Ugarituz doa San Domingoko aldapatik zezen plazara arteko tartean biltzen den jendea, eta horrek ezinbestean arriskua handitzen du. Are, baldin eta laugarren entzierroaren modura, zezenek abiada bizian egiten badute korrika. Alvaro Nuñez ganadutegiko zezenek berezitasun bat izan dute. Joaldunen gida alboraturik, aurretik jarri dira, eta oso azkar egin dute lasterka.
Hori izan da orain arteko gainerako lasterketekiko alderik handiena. Hasieratik, Gruñon izeneko zezen beltzak nahiago izan du taldeburu jartzea, eta, idia atzean utzita, aurrera jo du, zuhurtzia dosi batekin. Alboan zituen lasterkariei zeharka begira, haienganantz sigi-saga eginez, abiada hartuz joan da, eta haren erritmoari segika atzetik ibili dira gainerako zezenak.

San Domingoko aldaparen goialdean, zezen gaztainkara batek eta beste zezen beltzak, Asustado izenekoak, harekin bat egin dute, eta taldea gidatu dute. Abiadura hain zen handia, egunero entzierroa egiten duten hiru joaldunek ezin izan baitiote eutsi erritmoari, eta atzean geratu baitira. Xehetasun hori gero funtsezkoa izan da beste makina bat lasterkarirentzat, amaieran zezen bat bakarrik geratzeko arriskua eragotzi dutelako atzera gelditu diren joaldun horiek.
Udaletxe plazan, konfiantza harturik, sei zezenak aurretik jarri dira, eta bortizki jo dute Mercaderesko bihurguneko oholen aurka. Haiekin korrika zihoazen lasterkariek larriturik egin dute alboetarantz, eta inguruan zen kamiseta berdeko gazte baten kontra jo du zezen beltzetako batek. Harrigarriki, adarrek ez dute jo, kolpe handia izan den arren.

Bihurguneak ezarri du mugarria. Hortik aurrera, bi zezen jarri dira aurrean, bata beltza eta bestea gaztaina kolorekoa. Hasieran bazterretik joan badira ere, berehala kalearen erdialdea hartu dute, eta oso azkar egin dute aurrera. Bien aurrean korrika egiteko aukera izan den arren, oso zaila egin zaie askori segundo bakan batzuetan zezenen erritmoa hartu eta haien abiadari eustea. Estafetaren 400 metro luze-zabalean, aurrera egin ahala gero eta jende gehiago zegoen alboetan.
Atzean geratu dira gainerako lau zezenak. Animaliek une oro egin dute aurrera, inguruko zaratari eta mugimenduei erreparatu gabe. Moteldu ahala, aukera gehiago izan da adar artean lasterka egiteko, baina jendetzak aldi berean zaildu du hori. Espoz Mina kalea igarota, amaieran jende pilaketa handia sortu da, eta han trabatuta geratu da eper begiko zezen bat.

Bakarrik geratzear
Hori izan da entzierroko unerik arriskutsuenetakoa. Erori ostean, zezenak albora egin du, eta bat-batean bere inguruan zegoen jende saldoari so egin dio, zalantzati. Une horretantxe iritsi dira atzeratutako joaldunak, eta zezena babestu dute. Haien altzoan, zezenak zalantza erasokorrak galdu ditu, eta zezen plazarantz egin du.
Bi minutu eta 31 segundo behar izan dituzte entzierroa osatzeko. Guztira, bederatzi lagun artatu dituzte osasun zerbitzuek. Horietarik bost ospitaleratu dituzte. Guztiek dituzte kolpeak beso, zango eta buruan. Beste lau lagun zezen plazan artatu dituzte, eta, lehen balorazioa egiten ari zaizkie bertako medikuak. Zezenek ez dute inor adarkatu.
