Suedia eta Euskal Herria elkartu dituzte Juan Angel Perotxena ilustratzaileak (Elizondo, Nafarroa, 1980) eta Maria Gaztelupe komunikazio arduradunak (Elizondo,Nafarroa, 1987). 2010ean, Malmo diseinu eta ilustrazio denda ireki zuten Elizondon: kartelak, muralak eta musika taldeen diskoen azalak egin dituzte, herritarren nahiak kontuan hartuz beti. Elizondoko betiko diseinu denda izan nahi dute.
Zeintzuk dira Malmoren oinarriak?
MARIA GAZTELUPE: Hurbiltasuna. Estudio txikia gara, baina lagun asko ditugu.
JUAN ANGEL PEROTXENA: Aspaldiko denden zerbitzuari eutsi nahi diogu, jendea zaindu. Gure lana artisauen gisan egiten dugu, nahiz eta digitalean izan. Herri txiki batean lan egiten dugu, baina ez dugu herri txikietako denden itxura: gustatzen zaigu dikotomia hori.
Bide guztiek Iruñera eramaten dute?
PEROTXENA: Bai. Nafarroako ilustratzaileen zerrenda bat egin zuten, eta landa eremuko bi ilustratzaile bakarrik sartu zituzten; besteak iruindarrak ziren. Herrietan proiektu oso interesgarriak egiten dira, eta ezezagunak dira.
Zergatik da garrantzitsua proiektua Elizondon egotea?
PEROTXENA: Herriak bizirik behar ditugu. Asteburuetan txokolatea hartzera bakarrik etortzea...
GAZTELUPE: Guretzat garrantzitsua da herrian sare bat sortzea. Jende askorekin ibili gara elkarlanean, eta herrikoei mesedeak egiten dizkiegu, gustura gainera.
Nola definituko zenukete zuen estiloa?
PEROTXENA: Hasieran, esaten genuen estilorik ez izatea zela gure estiloa, baina, azken urteetan, bide bat egin dugu. Marrazteko moduari dagokionez, marrazki bizidunak egiten genituen lehen, eta irudi errealistagoak egiten ditugu orain; figura geometrikoekin nahasten ditugu.
GAZTELUPE: Kanpotik, hari bat ikusten da, gure proiektu guztiak lotzen dituena. Beti badira xehetasunak gure marrazkietan: lore bat aukeratzen badugu, zerbaitengatik da. Mezuak eta erreferentzia asko daude lanetan.
Marraztean huts bat eginez gero, ezabatzearen aldekoak izaten zarete?
PEROTXENA: Hutsetatik pila bat ikasi dut. Margotzean nahi gabe beste kolore bat hartu eta primeran geratzen bada, uzten duzu. Inperfekzioak maite ditut, sormena ez baituzu guztiz kontrolatzen, eta zoragarria da. Arlo digitalean ez da hala: dena neurtuago dago.
Adimen artifiziala mehatxutzat hartzen duzue?
PEROTXENA: Gu inperfektuak garenez, zatiak hartzen ditugu alde batetik eta bertzetik, eta zerbait erdi berria sortu. Baina adimen artifizialean ez dago hutsik.
GAZTELUPE: Lanari inperfekzioa eta eskuz egindakoaren itxura ematea garrantzitsua da, hurbiltasuna ematen baitio proiektuari. Adimen artifizialak beldurra ematen du, baina Canvak ere bai. Orain jende guztia da diseinatzaile grafikoa.
Diseinu grafikoa artea da?
PEROTXENA: Ez. Artea sentimenduen esparruan dago, eta diseinu grafikoaren helburua mezu bat bidaltzea da. Niri ez zait gustatzen artearen esnobismoa. Jende guztiak ez du aukerarik izan ikasteko eta museoetara joateko. Artearen mundua askotan sosa duen jendearekin lotzen da, merkantilizazioarekin. Badaude horrelako itzalak artearen munduan. Agian kontrakoa egin beharko genuke: hitza berreskuratu, eta herrikoia egin.
Diseinu grafikoa politikoa da?
PEROTXENA: Bai. Enpresa batek diskurtso arrazista eta matxista badu, adibidez, ez dugu haiekin lan eginen. Lehenago, saiatzen nintzen gai batzuetan distantzia atxikitzen, baina erabaki guztiak politikoak dira. Apolitikoa izatea eskuindarren kontua da.
GAZTELUPE: Gustatzen zaigu mugimendu herrikoiekin eta kirol elkarteekin lan egitea, itzaletatik gehienetan.
Nolakoak dira Malmoko bezeroak?
PEROTXENA:Oso kontent gaude ditugun bezeroekin. Gu gara hurbil dauden profesionalak, eta guregana etortzen dira diseinuko arazoak konpontzera. Bezero batzuek nahi duguna egiten uzten digute, eta eskertzekoa da. Saiatzen gara zer nahi duten ulertzen, gozo izaten eta lana mimoarekin egiten.
GAZTELUPE: Jendeak ez daki zer lan dagoen diseinu grafikoaren atzean. Sare sozialetan mezuak jasotzen ditugu, eta, gure lanaren aurrekontua bidaltzean, bezero asko desagertzen dira. Diseinu edo ilustrazio bat ordaintzeko ez dago dirurik, baina beste gauza batzuentzako bai.
ATZEKOZ AURRERA. Juan Angel Perotxena eta Maria Gaztelupe. Malmo ilustrazio etxeko kideak
«Jendeak ez daki zer lan dagoen diseinu grafikoaren atzean»
Ilustrazio inperfektuak maite dituzte Gaztelupek eta Perotxenak, eskuz eta adimen artifizialik gabe egindako proiektu herrikoiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu