Gabriel Aresti Katedraren zuzendaria

Patxi Juaristi: «Jaurlaritzak estatu egiturak imitatu nahi izan zituen kulturaren bidez»

36ko gerrak euskal kulturan apurketa bat ekarri zuen arren, katea ez zen eten, eta liburu batean jaso dute garai hartan egin zuten kultura. «Memoria hori gorde egin behar dugu», azpimarratu du Juaristik.

Patxi Juaristi, EHUren Leioako campusean, labetik atera berria den liburuarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Patxi Juaristi, EHUren Leioako campusean, labetik atera berria den liburuarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHUko Gabriel Aresti Katedrak euskal kulturaren memoria ikertzea du xede, eta haren pasarte ahaztu bat landu dute Kultura Gerra Zibilean (1936-1939) liburuan. Katedraren zuzendari Patxi Juaristik (Markina-Xemein, Bizkaia, 1967) koordinatu du liburua.

Askotan, gerrak eten gisa ikusi izan dira. Halakoa izan zen 1936koa euskal kulturarentzat?

Bai. Kulturak gerra garaian zuen lekua aztertu dugu, baina horrek ezin gaitu bultzatu esatera kultura egoera onean egon zenik garai hartan. Pizkundetik bazegoen tradizio bat, Errepublika garaian ere [Espainiako II. Errepublikaren urteetan] pauso batzuk eman zituzten, eta gerrak apurketa bat ekarri zuen. Baina ezin dugu esan kultura guztiz zapuztu zenik ere. Eragile kulturalak izan ziren, sorkuntza izan zen, eta gauza batzuk sortu zituzten. Aintzat hartu behar dira.

Gerra garaiko kultura ahaztuta zegoen?

Nik pentsatzen dut baietz. Oso topikoa da esatea gerrak dena suntsitu zuela. Eta egia da: ezin dugu errebisionismoa egin, eta esan ez dakit zer egon zela. Gerrak hori puskatu zuen, baina gauza pila bat egin ziren, eta ezin dugu ahantzi, adibidez, Eguna egunkaria gerra garaian sortu zela, euskarazko lehen egunkaria. Eta gerrari buruzko lehen eleberriak idatzi ziren: Txomin Arrutiren Loretxo eta Tomas Agirreren Uztaro, adibidez. Aldizkari pila bat sortu zituzten, eta bertsoak eta antzerkia egin. Antzerkiak galera izugarria izan zuen gerra garaian; Pizkunde garaitik eta Errepublika garaian —batez ere, batzokietan— antzerki pila bat egiten zituzten, eta gerrak apurketa ekarri zuen. Hala eta guztiz ere, herri batzuetan —batez ere, frontetik urrunago zeuden herrietan— antzerkiak egin zituzten. Edo zinema: Eibarren hiru saio izaten ziren egunean. Gerrak puskatu egin zuen kultura, baina, baldintza oso txarretan eta arazo pila batekin, kultura hor egon zen presente, hain zuzen ere, funtzio asko betetzen zituelako.

Adibidez?

Funtzio bat izan zen jendea distraitzea, jendeari gerra ahantzaraztea, nolabait. Jai eta ikuskizun pila bat antolatzen zituzten, Santa Ageda ere ospatu zuten, inauteriak ere bai. Kirol ikuskizunak ere asko izan ziren; askotan, dirua biltzeko izaten zen. Batetik, Euskadiri hegazkin bat erosteko. Bestetik, Kosomol izeneko barku bat zegoen, armak ekartzen zituena Errusiatik, eta frankistek bahitu egin zuten. Hainbat jaialdi egin ziren Errusiari hori konpentsatzeko, dirua biltzeko. Pilota partidak ere bai. Kronika batzuek esaten dutenez, esku pilotak izugarrizko loraldia ezagutu zuen Gernikan —errefuxiatu pila bat zeuden—, eta baita Bilbon ere. Denetarik egin zuten. Kontua bere onetik atera gabe: etenaldi izugarri bat dago.

Propagandak zer rol zeukan?

Funtzio garrantzitsuena hori izan zen: ez bakarrik Errepublikaren alde, Eusko Jaurlaritzaren alde edo alderdi politikoek eginda, baizik eta baita frankistek eginda ere. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak kultura erabili zuen nazioartean Gernikaren aurkako bonbardaketa salatzeko eta euskaldunen izen ona adierazteko. Frankistek-eta zabaldu zuten mezua izan zen Errepublikaren alde borrokatu ziren guztiak komunistak zirela, ez zirela katolikoak... Jaurlaritzak kultura erabili zuen —batez ere dantza— munduan zehar adierazteko euskaldunak nolakoak ginen. Gainera, Jaurlaritzak kulturaren bidez estatu egiturak imitatu nahi izan zituen gerraostean, munduan zehar antolatu zituen Elai Alairen, Saski Naskiren eta besteren espektakuluen bidez.

«Ezin dugu ahantzi, adibidez, ‘Eguna’ egunkaria gerra garaian sortu zela, euskarazko lehen egunkaria»

Eresoinkak ere izan zuen bere garrantzia, ezta?

Bai, handia. Leire Arrietak landu du hori: Jaurlaritzak diseinatu zuen estrategia gerraostean propaganda egiteko eta euskaldunen irudi ona erakusteko. Elai Alai dantza taldeak eta Eresoinkak rol oso garrantzitsua jokatu zuten.

Lan koral bat ondu duzue. Zer metodologiari jarraituta?

Sinplea da. Guk gaiak finkatu genituen, eta, gero, pertsonak topatu. Hortik atera da. Historialariak, kazetariak, antropologoak, Arte Ederretan graduatuak... Denetarik dago, eta hori gustatzen zaigu. 

Eta, zure ustez, zer garrantzi dauka euskal kulturaren memoria ikertzeak?

Nire ustez, izugarria. Memoria jorratzeak nondik gatozen erakusten digu, eta etorkizunera begira saihestu behar diren bideak zein diren erakutsi. Nire ustez, memoria izateak gaitasuna ematen digu bizi dugun errealitatea hobeto ulertzeko. Horregatik zen guretzat hain garrantzitsua gerrari buruzko lan hau egitea: gerrak ordura arteko ildo kulturala apurtu egin zuen, baina egia da oso baldintza txarretan ere sortzaileak egon zirela, Eguna egunkaria sortu zutela, artelanak egin, gogoetak plazaratu. Memoria hori gorde egin behar dugu, eta hori egin nahi izan dugu liburu honen bitartez.

Kultura jendeak egiten du, eta artista asko jazarriak izan ziren horregatik.

Batzuk hil zituzten, beste batzuk kartzelan sartu, eta pila bat erbestera joan ziren. Horrek izugarrizko basamortua sortu zuen gerraostean. Orain 1940ko hamarkada lantzen ari gara, eta ikusten da frankismoak zer eragin izan zuen... Gerra garaian asko sufritu zuten horiek erbestera joan behar izan zuten, eta erbestean ere hainbat gauza egin zituzten, oso baldintza txarretan. Eta gutxi ikertu da hori.

lotsabako

Gerrako artelan bat?
Txundituta geratu naiz Aurelio Artetaren Gerraren triptikoa-rekin. Artelan horrek oso ondo islatzen du zer gertatu zen gerran. Oso kontuan hartzekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA