Ezina ekinez egina dio lelo ezagunak, eta musikari eta musikazale batzuen ekimenez sortu zen Bergarako (Gipuzkoa) Ekinez musika jaialdia, duela hiru urte, 2022an. Txikitik sortu zen, asmo handirik gabe, Beñat Etxebarria antolatzailearen hitzetan, baina dimentsioa handituz joan da, eta, ibilian-ibilian, hala iritsi dira jaialdiaren hirugarren aldira. «Musika maite dugunok gustuko dugun musika bizitzeko toki bat izateko jaio zen, kaleko doinuak izenpetu dugun horrek izan zezan eremu bat edo topaleku bat», azaldu du Etxebarriak. Gaur hasiko da jaialdia, eta aurten hiru egun iraungo du; Bergarako Labegaraietan egingo dute.
Pixkanaka handituz joan da jaialdia: lehendabiziko urtean hemezortzi taldek parte hartu zuten, eta harrera «bikaina» izan zuen, «sinestezina», Etxebarriaren hitzetan. «Ikusi genuen hor bazela zerbait berezia, ondo garatu zitekeena», azaldu du. Hori ikusita, bigarren aldia antolatu zuten: 28 talde aritu ziren orduko hartan, eta bi eszenatoki jarri zituzten, bakarra beharrean. 2024an eten bat egin ostean itzuli da jaialdia, «indarberrituta eta ideia berriak dituztela»: berrogei taldek parte hartuko dute.
Taldeen artean dagoen aniztasuna hautu kontziente bat dela nabarmendu du antolatzaileak: Naxker, Añube, J Martina, The Lio, Lukiek, The Clayton, Pubic Enemy... «Bigarren aldian egin genituen hausnarketetako bat izan zen kaleko doinuak ez direla soilik punk-rocka, eta badaudela beste musika estilo batzuk ere. Eta guk ere bageneukala ardura musika estilo horiei tokia egiteko gure jaialdian». Hortaz, punk-rockak pisu nabarmena duen arren, musika estilo ugari entzuteko aukera izango dela nabarmendu du.
Eta talde ezagunena ez ezik, talde hasiberrien plaza ere izango da Ekinez. Hain zuzen, 721 Oñatiko (Gipuzkoa) taldeak, Goiena komunikazio taldearen Danbaka musika lehiaketako irabazleak, kontzertua emango du jaialdian. Malkok ez ezik talde txiki ugarik ere joko dutela azaldu du Etxebarriak: «Mainstream-aren kontu honekin guztiarekin, norabide jakin bat hartzen ari da musika: denek betiko talde horiek ekartzen dituzte. Eta gero, proiektu txikiak aurrera ateratzeko aukerarik ez dago; ez tokirik, ez sustatzailerik, ez ezer. Horri buelta bat eman nahi izan diogu». Horri lotuta, nabarmendu du jaialdian joko duten berrogei taldeetatik 26k ez dutela aurreko aldietan parte hartu.
Egitaraua
17:30ean hasiko da jaia, eta gaurko sarrera doakoa izango da. Hasteko, mahai inguru bat egingo dute: Jaialdiak, euskal eszena musikala eta erronkak. Hain justu, jaialdi handiek eta makrokontzertuek dakartenaz hausnartzeko xedez antolatu dute: «Pentsatu genuen musikaz gain beste elementu batzuk behar genituela kaleko musikaren elkargunea izateko, beste zentzu bat emateko. Eta garrantzitsua zela, adibidez, gogoeta egitea gaur egungo euskal musika eszenaz, edo errepaso historiko bat egitea... zer lan dauzkan eta zer erronka izan behar dituen definitzea, jendeari txip hori sartzeko».
Gainera, egun lasaixeago bat antolatzea lortu dutela nabarmendu du: Asier K. eta Asier Galarzaren bakarrizketak izango dira gaur, 19:00etan, eta Kilimak taldearen kontzertua, 20:00etan. Beste berrikuntza bat izango da kanpalekua jaialdiaren eremuaren barruan egongo dela, eta tatuaje gunea eta skate ikuskizuna ere izango dituzte jai gunean.
Dena prest dute, hortaz, hiru eguneko jaialdiaz gozatzeko. Aurrera begira jaialdiak dituen erronkez galdetuta, honako hau nabarmendu du Etxebarriak: «Ikusi beharko dugu ea zer gaitasun daukagun elkarte eta antolakuntza gisa, baina egitekoak argi dauzkagula uste dut: talde txikiak elkartu, elkar ezagutu, eta ekarpen bat egin euskal musika eszenari, grosso modo. Hurrengo urtean ez, baina bi urte barru, ziurrenik, itzuliko gara».