Jaiak. Iruñeko sanferminak

Jandillak, ziztu bizian

Estafetatik aurrera aurrea hartu dute Jandilla ganadutegiko zezenek, eta erritmo eutsiezina jarri dute. Bost lagun ospitaleratu dituzte, eta haietako bat San Martin Doktorearen osasun zentrora eraman dute.

Zezenak aurretik Estafetan. JON URBE / FOKU
Zezenak aurretik Estafetan. JON URBE / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko uztailaren 11
08:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi minutu eta hemeretzi segundo. Arrapaladan zeharkatu dute San Domingoko aldapatik zezen plazarainoko tartea. Jandilla ganadutegiko zezenek hain azkar egin dute korrika, ibilbidea ederki ezagutzen dituzten joaldunek ezin izan baitiete haiei segitu. Horregatik, denbora ofiziala baino azkarrago osatu dute entzierroa sei zezenek.

Atletismo lasterketa bat irudi zuen. Suziriak eman dio hasiera, eta betiko legez oso azkar egin dute gora. Malda izanik, bertan izaten diren lasterkariek nahikoa lan bazuten metroren batzuk egin eta alboetara egiteko. Haietako batek ia lesio lazgarria izan du. Udaletxearen goialdean, multzoaren aurretik zeharkatzerakoan, hormaren aurka jo du; errebotatu, eta zezenetako batek adarrarekin gogor bulkatu du jarraian. Kolpe gogorra hartu du, baina zezenak ez du adarkatu.

Mercaderesko bihurgunea elkarrekin hartu dute zezenek, guztiek bat eginda, zezen handi bakar bat osatuko balute bezala. Puntu hori izan da lasterketako mugarria. Izan ere, Estafetatik aurrera, gaztaina koloreko zezenetako batek, joaldunek ezarritako erritmoa motela zelakoan, bere kabuz joatea erabaki du, eta anaiek haren atzetik jo dute.

Abiadura horretan, zezenek lasterkariak zanpatzeko arriskua egon da. Brasilgo selekzioaren kamiseta zeraman gazte bat mirariz libratu da, eta ia ukitu baitu adarretako batek. Beste lasterkari batek, lasterketa motza osatu ondotik, alborantz egitea erabaki du, eta taldearen buru zihoan zezenaren ondotik pasatu da. Hark burua altxatu du, eta bere erabakiz ez dio ezer egin. Adarkatu zezakeen.

Aurretik eta bereizita

Taldea sakabanatu egin da, eta korrikalariek gustuko izaten duten bezala kokatu da: zezenak aurretik eta bereizita. Amaieran abiadura apur bat galdu dute, baina arriskua ez da desagertu inondik inora. Jende pilaketak eta erorikoak izan dira. Zezenak ere erori dira, baina une oro aurrera egin dute, ingurukoari erreparatu gabe. Plazara iritsi ahala, zuzenean jo dute ukuiluetara.

Gurutze Gorriaren lehen datuen arabera, bost lagun ospitaleratu dituzte kolpeek eraginda. Haietako bat San Martin Doktorearen osasun etxe berezira eraman dute, eta gainerakoak, Nafarroako Ospitale Unibertsitariora. Haietako bat Udaletxe plazan zauritu da, beste bi Mercadereseko arreta gunean artatu dituzte, eta azken biak, Espoz Mina kalekoan.

(ID_15135490) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-07-11, Iruñea. Sanferminak, San Fermin
Zezenen aurretik lasterka egiteko aukera izan dute korrikalariek. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.