Joxean Tolosa pilotari ohia 23 urtez aritu zen ETBrentzat pilota partidetan esatari lanetan. Ia gehienetan, Xabier Euzkitze kazetariaren alboan. Irailaren 29an aritu zen azkeneko aldiz ETBrentzat, Logroñon (Espainia).
Tolosak 64 urte bete zituen urrian, eta ETBren Kirol sailak zenbait aldaketa egin nahi zituen. Denboraldi honetan Tolosarekin ez jarraitzea erabaki zuen. Baina pilotari ohiak auzitara eraman zuen ETB, kaleratzea «bidegabea» zela salatuz. Donostiako epaitegi batek arrazoia eman dio Tolosari, eta, sententziaren arabera, ETBk bost eguneko epea du Tolosa berrio lanean jarri ala kalte-ordainak emateko. Sententzia horri helegitea jar diezaiekete ETBk edo pilotariak berak. Izan ere, sententzia horrek ere badio talde publikoak Tolosarekin zuen harremanaren etetea ez dela «baliogabea».
Tolosak 1995etik 2016ra autonomo gisa egin zuen lan ETBrentzat. Baina Lan Ikuskaritzaren parte hartzearen ostean, 2016an kontratu mugagabe partziala egin zion telebistak —astean lau ordukoa—.
2019ko irailaren 12an, ETBk gutun bidez jakinarazi zion kaleratzea Tolosari. Orduan, auzitara jo zuen pilotariak. Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman du sententziaren berri, eta, horren arabera, ETBren kaleratzearen arrazoia «generikoa» eta «zehaztasunik gabekoa» da. «Eta ez du arrazoitzen ETBk 'irudi berri bat' emateko nahia». ETBk erabakiko balu kalte-ordaina eman ordez Tolosa berriro lanean jartzea, kaleratzea gertatu zenetik sententzia atera den arteko soldatak ordaindu beharko lizkioke. Kaleratzea jakinarazi ziotenean, Tolosak 24.663 euro jaso zituen.
Josetxo Lizartzak ere ez du jarraituko
ETBko pilota emankizunetatik aparte gelditu da Josetxo Lizartza ere, baina ez telebistaren erabakiz, baizik eta Bainet ekoiztetxearekin izandako desadostasunak direla eta. «Bainetek bukatu du nirekin», esan du Lizartzak. 1993ko irailetik aritu da kazetaria lanean Bainet ekoiztetxearentzat —larunbat arratsaldetako pilota jaialdien emankizunez arduratzen da—. «Bidea polita izan da, emankorra, gustura egindakoa. Baina bukaera bat-batekoa izan da, ustekabekoa». Kazetariak nabarmendu du ekoiztetxeko lanarekin «erabateko inplikazioa» izan duela urteotan. 63 urte ditu kazetariak, eta orain hausnartu egin nahi du etorkizunaz. «Baina lanerako gogoz eta prest nago».
Joseba Urkiola ETBko Kirol zuzendariak azaldu du Xabier Euzkitze arituko dela esatari larunbatetako pilota jaialdietan, Lizartzaren hutsunea betetzeko. Lehen, ostiral gauetan eta igandetan aritzen zen Euzkitze, eta orain larunbatetan eta igandetan arituko da. Ostiral gauetako partidetan, berriz, Urkiola bera arituko da esatari lanetan. Urkiolak nabarmendu du, bestalde, ETBk ez duela zerikusirik Lizartzaren eta Baineten arteko aferarekin. «Duela bi aste, ekoiztetxeak jakinarazi zigun esatari bat behar genuela urtarrilaren 4ko jaialdirako».