Joxean Tolosak ETBko esatari lanak amaituko ditu irailean

Logroñoko San Mateo torneoan bukatuko du bidea ETBrekin. 23 urtean, 6.000 pilota partida baino gehiagoren kontakizuna egin du

urtzi urkizu
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Xabier Euzkitzek beste bikotekide bat izango du urritik aurrera ETB1eko pilota emankizunetan. 23 urte luzez, haren alboan Joxean Tolosa pilotari ohia aritu da esatari lanetan, baina ETBk aldaketak egingo ditu datorren denboraldian pilota emankizunetan, eta Amezketakoak (Gipuzkoa) ez du jarraituko. Tolosak irailaren 29an egingo ditu azkeneko esatari lanak, Logroñoko (Espainia) San Mateo torneoko finalean. Ez dago horren inguruko adierazpen ofizialik, baina BERRIAk baieztatu du hala izango dela. Urritik aurrera, lau eta erdiko txapelketan, beste esatari bat arituko da Euzkitzerekin batera. Tolosak 63 urte ditu; urrian beteko ditu 64.

ETBk duela hilabete batzuk jakinarazi zion Tolosari aldaketak egiteko asmoa. Erabakia berretsi zuen gero. ETBk ez du horren inguruko jakinarazpen ofizialik egin, eta, atzo, El Diario Vasco egunkariak argitaratu zuen hilaren amaieran egingo duten bilera batean iritsiko dela «behin betiko erabakia» Tolosaren jarraipenaren eta pilota emankizunen inguruan. ETBren jakinarazpen ofiziala publiko egiten ez den bitartean, Tolosak ez du adierazpenik egiteko asmorik. Bitartean, ostiral gauetan eta igande arratsaldetan pilota emankizunetako lanarekin jarraituko du Tolosak.

Amezketan jaiotako pilotari ohiak 1996an hasi zituen esatari lanak ETBn. Urteotan, 6.000 partidatan baino gehiagotan aritu da esatari. Izan ere, ETBk urtean 110 jaialdi inguru ematen ditu.

Pilotari gisa, buruz buruko txapelketako lau final jokatu zituen Tolosak: laurak Retegi II.ren aurka, eta 1989koan txapela lortu zuen. Binakako txapelketa, berriz, hirutan irabazi zuen: 1982an, 1987an eta 1989an.

Larunbat arratsaldeetako jaialdietan, bestetik, Josetxo Lizartza aritzen da esatari, Jokin Errasti pilotari ohiarekin batera.

Halaber, azkeneko denboraldiko pilota txapelketa nagusien finaletan, Pedro Mari Goikoetxea kazetariak solaserako tarte bat gidatu du. Tarte horietan, Abel Barriola, Mikel Idoate eta Juan Mari Juaristi Atano XIII.a aritu izan dira finalen osteko analisia egiten. Bai Barriola bai Idoate pilotari profesionalak izan dira —lehenak 2017an hartu zuen erretiroa, eta bigarrenak, 2016an—.

Euskadi Irratian pilotalekuetako ahots beterano bat isildu berri da: Iñaki Elorzak sanferminetan hartu zuen erretiroa; Euskadi Irratiaren hasieratik ari zen. Ondorioz, denbora gutxian, EITBko pilota emankizunen bi ahots mitiko desagertuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.