Azkeneko hiru urteetan Urko Aristi izan da Tokikomeko presidentea. Berriki EITBko irratietako zuzendariorde karguan lanean hasidenez, toki komunikabideen bateraguneak presidente berria izendatu zuen atzo, batzar orokorrean, Eibarren (Gipuzkoa): Jone Guenetxea Arrinda (Abadiño, Bizkaia, 1978). Kazetaria 2008. urtetik hona Durangaldeko (Bizkaia) Anboto aldizkariko zuzendaria izan da. Batzar orokorrean, 2017ko kudeaketa plana ere aurkeztu zuten. Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek nabarmendu zuen «jauzi kualitatiboa» ekarriko duela tokiko komunikabideen profesionalizazioan, «arreta berezia jarriz egiten den lanaren eraginkortasunean».
Guenetxeak «ilusioz» hartu du presidentea izateko ardura: «Erronka handia da, baina gogo handiarekin nago. Ekintza plana anbiziotsua da, baina denen artean lortuguko dugula uste dut».
Aipatutako plan horretan, edizio sistema bateratua nabarmendu dute Tokikomeko ordezkariek. «Duela urte asko mahai gainean egon zen erronka da. Azkenean, teknologia aurkitu dugu hori martxan jartzeko, eta edukiak partekatzeko eta elkarlanean aritzeko aukera emango digu», azaldu du Guenetxeak. Edizio sistema bateratuari esker, aldizkari bakoitzak une oro kontrolatu ahal izango du zer puntutan dagoen hurrengo zenbakiko orrialde bakoitza; erraz uztartu ahal izango du erredakzioan bertan eta kanpoan dabiltzan erredaktoreen lana; on line-off line edizioa optimizatu ahalko dute; artxibatze lanak erraztuko zaizkie; eta, oro har, lan banaketa eta produkzioa era eraginkorragoan egin ahal izango dute hedabideek. Eduki guztiaren artxibo komun bat ere sortzeko aukera emango dio Tokikomi. «Sistema hori ezartzea erronka izango da aurten».
Halaber, Gurenews izeneko sistema plataforma digitalarekin integratzen hasi da Tokikom. Sistema horrek automatikoki aztertuko ditu agerkari digitaletan argitaratutako edukiak, pertsonak, tokiak eta entitateak, haiekin datu base bat osatuz joateko. «Sistemak hitzak etiketatuko ditu, eta horrek erraztasunak ekarriko dizkio bilatzaileari», gaineratu du Guenetxeak.
Prestakuntzan sakondu
Tokikomeko presidente berriak nabarmendu du datozen hilabeteetan prestakuntza «oso garrantzitsua» izango dela: «Ez bakarrik kazetaritza aldetik, baizik eta baita komertzial eta administrazio aldetik ere». Aurten, Tokikomeko hainbat hedabide kudeaketa aurreratuaren programan sartuko dira. «Ikuspuntu enpresariala ematen du horrek. Asko ikasten ari gara».
Aurtengo Tokikomeko beste zeregin nagusietako bat publizitate kanal integrala egituratzea izango da. Era berean, ikus-entzunezko edukien ekoizpenari eta hedapenari heldu nahi dio Tokikomek. «Telebisten kasuan, aurrerapausoak eman nahi ditugu».
Jone Guenetxeak «ilusioz» hartu du Tokikomeko presidente kargua
Edizio sistema bateratuari esker, aldizkarien artean elkarlanean aritzeko aukera izango dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu