Seriea. Manuel Intxausti (II)

Jatsun osatutako familia

Manuel Intxaustik Lurdes Euzko Aur-Etxea sortu zuen Jatsun, eta gerrako 34 haurrentzako aterpe izan zen 1937tik 1939ra; Jon Urutxurtuk horren berri jaso du liburu batean. Jatsuko umeetako bakar bat da bizirik, Luisa Juanbeltz: «Oso ondo zainduta geunden».

Lourdes Euzko Aur-Etxeko haurrak eta langileak, Jatsun. EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA
Lourdes Euzko Aur-Etxeko haurrak eta langileak, Jatsun. EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia - Uztaritze
2026ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

«Ni Errenteriakoa naiz, familia abertzale batekoa. Gerra piztu zenean, Bilbora ihes egin genuen amak, nire anaia Patxik, nire ahizpa Maddik eta nik neuk. Gaizki pasatu genuen... Kolonietara joaten ginen jatera; amari soldaduen galtzak ematen zizkioten, josteko. Sirenak entzuten genituen... Behin gogoratzen naiz zulo batean sartu ginela, pin-pun hotsak entzuten genituela; nabaritzen genituen. Ateratzeko sirenak jotzean irteten ginen. Ikusten genituen hanka bat han eta bestea hemen... Behin ur ontzi bat hartu genuen, eta bestaldera joan ginen hiru senideok, ama Bilbon utzita. Lehenengo gauetan negar asko egiten genuen, baina gero jostari ibili ginen: beti jostatzen ibiltzen ginen. Ikusi egiten ditut oraindik irudiak».

Luisa Juanbeltzek 6-7 urte zituen Jatsuko Lurdes Euzko Aur-Etxea koloniara (Lapurdi) joan zenean. Gerrako haur bat da, eta, azala jada zimurtua duen arren, «gaur balitz bezala» datozkio burura 1937tik 1939ra gerrako umeentzako kolonia horretan bizitakoak. Manuel Intxaustik eta Ana Belen Larraurik bultzatu eta finantzatu zuten kolonia horretan egon ziren 34 haurretako bat da; bizirik geratzen den azkena. «Oso ondo zainduta geunden, eta maiz etorri egiten zaizkit han bizitako gauzak. Markatu egiten du», kontatu du Juanbeltzek.

Luisa Juanbeltz, Jatsuko koloniaren sarreran, baserritarrez jantzita. MYA
Luisa Juanbeltz, Jatsuko koloniaren sarreran, baserritar jantzita. MYA

1936ko gerra piztu zenean, Intxausti eta haren familia Lapurdira joan ziren ihesean, eta Donibane Lohizuneko hotel batean egon ziren hasieran, baina Uztaritzeko Intxausti-Baita etxean instalatu ziren gero. «Gerra sortu zenez, Intxaustik uste zuen euskaldunen alde zerbait egin behar zuela, eta proposamen hau egin zion Doroteo Ziaurrizi, EAJren EBBko presidenteari: prest zegoen 30 bat ume hartzeko eta bere kontura mantentzeko», azaldu du Jon Urutxurtu ikertzaileak; berriki argitaratu du Jatsuko koloniari buruzko liburu bat: Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonia (Jatsu, 1937-1939).

Gerrako umeentzako kolonia ugari egon ziren garai hartan, ez soilik Euskal Herrian, baita atzerrian ere. Gutxi izan ziren, ordea, partikular batek bultzatuak eta finantzatuak: «Eusko Alderdi Jeltzaleko jendearekin harreman estua zeukan, baina inoiz ez zen izan afiliatua». Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren menpeko kolonia bat zen arren, autonomia zuen. «Bera ez zen batere politika zalea: giza zalea zen, eta Euskal Herriarekin maitemindu zen», haren alaba Miren Intxaustiren arabera.

1937ko ekainaren 6an Santurtziko portutik atera zen Habana transatlantikoan joan ziren Iparraldera Jatsun egongo ziren 34 haurretako 30. Tartean zen Juanbeltz, eta baita Izaskun Angoitiaren ama ere. «Gure ama Arantza Goikoetxea zen, Zeanurikoa, eta Jatsuko kolonian egon zen 1937tik 1939ra. Hamar urte zituela joan zen horra, bere anaia Mikel eta bere ahizpa Elixabeterekin, eta beren lehengusu Alex Mendibilekin. Intxaustik eskatzen zuen senideak batera joatea, ez bidaltzea umeak bakarrik. Horretan oso sentibera zen, eta horrela joan ziren», kontatu du Angoitiak.

Goikoetxeatarren aita, Eleuterio Goikoetxea, Zeanuriko alkate abertzalea zen gerra piztu zenean. «Frankistak atzetik zeuzkan, eta Larrinagako kartzelan sartu zuten. Egoera horretan joan zen nire ama Jatsura, nazionalak Zeanurira iritsita zeudela. Haren ama Guillerma Uriartek zortzi seme-alaba zituen, eta laguntza hori, hiru ume behintzat Jatsura eraman ahal izatea, izugarria izan zen harentzat», azaldu du Angoitiak. Gogoan ditu, gainera, amak kontatutakoak: «Amak gogoratzen zuen itsasontzian joan zirela, lotan, bidaia luzea eginda. Eta beti oso ondo zaindu zituztela esaten zuen. Nire ama miopea zen, eta antiojoak jarri zizkioten. Osasuna oso ondo zaintzen zuten kolonian». Lehen 30 haurrak etorri eta gutxira batu zitzaizkien beste laurak.

Maritxu Barriola, andereño

Maritxu Barriola donostiarra erbesteratuta zegoen Iparraldean, eta bere burua aurkeztu zion Intxaustiri, kolonian lan egiteko: euskara, gaztelania eta frantsesa zekizkien, eta erizain titulua zeukan. «Intxaustik onartu egin zuen, eta arduradun jarri zuen», kontatu du Koro Rekartek, Barriolaren ilobak. «Izebak esaten zuen Jatsuko eraikina ukuilu bat bezalakoa zela hasieran, eta haurrak iritsi baino lehen dena antolatu eta jarri zutela. Izugarrizko lana». Rekarteren ama, Miren Koro Barriola, andereño laguntzailea izan zen, eta Urkiola ahizpak ziren beste andereñoak. «Oso ondo eramaten zuten antolaketa guztia, eta arazoak: umeak gaixo jartzen baziren, adibidez», esan du Rekartek.

Intxaustiren bizitzako ardatz nagusiak —eta garai hartako gainerako abertzale gehienenak— kristautasuna eta euskaltzaletasuna ziren, eta horien arabera antolatu zuten koloniako heziketa osoa. «Haientzat oinarrizkoa zen euskara mantentzea: ahalegindu ziren beti dena euskaraz egiten», nabarmendu du Urutxurtuk. «Dena euskaraz egiten genuen, baina denok ez genuen dena berdin egiten. Hasieran, Bermeokoen euskara ulertzeko komeriak edukitzen genituen. Zer da hori? Zer esan du horrek? Andereño Maritxuk eta Korok laguntzen ziguten, eta berehala hartu genuen», kontatu du Juanbeltzek.

«Mezetara maiz joaten ginen. Guk abestean, ‘Gora Euskal Herria!’ esaten genuen, eta Jatsuko bizilagunek ‘eta Frantzia!’. Horrela ibiltzen ginen igandeetan»

LUISA JUANBELTZLurdes Euzko Aur-Etxeko umea

Erlijioak ere garrantzi handia zuen kolonian. «Mezetara maiz joaten ginen, eta aitortzera ere bai. Eliza txiki bat da, eta lehen bizitza eta bigarrena hango jendearentzat ziren, eta gu goiko lekuan egoten ginen. Guk abestean, ‘Gora Euskal Herria!’ esaten genuen, eta haiek ‘eta Frantzia!’. Horrela ibiltzen ginen igandeetan», gogoratu du Juanbeltzek. «Garai hartan Ibarnegaraik [Jean, eskuin muturreko politikari ultrakatoliko baxenabartarra] Francoren aldeko propaganda handia egin zuen, eta Jatsuko bizilagunek hasieran mesfidantza izan zuten koloniakoekin. Jabetu zirenean mezetara joaten zirela, jarrera hobea eduki zuten», azaldu du Urutxurtuk.

Euskal dantzak ere egiten zituzten, eta herriz herri ibili izan ziren haiek erakusten. «Mutilek beren dantzak, eta neskek gureak», zehaztu du Juanbeltzek. Ez zen sexuaren arabera egindako banaketa bakarra: adibidez, ur bila joaten zirenak mutilak ziren, eta josten aritzen zirenak, neskak. «Alfonbra handi bat egin genuen lauburuarekin, izugarri polita. Don Manueli eman genion opari», kontatu du Juanbeltzek. Angoitiak oroitu du amak esaten ziola alfonbra hori gero Mathieu gotzainari eman ziotela; hark gidatu zuen Jose Antonio Agirre lehendakariaren hileta elizkizuna bi hamarkada geroago.

Koloniako ume batzuk, marrazten ikasten. MYA
Koloniako ume batzuk, marrazten ikasten. MYA

Jose Azurza zen beste irakasle bat; Ricardo Leizaolak inprentako lana erakutsi zien umeei —Itxartu aldizkaria egiten zuten—; Jose Maria Etxezarretak, argazkilaritza, eta Gelasio Aranburu apaizak, musika. Antolaketa ere nabarmendu du Urutxurtuk: «Intxaustik, kolonia sortu eta urtebetera, barne araudi bat idatzi zuen. Beste kolonia batzuetan, itxura batean, ez zegoen horrelakorik».

1939an gerra bukatu zen, eta, harekin, kolonia ere bai. Gutxinaka-gutxinaka etxera itzultzen hasi ziren umeak. Juanbeltzek gogoan du une hura: «Aita eta ama Hendaiako mugara joan ziren, eta han ikusi genuen elkar. Hunkigarria izan zen».

Bakoitzak bere bizitzarekin segitu zuen, batean zein bestean, harik eta 1952an berriro elkartu ziren arte. Izan ere, Intxausti familiak hasieratik eutsi zion han egondako 34 haurrekiko harremanari. «Ahizpak pasatu ginenean, ikurrin handi bat eman ziguten, eta argazkia atera genuen. Ilusioa egin zigun. Denak ikusi, denek abestu...», gogoratu du, irribarrez, Juanbeltzek. 1979an berriro elkartu ziren, eta handik aurrera, pare bat urtean behin.

Lotura iraunkorra

Angoitia bere ama alargundu zenean hasi zen harekin bilkura haietara joaten. «Bertatik bertara ikustea han protagonistak nola elkartzen ziren, haien artean zegoen adiskidetasuna... Bi urte horietan familia bat osatu zuten. Juntadizoetan, meza egiten zen, bazkaria eta Intxausti-Baita etxera: kontu-kontari. Umetu egiten ziren, kantuan eta dantzan. Atzera egiten zuten, eta oso ondo pasatzen zuten». Eta hona Angoitiari otordu horietan burura etortzen zitzaiona: «Hau dena gurekin bukatuko da. Guk ezagutu dugu, eta akabo, ezta? Horrela joango da».

Bada, ez: «Ausartu nintzen Mireni esaten hau dena atera behar genuela: ‘Zure aitari aitortza bat zor zaio hau dena egin eta gero, ezta?’. Konturatu zen baietz, hau Euskal Herriaren historia dela, oroimen historikoa zela, herrian gelditu behar zuela, denok jakiteko». Eta halaxe eskatu zioten Urutxurturi liburua egiteko, eta hark, onartu. Hori posible izan da Intxausti familiak dokumentu, artxibo eta argazki pila bat gorde dituelako hamarkada luzez, eta herritarren eskura jarri Euskadiko Artxibo Historikoan eta Euskadiko Filmategian, besteak beste. «Artxiboan hemeretzi karpeta daude Intxaustiri buruz!», nabarmendu du Urutxurtuk; bikain jaso eta landu ditu denak, sintesi lan eskerga eginez eta iturri ugaritara joz, argitaratu berri duen liburuan.

Orain haren aurkezpenak egiten ari dira. Donostian egindakoan, adibidez, Jatsuko kolonian ibilitako askoren ondorengoak elkartu ziren, eta kontu-kontari ibili ziren. Maiatz amaieran, gainera, denak elkartzekoak dira Uztaritze inguruan, 1937tik 1939ra bizitakoak gogoratzeko, omentzeko eta hori dena plazaratu izana ospatzeko.

Lurdes Euzko Aur-Etxean egondakoen ondorengo batzuak, Donostian. IZASKUN ANGOITIAK UTZITAKOA
Lurdes Euzko Aur-Etxean egondakoen ondorengo batzuk, Donostian. IZASKUN ANGOITIAK UTZITAKOA

Eta joanak direnak gogoratzeko ere bai. Luisa Juanbeltz da bizirik geratzen den azken haurra, eta azken-aurrekoa berriki hil da: Maria Rosa Lopategi. «Eguberriz mintzatu nintzen azkenekoz harekin», esan du, triste, Intxaustik. «Pertsonalki lotura handia izan dugu; Ameriketara joan ginenean, gutaz okupatu zen: gure zaintzailea zen». Gero, moja sartu zen, eta Washingtongo komentu batean pasatu zuen bizi osoa.

Rekartek ere ezagutu zuen: «Nik urte askoan Donostiako Orfeoian abestu dut, eta 1980an Washingtonera joan ginen abestera: Carmina Burana abestu genuen Kapitolioaren aurrean. Joan aurretik, izeba Maritxuk esan zidan: ‘Begira, Washingtonen dago Maria Rosa Lopategi, eta joan behar duzu hura ikustera’. Joan ginen komentura, eta ze andre atsegina! Ze poza zeukan... Haren ahizpa bat ere ezagutu genuen, han inguruan bizi zena. Kapitolio aurrera etortzera gonbidatu genituen. Argazkiak daude: sinetsi dezakezu ikurrin batekin agertu zirela Kapitolio aurrera, orfeoia abesten ari zela? Ze istorio polita, e!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA