Kalamuzaleentzako azoka

Expogrow jaialdia egingo dute bigarren aldiz asteburu honetan, Ficoban; Europa osoko azokarik handiena

Erredakzioa
2013ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko kalamuzaleek beren zaletasunaz gozatzeko aukera izango dute aurten ere. Gaur hasi eta etzi arte, Expogrow azoka bigarren urtez egingo dute Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa).

11:00etan irekiko dute azoka; 7.000 metro koadroko lekua hartzen du, eta gisa horretan Europan egiten den azokarik handiena da. Kontinente osoko 200 profesionalek eta markak hartuko dute parte. Kalamuaren autoekoizpena eta autokontsumoa sustatu bide du Expogrowek.

Arratsaldean, 15:30ean, foro sozialaren lehen jardunaldia egingo dute —bihar ere egongo dira hitzaldiak—. Kalamuaren legeztatzearen inguruan hitz egingo dute mintzaldi horietan. Besteak beste, Xabier Arana EHUko Kriminologia Institutuko kideak eta Julio Calzada SG Uruguaiko Drogen Batzordeko kideak parte hartuko dute foruan. Parte hartzeko Expogrowen webgunean eman behar da izena.

Kalamutik harago doa, dena den, Expogrow azoka. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte aurtengoan ere. Bihar, Izeta aita-semeek marka ahalegina egingo dute 125 kiloko harriarekin. Musikak ere izango du bere tartea. 19:00etan hasiko dira emanaldiak; Berri Txarrak, Lee Perry Scratch, Sinsemilla eta JSK taldeak igoko dira erakustazokako oholtza gainera. Skate txapelketarekin itxiko dute etzi jaialdia.

EXPOGROW

Noiz. Gaurtik etzira.

Non. Ficoba erakustazokan, Irunen (Gipuzkoa)
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.