Bideojoko diseinatzailea eta irakaslea

Javier Mombiela: «Jolasa gaixo dago gure gizartean»

Javier Mombielak iragan urtean ireki zuen Binomio eskola Bilbon. Jokoak eta bideojokoak diseinatzen irakasten du han. Mombielak argi du: «Edonork ikas dezake bideojokoak egiten».

Javier Mombiela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javier Mombiela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izokin koloreko erakusleihoaren atzean, atea zeharkatuz gero, gelaren sotiltasunak ustekabean harrapatzen du bisitaria. Mahai luze eta huts bat, aulkiz inguratua, aurrean arbel bat eta armairu baten gainean ura irakiten jartzeko teontzia. Gelari kolorea jartzen diote Javier Mombielak (Herrialde Katalanak, 1995) eta haren ikasleek; haurrek, nerabeek eta helduek. Bideojokoak eta beste mota batzuetako jokoak diseinatzen ikasten dute bertan. Gela zurbilari bizitasuna ematen diote, haien irudimenaz eta sormenaz. Kanpoko kolore deigarriak eta barruko apaltasunak eskolaren izenarekin ere bat egiten dute: Binomio. Eskola Bilboko Deustu auzoan dago, eta ekainean beteko du lehen urtea. 

Jokalari izatea ohikoa da, baina joko egilearen lana ez da hain ezaguna.

Nik ere nahiko berandu egin nuen urrats hori [barrez]. Betidanik izan dut interes handia bideojokoetan eta haien sorkuntza prozesuan. Baina oso diziplina konplexua da, eta nerabea nintzenean nondik hasi ere ez nekien. Distantzia tekniko handi bat gainditu beharra zegoen.

Nola gainditu zenuen langa hori?

Alderdi artistikotik ekin nien ikasketei, eta animazio digitala ikasi nuen. Gradua bukatu eta gero, bideojokoen garapenaren inguruko master bat egitea erabaki nuen. Gero, bideojokoen industrian hasi nintzen lanean. Mundu horrek kontraesan asko eta oinaze handia eragin zizkidan. Asko gustatzen zait jokoak diseinatzea, baina ez hainbeste horretan lan egitea. Gainera, bideojokoen diseinuaren inguruko formazioan hutsune bat zegoela iruditzen zitzaidan: ez zegoen jendeari zuzendutako eskolarik. Orduan bururatu zitzaidan bideojokoak sortzen eta diseinatzen irakasteko eskola bat sortzea. Umeei, gazteei eta helduei zuzendua. 2024ko udan abiatu nuen proiektua, nire bikotekidearekin batera, eta iragan ekainean ireki genuen eskola. Bilbao Ekintza zerbitzuaren laguntza ere izan genuen prozesuan zehar. Euskal Herrian eskola bakarra da gurea. 

Eskolaren helburua, orduan, bideojokoak jendeari hurbiltzea da.

Bai, hori da. Estatu Batuetan, adibidez, badaude bideojokoak nola egin jendeari erakutsi daitekeela diotenak; Anna Anthropy bideojoko diseinatzailea da horietako bat. Hark jokoaren demokratizazioa sustatzen du, eta bideojokoak edonork sortu ditzakeela uste du. Profesionalizatutako eremutik kanpo, bideojokoak marjinetatik sortu daitezkeela defendatzen du. Nik ere hori deritzot.

Binomio zure eskolak eredu horri jarraitzen dio. Baina zein da izenaren eta jokoen arteko lotura?

Izena hautatzeko prozesua nire bikotekidearekin egin nuen: diseinatzaile grafikoa da, eta asko lagundu zidan. Jokoaren teorian, errealitateaz eta jokoez hitz egitean bi espazio bereizten dira, eta horien arteko mugan zirkulu magikoa deritzon zerbait dago. Zirkulu horren barnean jokoaren legeak ezartzen dira: errealitatea ez da jokora sartzen, eta jokoa ez da errealitatera ateratzen. Dualismo horretatik abiatuta, binomio hitza atera zitzaigun.

Eskolaren logoan, ordea, zirkulu magikoa erditik moztuta agertzen da. 

Errealitatea jokora sartzen delako, jokoa errealitatera ateratzen den moduan. Horregatik, gure logotipoa erditik apurtutako O bat da. Apurtu den zirkulu magikoa irudikatzen duelako.

Errealitatea jokoetan sartzen da Binomion. Baina zein da jokoetako errealitatea sortzeko lehen urratsa?

Lehen pausoa ideia bat izatea da, edo hasteko leku edo objektu bat izatea. Horretarako erabilgarria izan daiteke jokoaren inguruan modu zehatz batean pentsatzea. Haurrak garenean zerbait bagina bezala jolasten dugu, doktore, irakasle edo sukaldari bagina bezala, adibidez. Nagusitan ere gauza bera egiten dugu. Beste aukera bat jokoaren arauetatik hastea da, aditz nagusietatik: salto egitea, korrika egitea edo ibiltzea, besteak beste. Normalean agertzen ez den aditz bat ere pentsa dezakegu: nolakoa izango litzateke lo egitea aditz nagusi duen joko bat? Mila modu daude lehen urrats hori egiteko. 

«Jokoak belaki baten edo Gruyere gazta baten antzekoak dira. Kanpokoa sartu egiten da eta barrukoa irten»

Dena asmatuta dagoela esaten da maiz.

Alde batetik, egia da, eta bestetik, ez. Hau da, existitzen diren joko guztiak liburutegi zoragarri bat dira, ideiak hartu eta sorkuntza prozesuan agertzen diren arazoei nola aurre egin ikasteko. 

Hortaz, badago zer sortu oraindik.

Bideojokoen bitartez esploratzeko leku handia dago. Onerako eta txarrerako, ekoizpen industrialarekin oso lotutako ibilbidea izan dute bideojokoek hasieratik. Sorreran, etapa esperimental bat izan zuten, baina oso motza izan zen. Azkar konturatu ziren oso errentagarria izan zitekeela, eta industriak bideojokoak bereganatu zituen. Haien helburua dirua lortzea da, eta, ondorioz, erosle gutxi izan dezakeen guztia alboratzen dute. Helburua beti da bideojokoa dibertigarria izatea. Ematen du hori dela sorrarazi dezakeen sentsazio bakarra. Esploratzeke dauden sentimendu eta plazer asko daude. 

Bideojokoez gain, beste mota batzuetako jokoen sorkuntza ere lantzen da Binomion. 

Bideojokoak asko aipatu ditut, baina hemen (bideo)jokoez hitz egiten dugu, bideo parentesi artean jarrita. Bideojokoak joko mota bat baino ez dira. Irakasten dugun teoriak mota askotako jokoetarako balio du: mahai jokoak, rol jokoak, ihes gelak… Hemen ez da jolasik kanpoan geratzen. Baina egia da bideojokoek gure kulturan leku handia hartzen dutela. 

Zertara jolasten da XXI. mendean?

Urtearen arabera. Nerabeen sozializaziorako jokoak etortzen zaizkit burura, Roblox eta Fortnite, bereziki. Oso modan daude lan simulagailuak ere. Lana krisian dagoenez, lana kontrolpean dugun mundu batean murgiltzen gara. Erresilientzia beharrezkoa den garai batean bizi gara, eta frikziorik gabeko jokoetara jolasten gara. Deskonektatzeko beharra ere antzematen da, pentsarazten ez duten jokoak aukeratzen ditugulako. 

Helduek ere jolasteko beharra dute? Eta aukera?

Gazteleraz arazo bat dago joko hitzarekin. Helduek jolastu dezaketela pentsatzean, burua apustu jokoetara, kasinoetara eta joko etxeetara joaten zaigu. Baina hori jolastea da? Jokoaren helburua jolastea bada, joko etxeak ez dira jolasteko leku bat, dirua lortzea baitute helburu. Jolasa gaixo dago gure gizartean; asko deformatzen ari gara jolas gisa definitzen dugun hori. Umeek jolas dezaten onartu dugu, baina jolas librea edo sinbolikoa azkar baztertzen da hazten garenean. Helduek leku gutxi dituzte benetan jolasteko. Jolasaren gaixotasunaren sintomak dira horiek. 

Bideojokoak gizartearen ispilu hutsa dira?

Binomio eskolaren logoa apurtuta dagoen zirkulu magiko bat dela azaldu dut lehen. Jokoak belaki baten edo Gruyere gazta baten antzekoak baitira. Kanpokoa sartu egiten da eta barrukoa irten. Kanpoko krisiak sartzen dira eta sortzen ditugun bideojokoak eta jokoak baldintzatzen dituzte. Baina jokoak iraultzaileak ere izan daitezke. 

LOTSABAKO

Azkenaldiko jokorik gogokoena?
Journey.

Mahai jokoak edo bideojokoak?
Bideojokoak; baina mahai jokoak ere gero eta gehiago.

Jolasteko leku bat?
Jendearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA