Atleta eta neurozientzialaria

Irati Mitxelena: «Jende askok kirola uzten du ikasketen ondorioz; niri, kirolak eman zidan ikasteko aukera»

Kirola eta neurozientzia uztartzen ditu Mitxelenak. Alboko esklerosi amiatrofikoa ikertu ondoren, luzerako jauziko entrenamendura joaten da: «Lan handia egin eta pazientzia handia eduki behar da emaitzak lortzeko».

Irati Mitxelena atleta eta zientzialaria, herenegun, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Mitxelena atleta eta zientzialaria, herenegun, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
itsaso jauregi 2
2025eko irailaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Luzerako jauzian, lasterketa eta azken bultzada baten ondoren egindako jauzian, atleta ahalik eta urrunen iristen saiatzen da plano horizontalean. Diziplina horren zenbait gakori buruz aritu zen Irati Mitxelena atleta eta neurozientziako ikerlaria (Donostia, 1998) herenegun Bilbon, Luzera-jauziko entrenamendua: helburua, plangintza eta antolaketa hitzaldian. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren saioetako bat izan da. Kirola eta neurozientzia elkartzen dira Mitxelenaren egunerokoan; izan ere, CIC Bioguneko doktoratu aurreko ikertzailea da, eta alboko esklerosi amiatrofikoa ikertzen du, batez ere.

Noiz hasi zinen luzerako jauziko diziplinan?

Atletismoan 2013an hasi nintzen, eta luzerako jauziko diziplinan, bi urte beranduago. Hasieran pixka bat denetik egin nuen.

Zergatik erabaki zenuen atletismoaren alor horretan zentratzea?

Momentu batean, gehiago sentitzen nintzen salto hirukoitzeko kirolaria. Baina hasi nintzen denetik probatzen, eta ikusi genuen saltoetan hobetzeko aukerarik handiena luzerako jauziko diziplinan zegoela: horretan moldatzen nintzen ondoena.

Zertan datza luzerako jauziko entrenamendua?

Hitzaldian luzerako jauzia zer den azaldu nuen lehendabizi, nahiz eta jende gehienak badakien. Pixka bat azaldu nuen zer den garrantzitsua, zer ezaugarri izan behar ditugun, eta nola antolatzen dugun urtea, baita aste bakoitza ere. Azkenean, entrenamendua aldatuz joaten da gauden hilabetearen arabera edo txapelketen arabera. Gauza asko lantzen ditugu, eta aldatuz joaten da.

Aste batetik bestera asko aldatzen da entrenamendua?

Bueno, gehienean hilabeteko zikloak egiten ditugu. Aste batetik bestera ez da asko aldatzen, oso entrenamendu progresiboa delako, gainera. Urte hasieran abiatzen da entrenamendua, eta nahiko orokorra da hasieran; gero, espezifiko bihurtzen da pixkanaka-pixkanaka.

«Nire eguneroko erritmoa oso gogorra da, eta ez dakit zenbat aguantatuko dudan horrela, baina ez da jasangarria epe luzera»

Entrenatzerakoan, zeintzuk dira planteatzen dituzun helburuak?

Helburuetako batzuek txapelketekin zerikusia dute. Adibidez, Espainiako txapelketan zer postutan geratu nahi dudan, edo nazioarteko txapelketetan sailkatzeko aukerarik dudan edo ez; markak kontuan hartzen ditut. Gero, baditut helburu kualitatiboago edo teknikoago batzuk: abiadura edo teknika hobetu nahi dut, adibidez.

Atletismoari esker beka bat eman zizuten, eta AEBetara joan zinen neurozientzia ikastera.

Bai, nahi nuena ikasteko aukera izan nuen atletismoari esker. Jende askok kirola uzten du ikasketen ondorioz; niri, kirolak eman zidan ikasteko aukera. Esperientzia oso ona izan zen.

Neurozientzialaria edo atleta?

Biak. Baina saiatzen naiz bi diziplinak banatzen. Entrenatzen ari banaiz, horretan zentratzen naiz; lanean banabil, horretan nabil. Alor bakoitzean helburu desberdinak ditut.

Atletismoan duzun esperientzia zure ikerketan lagungarria izan dela uste duzu?

Lanerako gaitasunean bai. Lan handia egin behar da, eta pazientzia handia eduki, emaitzak lortzeko.

Bi arloetan exijentzia handia da?

Bai. Nire eguneroko erritmoa oso gogorra da, eta ez dakit zenbat aguantatuko dudan horrela, baina ez da jasangarria epe luzera.

Zergatik erabaki zenuen neurozientzian murgiltzea?

Argi nuen biologiarekin eta biomedikuntzarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuela, baina atentzioa ematen zidan gaixotasun neurodegeneratiboen gaiak. Batez ere, deigarria iruditzen zitzaidan tratamendurik ez egotea, eta hori aldatu behar zela uste nuen. Deigarria iruditu zitzaidan gaixotasunak egotea eta ez jakitea nola sortzen diren, eta are gutxiago oraindik horiek nola sendatu.

Alboko esklerosi amiatrofikoa ikertu duzu batez ere. Zeintzuk dira egin dituzuen aurrerapenak?

Aurrerapenak oso pixkanaka joaten ari dira. Nire taldeak terapia genetiko moduko bat probatu du, eta nik teoria alboko esklerosi amiatrofikoan aplikatzen dut. Gaiaren inguruan hitz egiten dudanean, denek uste dute sendagaia aurkitu dugula, baina ez da hala.

Orduan, alor esperimentalean lan egiten duzu, batez ere?

Bai. Alor esperimentalean aritzen naiz bakarrik. Teoriak hartu eta zeluletan probatzen ditut, eta orain saguetan. Dena esperimentala da.

«Nire ustez, baliabideak falta dira oraindik, eta jendea ere zaindu behar da: ikerlaririk ez badago, ezin da aurreratu»

Zein da teoria praktikara eramateko aurkitu duzun zailtasun nagusia?

Zailtasun pila bat daude. Esango nuke zailena animaliekin lan egitea dela, ez direlako pertsonak; bien arteko aldea handia da. Horrek esan nahi du saguetan funtzionatzen duenak ez duela zertan gizakietan funtzionatu. Zailtasunak ekartzen dituzte batzuetan.

Ikerketan guraize biomolekularrak erabiltzen dituzuela esan duzu noizbait. Zertan datza?

Azkenean, guk erabiltzen duguna terapia bezalakoa da. DNA mozteko edo editatzeko gai diren proteina batzuk ditugu. Badakigu tresna horrek funtzionatzen duela, eta hori alboko esklerosi amiatrofikoan aplikatzen dut. Gaixotasunak base genetiko oso handia du, eta badakigu mutazio pila daudela, behintzat gaixotasunaren sorrerarekin lotuta. Orduan, ikusi nahi dugu ea horrekin zer lor dezakegun.

Zein dira epe laburrean dituzun helburuak?

Teoria saguetan probatzen jarraitzea eta ikustea ea horrek funtzionatzen duen edo ez. Hori lortzen badugu, aurrerapen handia izango litzateke.

Helburu horiek lortzeko oztopoak aurkitu dituzu?

Nire ustez, baliabideak falta dira oraindik, eta jendea ere zaindu behar da: ikerlaririk ez badago, ezin da aurreratu. Baliabideak modu efizienteagoan banatu beharko lirateke. Baliabide gehiago badaude, azkarrago joango gara eta hobeto lan egingo dugu.

Nolakoa da eliteko atleta baten garuna?

Azkenean, uste dut kirolak onura asko dituela. Baina eliteko kirola askotan ez da hain osasuntsua, badituelako beste faktore batzuk ez direnak hain onak. Baina, orokorrean, uste dut kirola egiteak onura asko ekartzen dituela. Pentsatu nahiko nuke garun oso osasuntsua dugula!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.