Jostuna eta Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko zuzendaria

Marivi Redoli eta Susana Alaguero: «Jostun guztiek bizi beharko lukete pregoilariaren eta txupineraren jantziak egitearen esperientzia»

Marivi Redolik egin ditu aurten Bilboko Aste Nagusiko pregoilariaren eta txupineraren jantziak. Jostunak azaldu du lan «luzea» baina «zoragarria» izan dela.

Marivi Redoli jostuna, Susana Alaguero Bilboko merkatarien elkarteko zuzendaria, Ainhoa Urrejola txupinera eta Onintza Enbeita pregoilaria, Bilboko udaletxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Marivi Redoli jostuna, Susana Alaguero Bilboko merkatarien elkarteko zuzendaria, Ainhoa Urrejola txupinera eta Onintza Enbeita pregoilaria, Bilboko udaletxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko abuztuaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jendaurrean hitz egiterakoan entzuleak biluzik imajinatzea omen da urduri ez jartzeko gakoa. Publikoaren aurrean larru hutsik egotea da, ordea, hizlarien amesgaizto usuena. Bilboko Aste Nagusian Onintza Enbeita pregoilariari eta Ainhoa Urrejola txupinerari hori gertatuko ez zaiela ziurtatzeko, bi hilabetez lanean aritu da Marivi Redoli jostuna. Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea arduratzen da urtero jantziak egingo dituen jostuna hautatzeaz, eta, elkarteko zuzendari Susana Alaguerok azaldu duenez, «poz-pozik» daude aurtengo hautuarekin. Arriaga antzokiko balkoian jaiei hasiera eman ondoren, Redolik «tentuz eta zehaztasunez» jositakoa bederatzi egunez eramango dute soinean pregoilariak eta txupinerak. 

Nola aukeratzen duzue nork egingo dituen pregoilariaren eta txupineraren jantziak?

SUSANA ALAGUERO: Gu beti saiatzen gara hiriko jostunak bilatzen; Alde Zaharrekoak badira, hobeto, merkatarien elkartea Alde Zaharrekoa baita. Egia da historikoki Gacela oihal dendako Arantza Matiasek eman digula jostunen berri; izan ere, hark saltzen dizkigu oihalak, eta jostun asko ezagutzen ditu, asko haren tailerretatik pasatu baitira. Normalean ez dugu jostunez aldatzen, baina aurten gauzak ganoraz egiten zekien norbait behar genuen, eta Mariviren izena eman zigun Arantzak. Poz-pozik gaude: oso langilea da, eta inoiz baino azkarrago egin du lana.  

Lehen aldia da pregoilariaren eta txupineraren jantziak egitea egokitzen zaizuna. Noiz eskaini zizuten lana?

MARIVI REDOLI: Garaiz jakin nuen; lana egin nezakeen jakiteko deitu zidaten, eta baietz esan nien hasiera-hasieratik. Ez nuen zalantzarik izan: ohore bat da. Jantziak egiten hasi aurretik noiz deituko zidaten itxaroten egoten nintzen, hasteko irrikaz. Urduri nengoen ardura handia iruditzen zitzaidalako, ez bainekien nori egingo nizkion jantziak, ezta nola egin beharko nituen ere. Azkenean, prozesua oso erraza eta zoragarria izan da. Urduri egon naizen arren, ez dut inoiz presiorik sentitu. Oso pozik nago egindako lanarekin. 

Jantziak garaiz egitea merkatarien elkartearen esku ere badago. Zein da ondo antolatzeko giltza?

ALAGUERO: Ondo antolatu eta denboraz egin behar da guztia. Jantziak prentsaren aurrean aurkeztu baino bi hilabete lehenago hasten gara lanean. Astia behar da jostunak pregoilaria eta txupinera ezagutu, haien neurriak hartu, jantzien egitura osatu eta arropa bera josteko. Beraz, denbora izanez gero, erraza da lasai lan egitea. Guri ondo egindako lana gustatzen zaigu, baina merkatarien elkartea eta gure dendak ere baditugu, jo eta ke gabiltza. Ezinbestekoa da lasai sentiaraziko gaituen jostun bat aurkitzea, eta Marivi izan da jostun hori.

Tradizioaren zorroztasuna eta arropa neurrira egitearen malgutasuna uztartu behar izan dituzu. Nolakoa izan da jantziak egiteko prozesua?

REDOLI: Patroia hutsetik abiatu behar da beti, baina hura egiteko aurreko urteetan egin diren jantzi originalei erreparatu behar izan diet, eta ezin da ezer aldatu. Lehenik eta behin, jantziak eramango dituztenen neurriak hartu genituen. Ondoren, lehen proba egin genuen, eta saiatu nintzen dena oso prestatuta eramaten, Onintza [Enbeita] eta Ainhoa [Urrejola] ere oso lanpetuta dabiltzalako. Bigarren probarako askoz aurreratuago eraman nituen jantziak, proba gehiagorik egin behar ez izateko. 
ALAGUERO: Azken finean, jantzi bakoitza esklusiboa da, pertsona jakin baten neurrietara egokituta dagoelako. Pertsona baten gorputzak ez du zerikusirik beste batenarekin, eta bakoitzari ederki emango diona sortu behar du josleak. Artisautza lana da, eta ezin dugu galdu. 

Jakak, gonak eta alkandorak josi dituzu. Eskuz josi dituzu piezak? 

REDOLI: Lan luzea izan da, oso zehatza izan delako. Josteko makinarekin egin ditut jaken eta gonaren alboak, baina beste zati asko eskuz josi ditut, ertzetako apaingarriak, botoiak eta forrua, adibidez. Aurreko urteetako jantziak gainbegiratu ditut, eta ereduei fidela izaten saiatu naiz. 

Aldaketarik egin duzue jantzien egituran?

ALAGUERO: Azken urteotan aldatu den bakarra oihala izan da. Lehen, ehun lodiagoa erabiltzen genuen, latzagoa, eta duela urte batzuk pregoilariarentzat eta txupinerarentzat erosoagoak diren ehunak erabiltzen hasi ginen, izerdiari pasatzen uzten diotenak. Horrela, Aste Nagusiko bederatzi egunak jasan ditzakete, beroa egiten baitu askotan. Gainera, bi alkandora gehiago ere egiten dizkiegu, aldatu ahal izateko. Garrantzitsuena da diseinua eta jantzigintza ez direla aldatu, eta horri leial izan beharra dugu. 

Lan nekeza izan arren polita izan dela azaldu duzu.

REDOLI: Niri izugarri gustatu zait; jostun guztiek bizi beharko lukete pregoilariaren eta txupineraren jantziak egitearen esperientzia, oso ederra izan da eta. Jantziak behin eginda zeregina konplitu dudala sentitzen dut, baina asko gustatuko litzaidake berriz egitea. 

lotsabako

Pregoilariaren edo txupineraren jantzia? REDOLI: Biak, bakoitzak bere esanahia baitu. 

Jantzi ederrak egiteko giltza? REDOLI: Neurrira egitea. ALAGUERO: Maitasunez egitea, janzten duena gustura eta eder sentiarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA