Jatorrizko arkitektura mantentzeko nahia

Mundu osoko ikasle eta irakasleak bi astez izan dira 'Navarre traditional architecture' udako ikastaroan, Amaiurren. Baztango arkitektura, eraikuntza eta hirigintza tradizionalak aztertu dituzte. Ezinbestekotzat daukate horiei bizirik eustea.

Amaiur
2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Baztango ibarra (Nafarroa) ezaguna da estilo tradizionaleko eraikinez betetako paisaiak izateagatik. Horiek aztertzeko antolatu dute Navarre traditional architecture udako ikastaroa INTBAU arkitektura tradizionaleko elkarteak eta Rafael Manzano Arkitektura Sariak, hainbat unibertsitateren eta udalen babesarekin. Uztailaren 17tik 30era izan da, Amaiurren, eta, gehienbat, arkitektura ikasleek nahiz irakasleek hartu dute parte. Mundu osoko lagunak bildu dira; besteak beste, txinatarrak, filipinarrak, australiarrak, estatubatuarrak... Eraikuntza tradizionalaren arloan gehiago sakondu nahiak bildu ditu Baztanera. Ingeles hutsean egin dute ikastaroa, ikasle guztientzat modurik errazena delakoan.

Baztan osoan ibili dira ia bi astez bertako arkitektura, eraikuntza eta hirigintza aztertzen. Haien betekizun nagusiak eraikinen marrazkiak egitea eta datuak biltzea izan dira. Hortaz, herrietako kaleetan eserita, etxebizitzei begira pasatu dituzte ordu gehien, koadernoa, erregela eta arkatza eskuan. Marrazki horiek guztiakeskaneatu ondoren, erakusketa bat egin zuten ikastaroaren azken egunean, Amaiurren.

Arkitektura tradizionala gaurko eta etorkizuneko eraikuntzarentzat eredu bilakatzea da ikastaroaren antolatzaileen helburu nagusia. Hots, egun nagusi diren eraikin modernoen aldean, estilo tradizionala mantentzearen garrantzia nabarmendu nahi dute. Tokian tokiko materialen erabilera ere sustatu nahi dute. Alejandro Garcia ikastaroaren antolatzaileetako batek azaldu duenez, «ez da gauza bera, adibidez, Baztango etxe baten zutabeak egiteko hormigoia erabiltzea edo bertako harrobietako harriak baliatzea. Paisaiarekiko oreka edo harmonia ez da hautsi behar».

Baztango etxeak eredu

Lau urte daramatzate erakundeek arkitektura tradizionalaren inguruko udako ikastaroak antolatzen, eta aurtengoa Baztanen egin dute. Garcia madrildarra da. Lagun duen Nafarroako Unibertsitateko irakasle batek Amaiur bisitatzera eraman zuen behin, eta inguruko arkitekturarekin eta paisaiarekin maiteminduta geratu zen. Gainera, harrituta utzi zuen estilo tradizionaleko etxeak horren ongi kontserbatu izanak. Horregatik erabaki zuen aurtenikasleak Nafarroako iparraldeko ibar horretara eramatea.

Madrilen bildu ostean, autobusez heldu ziren Nafarroara, eta ,Baztanera iritsi aurretik, Erriberri eta Uxue bisitatu zituzten, Nafarroako erdialdean arkitektura tradizionala hobekien mantendu duten herrietako bi. Ikastaroan ibili den lagunetako bat da Cristina Martin-Consuegra, Toledoko (Espainia) arkitektura ikaslea. Oraindik arkitektoa ez den arren, interes handia du arkitektura tradizionalean, eta esparru horretan gehiago sakontzeko aukera aparta ikusi du uda ikastaroan: «Oso esperientzia polita izan da. Nire interes berak dituen mundu osoko jendea ezagutu dut. Eta oso garrantzitsua iruditzen zait hemen egiten dugun lana. Arkitektura tradizionala denok zaindu eta mantendu behar dugun zerbait da, herri baten isla delako».

Asteotan bildutako emaitzekin, Baztango arkitekturaren kontserbaziorako eta estilo tradizionaleko eraikuntza berriarentzako gidaliburu bat osatu dute. Udalak, datozen urteetan, museo bat eraikitzeko asmoa du Amaiurren; besteak beste, gazteluaren indusketetan aurkitutako guztia ikusgai jartzeko. Metalezko eta kristalezko eraikin moderno bat egitea zen udalaren asmoa, baina ikastarokoei ez zaie ongi iruditu, herriko gainontzeko eraikinekin ez lukeelako bat egingo. Hortaz, alternatiba bat proposatu dute, estilo tradizionalarekiko fidelagoa. Horrekin batera, Amaiurren dauden hainbat hirigintza arazori irtenbidea bilatzen lagundu diote udalari.

Ikastaroan, arkitektura eta historia munduko hainbat adituren hitzaldiak ere antolatu dituzte ikasleentzat, ingelesez. Portugaldik, Espainiatik eta AEBetatik etorri dira, hainbat gairi buruz hitz egitera. Besteak beste, Portugalgo Alentejo zonaldeko arkitektura tradizionala hitzaldia egin du Jose Baganha Portugalgo INTBAUko kideak, eta Frank Martinez Miamiko (AEB) Unibertsitateko irakasleak Tradizioa, memoria historikoa eta praktika deiturikoa.

Euskaldun batzuek ere hartu dute parte hitzaldietan: adibidez, Jose Maria Imizkoz EHUko Historia irakasleak Baztango habitataren sorrerari buruzkoa egin du, eta Juan Mari Aleman eta Gabriel Laborda arkitekto baztandarrek, berriz, Baztango baserrien alderdi arkitektonikoak azaldu dizkiete parte hartzaileei. Ikasleei «deigarria eta polita» iruditu zaie Baztango kaleetan entzun duten hizkuntza. Izan ere, urrutitik zetozen askok ez zuten euskararen berri, eta uste zuten gaztelania baino ez zutela entzungo. Halaber, Garciari atentzioa eman dio etxe bakoitzak izen propioa izateak: «Horrek erakusten du etxeak kultura honetan duen garrantzia. Izan ere, etxea ez zen soilik bizileku bat, fabrika moduko bat ere bazen, produkzio unitate bat. Eta belaunaldiz belaunaldi igaro izan da beti. Kasu askotan, etxe zahar bat eraisten zuten lekuan berri bat eraikitzen zutenean, lehengo izen bera jartzen zioten berriari».

Filantropo baten laguntza

INTBAUk eta Rafael Manzano Arkitektura Sariak antolatutako uda ikastaroen sustatzaile nagusia Richard H. Driehaus filantropo estatubatuar aberatsa da. Driehaus Capital Management LLC sozietatearen sortzaile eta jabea da, eta tradiziozko arkitekturaren babesle sutsua. Era askotako proiektu ugari finantzatu ditu interes ekonomikorik gabe. 1984. urtetik darama urtero lau milioi dolar inguruko donazioak egiten, eta jadanik 92 milioi dolar eman ditu.

2003tik aurrera, Notre Dameko unibertsitateak (AEB) urtero ematen duen arkitektura sari batek Driehausen izena darama, hark ezarri zuelako. Arkitektura klasikoaren edo tradizionalaren esparruan gailentzen den norbaiti ematen diote. Zera esan zuen Driehausek saria ezarri zuenean: «Nire ustez, arkitekturak giza eskalakoa izan beharko luke, norbanakoaren adierazgarria eta herri baten ondare arkitektonikoaren isla. Arkitektura klasikoan, inguratzen nauten eraikin garaikideetan aurkitzen ez dudan proportzio, edertasun eta harmonia dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.