta dibertimendutik, depresio gordinera egiten dute salto sentimenduek.
Trama bihurritu egiten da. Desio duten errealitate hori gauzatukoez dela ikustean, pena agertzen da, baina mezu positiboa ere badu, Tomas zaharrak lagunduko baitio alabari pena horretatik ateratzen. Familiak bat egiten du nolabait; lehen, baztertuta sentitzen baitzen Tomas. Azkenean, alaba haurdun gelditzen da berriro, baina, oraingoan, denek nahi dute haur hori.
Ulertzen al dute haurrek aita eta alabaren arteko drama hori edo abortuaren kontzeptua bera?
Beti zalantza hori izaten dugu, baina umeek guk uste baino askoz gehiago ulertzen dute, eta ulertzen ez badute, galdetu egiten dute, jakin-mina dutelako, eta erantzun bat ematen jakin behar dugu. Antzezlanean ulermen maila ezberdinak lantzen saiatzen gara, umeak eta gurasoak pozarren egon daitezen, baina umeek normalean dena ulertzen dute. Gainera, askotan inguruan halako esperientziarik bizi dute; batzuek gordean igaro dute, beste batzuek kontatu egiten dute. Abortuak izatea gauza naturala da, eta sarritan gertatzen da.
Antzezlanak ikusle guztientzat izan nahi du gustagarri?
Horretan ahalegintzen gara. Gauza handia da gurasoak eta haurrak elkarrekin gozatzen ikustea, gauza berarekin barrez, eszena berekin hunkituta. Bien artean sortzen den lotura oso polita da.
Zein da antzezlanaren egitura?
Elkarrizketarik gabea da, baina horrek ez du esan nahi testurik ez duenik. Zer duzu negarrez Marie eta Robot maitea nire aurreko bi lanen lengoaia bera du. Egitura dramatiko bati jarraitzen diote, baina keinuek, musikak eta ekintzek hartzen dute garrantzia.
Zein leku du antzerkiak kulturan?
Pena da, baina ez ditugu behar bezala lantzen garrantzitsuak diren hainbat arlo. Antzerkiak hainbeste mende iraun badu, zerbaitengatik da; elementu sozializatzailea da, eta hausnarketarako bidea ematen duena.
Eta euskarak antzerkigintzan?
Zer garrantzi dauka gizartean? Ze indar ematen zaio? Ba antzerkia horren isla da.
Antzerki zaborra dagoela ikusten duzu?
Jakina antzerki zaborra badagoela. Errazkerian eror daiteke. Antzerkia komunikazio ekintza bat da; ganora, gaitasuna eta baliabideak behar dira lanak antzerkiratu eta ikusleari modu aberasgarrian helarazteko.
Jokin Oregi. Antzerki idazle eta zuzendaria
«Jakina antzerki zaborra badagoela; ganora, gaitasuna eta baliabideak behar dira»
'Alabatxo' antzezlanean, alaba eta aita baten arteko harreman gaiztotuak goxatzeko bidea aurkituko du abortu baten ondotik; haur baten galera harreman baten ernaberritzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu