Gotzon Arrizabalaga: «Jarraitu egin behar dugu unibertsalak izan diren testuak euskarara itzultzen»

Filosofia irakasle aritu da urte luzez Arrizabalaga, eta datorren urtean hartuko du erretiroa. Filosofia testu ugari itzuli ditu. Musikaren alorrean lan handia egin du, Donostiako Orfeoian bereziki.

Gotzon Arrizabalaga filosofia irakaslea, Donostian, apirilaren 10ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gotzon Arrizabalaga filosofia irakaslea, Donostian, apirilaren 10ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Patxadaz eta gertuko hitz egiten du Gotzon Arrizabalagak (Lezo, Gipuzkoa, 1961). Badira 27 urte Gipuzkoako hiriburuan bizi dela, eta bizi den etxetik hurbileko taberna batean hasi da elkarrizketako galderei erantzuten. Eskuetan dakar argitaratu duen azken itzulpena: Johannes Keplerren Munduaren harmonia.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Nahiko oroitzapen polita daukat. Etxean jende asko ginen: hamazazpi. Anai-arrebez gain, izeba-osabak, amona.... Beti egon izan naiz jendearen artean. Txikitan, denbora asko ematen genuen kalean, Lezon, bai Kale Nagusian, bai frontoian, bai plazan. Jaizkibel mendi aldera ere joaten ginen.

Kalean haztea oinarri ona al da?

Bai, funtsezkoa. Nortasun guztia baldintzatu egiten du horrek. Haurtzaroko kuadrillarekin ere elkartzen naiz gaur egun. Kaleko sozializazioak erakusten dizu nola jokatu behar duzun. Lege ilun batzuk daude, eta horiek errespetatu behar dira.

Ikasketak non egin zenituen?

Eskola publikoetan, Lezon, dena gaztelaniaz. Gero Don Boscora joan nintzen, Errenteriara; ondotik, Errenteriako Institutura; mugida handiko garaiak ziren. Eta unibertsitateko ikasketak Zorroagan egin nituen, Donostian: Filosofia.

Institutuan zinen garaian, 1970eko hamarkadaren bigarren partean, mugimendu politiko handia zegoen Errenteria aldean. Nola bizi izan zenuen garai hura? 

Oso urte gogorrak ziren. Egunero batzarrak genituen; Franco diktadorea hil zen garaia zen. Polizia ia astero sartzen zen han. Errenteria bera erresistentziaren nukleo bat ere bazen. Eta gu primerako lekuko izan ginen; horrek ere markatzen du. 

Filosofiara nola zaletu zinen?

Ia-ia txiripaz. Etxean zegoena zegoen, eta argi nuen unibertsitate publikora eta Donostiara joango nintzela. Filosofia, Psikologia eta Pedagogia Fakultatea sortu berria zen, eta psikologia ikastea nuen buruan hasieran. Baina lehen kurtsoan ikusita zer irakasle zeuden, konturatu nintzen benetan filosofia nahi nuela ikasi. Irakasle oso onak izan nituen. Kanpotik ere izen handiak zetozen, eta, ikuspuntu intelektual baten aldetik, garai oso bizia izan zen.

Eta musikara, nola?

Hori senez izan zela esango nuke. Familia handia ginen etxean, eta beti entzuten nituen senideak kantuan. Elizako kantak abesten ziren, baina lau ahotsetara eta guzti. Gero, 14-15 urte nituela, Pink Floyd taldearen disko bat entzun nuen. Elizako organo batekin hasten da diskoa, eta txundituta gelditu nintzen. Berehala esan nion neure buruari hori egin nahi nuela. Aita sakristaua zenez, herriko elizako organora eramateko eskatu nion, eta han hasi nintzen organoa jotzen, pixkanaka, neure kabuz. Patxi Intxaurrandietarekin ere urtebetez aritu nintzen ikasten. Konturatu nintzen musika berehala ulertzen nuela, eta solfeoa eta teknika ere erraz ikasten nituela. Musikan autodidakta izan naizela esan dezaket. Nirekin bat doa musika.

Unibertsitateko ikasketen ondoren, nola hasi zinen lanean?

Ikasten ari nintzen bitartean, lan txiki batzuk egin nituen: propaganda banatu, seguruak kobratu, portuan deskarga lanak egin... Baina ikasketak amaitu berritan, filosofia euskaraz irakasteko plazak atera ziren, eta irakasle batek izena ematera animatu ninduen. Aurkeztu, atera, eta orain arte aritu naiz Irakasle Fakultatean. 

Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin ondoren, filosofia euskaraz irakasteko lanak hartuko zenituen?

Lan asko hartu behar izan genituen, bai, eta itzulpen asko egin. Interesekoak genituen testuak euskarara itzuli genituen. Zorionez, gero arlo hori sendotu egin da; klasikoen bildumak argitaratu dira. Uholde bat izan da hori guztia. Gaur egun ere itzulpen horiek egiten jarraitzen dut. Ez diot sekula lana egiteari utziko. Autore klasiko batzuen tratatu musiko-filosofikoak ari naiz ateratzen, neure kabuz. Liburutegi publikoetan banatzen ditut, baita Eresbil eta Musikenen ere.

Keplerren Munduaren harmonia ekarri duzu hona. Zein da Keplerren tesi nagusia?

Mundu guztia harmonia bat dela, mundua harmonia musikal horretan oinarritzen dela; baina testua oso konplexua da. Keplerrek uste du planeten biraketak poligono erregularren bidez antolatzen direla. Musikarekin zerikusia duen partean, planeta bakoitzari musika nota bat esleitzen dio, eta nota horiek guztiak biran dabiltzanean osatzen dute harmonia bat. Esferen harmonia, alegia.

Filosofiak hezkuntzan zer bilakaera izan du azken hamarkadetan?

Gorabeherak izan ditu. Batzuetan, badirudi gorantz doala, eta, bestetan, behera. Gaur egun, ez zaio garrantzirik ematen filosofiari. Herritar gehienek ez dute filosofiari buruzko kontzepziorik; kontzepzio oso laua, izatekotan. Filosofiak gogoeta handia eskatzen du, eta pertsona batek gogoetatsu bihurtu behar du filosofian aritzeko. Patxada eta denbora ere eskatzen du filosofiak, eta gauzak bere oinarrian pentsatzea.

Gotzon Arrizabalaga musikari eta filosofia irakaslea
Gotzon Arrizabalaga filosofia irakaslea, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Antzinako filosofia eta musikaren filosofia erakutsi izan dituzu unibertsitatean. Zer dago musikaren filosofiaren atzean?

Mendebaldeko filosofiaren historian, lehenengo filosofoek olerki batzuk idatzi zituzten, eta esaten da horiek abestu egiten zituztela. Hasiera-hasieratik, erritmoa eta intonazioa nahiko musikalak ziren. Bere buruari filosofo izena jarri zion aurrenekoa Pitagoras izan zen, eta berak sekulako garrantzia eman zion musikari. Haientzat kaosetik ihes egiteko eredu bat zen musika. Filosofiaren hasieran, musika oso presente zegoen, bai ikuspegi formaletik, eta baita eduki aldetik ere. Filosofia eta musika oso lotuta daude. Kultura modernoan, Schopenhauer eta Nietzsche filosofoek esaten zuten filosofiaren gainetik dagoen metafisika musika dela. Haiek zioten musikaren bidez errebelatu edo azaltzen dela munduaren funtsa, esentzia. Borondatearen espresiorik egiazkoena musikan ageri dela zioten.

«Musika fenomeno oso indartsua da gizakiarentzat. Emozioak izateko, musika lehen mailako eragile bat da»

Zuk zeuk zer zentzutan sentitzen dituzu harmonian musika eta filosofia?

Pitagorikoa naiz. Musika fenomeno oso indartsua da gizakiarentzat. Emozioak izateko, musika lehen mailako eragile bat da. Drogak eragin dezakeen baino gehiago eragiten du. Filosofo bezala, haren alde teorikoa interesatzen zait. Egitura sendo batzuk erakusten dizkizu: musikak adierazten dituen harremanak betirako dira.

Musikaren arloan zeregin eta ardura batzuk izan dituzu. Kasurako, Donostiako Orfeoian sartzeak zer ekarri dizu?

26 urte nituen orduan, eta, agian bizitzan zerbait falta zitzaidalako edo, Donostiako Orfeoira joan nintzen. Onartu ninduten, eta kantuaren teknika ikasten hasi nintzen. Bertako zuzendariak aipatu zidan Aiete auzoko Gurutzeaga abesbatzak zuzendaria behar zuela eta ea hartuko nuen; nire lehen erantzuna izan zen ez nengoela prest horretarako. Animatu nintzen, ordea, eta ikusi nuen ahots desberdinak entzun eta haiei nola egin behar zen esatea berez etortzen zitzaidala. Hau da, banuela horretarako trebetasun minimo bat. Gero, Donostiako Orfeoikoek eskatu zidaten gazteak prestatzeko. Horretan jarraitzen dut gaur egun ere.

Ahotsa musika tresna berezia da, ezta?

Musika tresnak baino lehen, ahotsa zegoen. Ahotsik gabe, ez dago musikarik. Teoria antropologiko batzuek diote lehen gizakiek, hizketan hasi aurretik, hizkera musikal bat egiten zutela. Kantuaren antzeko batekin komunikatzen ziren. Bitxia da, baina ez da erokeria. Arima zuzen-zuzenean adierazten da ahotsez.

Zer du berezia Donostiako Orfeoiak beste abesbatza batzuen aldean?

Batetik, 125 urteko historia luzea. Gero, ez da talde profesionala. Baina gakoa da zuzendaritzan aritu direnak oso adituak izan direla. Etengabeko berrikuntza ere egon da, eta hainbat adinetako kideak ari dira bertan. Parisen aritu gara berriki kantatzen, eta sekulakoa izan da. Orfeoiak unibertsaltasun bat ematen dio euskal kantuari, besteek ematen ez diotena. Ramon Saizarbitoriak behin esan zuen Donostiako Orfeoia dela kultur enbaxadorerik onena. Harrera oso ona izan dugu beti, leku askotan.

Ganbara orkestra baten zuzendari ere izan zinen: Conjunto Barroco. Zer moduz ardura horretan?

Zalantzak nituen hasieran. Baina jotzen ari zirena eta partiturak ikusi, eta berehala konturatu nintzen hobeto egin genezakeela. Orkestra horretan hamabost urte inguru egin nituen.

Idazten eta itzultzen asko disfrutatzen al duzu?

Batez ere itzulpenetan. Ni ez naiz idazlea. Itzulpengintzako lana oraindik, tamalez, egin behar dela uste dut. 

Filosofia irakasle batzuk izan dituzu gertu, genero desberdinetako liburuak idatzi dituztenak: Juan Ramon Makuso, Agustin Arrieta Urtizberea...

Niretzat lagunak dira horiek, eta zoragarria da hori. Makusok, Arrietak, Antton Baztarrikak eta laurok talde bat osatu genuen, oso ederra. Makusoren eta Arrietaren liburuak oso gustura irakurtzen ditut beti.

Filosofiaren irakaskuntzan hasi behar duenari zer gomendatuko zenioke?

Jatorra izatea. Esan nahi dut, benetan barnean duena adierazten saiatzea. Liburuetan dauden edukiak transmititzea bakarrik ez, filosofian agertu diren autoreak tratatzea bakarrik ez, baizik eta bera filosofo bihurtzea, eta barrutik auzitan jarri behar direnak mahai gainean jartzea. Zintzotasunez jokatzea ere gomendatuko nioke. Eta zerbait ez badakizu, adierazi. Zintzotasun intelektuala da garrantzitsuena.

Gerra hotsak dira munduan, Donald Trump tartean. Musikak eta filosofiak balio al dute salbaziorako?

Ez, kasu horretan ez, ez dute ezertarako balio. Gizabanako bakar batentzat izan daitezke salbaziorako tresna musika eta filosofia, bakoitzarentzat. Baina munduan indar gordinagoak daude. Kapitalismoak musika eta filosofia onartzen ditu, baina sistemak bereak egingo ditu. Gerrak egin behar badituzte, gerrak izango dira. Ez naiz oso idealista.

Gizadiak ba al du salbaziorik? 

Zer da salbazioa? Mundu baketsu batean bizitzea?

Adibidez.

Ezinezkoa. Bizitza berez biolentzia da. Jaiotza, bizitza bera, ekintza biolento batekin hasten da. Gizaki batzuek besteak jaten dituzte, arlo guztietan dago borroka hori. Darwinen teoria dago hor. Kapitalismoaren logikak, berehalako etekinaren sistemak, bere horretan jarraitzen du.

Galdera zehatz eta errazago bat, amaitzeko: zein izango da euskarara itzuliko duzun hurrengo filosofoa?

Descartes. Gaztetan Musika konpendioa izeneko testu bat idatzi zuen. Bere bizitzan idatzi zuen lehen tratatua da; ez da oso ezaguna, eta hori itzuliko dut. 

Asko falta da itzultzeko.

Euskara arriskuan dagoen bitartean, euskal kultura beti egongo da arriskuan. Gauza asko egin dira, baina asko falta dira oraindik egiteko. Jarraitu egin behar dugu unibertsalak izan diren tratatuak eta testuak euskarara itzultzen eta euskal irakurleei eskaintzen.

  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA