Maika Etxekopar

«Kantatzeak on egiten dit; badut horren beharra, egiazki»

Amaren Alabak taldean kantatzen du, bost lagunekin. Kukai eta Oreka TX taldeekin, 'Hostoak' ikuskizuna sortu zuen. Le Petit Theatre de Pain antzerki taldean lan egiten du orain, eta 'Le Siphon' antzezlanarekin dabil buru-belarri azkenaldian.

Joanes Etxebarria.
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Antzezle gisa, Frantziako lau bazterretan ibiltzen da, Le Petit Theatre de Pain taldearekin, eta kantari gisa, Euskal Herri osoan, Hostoak ikuskizunarekin. Antzerkia du ofizio Maika Etxekoparrek (1987, Gotaine-Irabarne), eta kantua beharrezkoa zaio.

Hostoak ikuskizuna ematen duzue Oreka TX eta Kukai taldeekin. Nola doa?

Emanaldi anitz ukan ditugu; nik ez dut oroetan parte hartu. Ez genuen pentsatzen baziratekeela hainbeste; Euskal Herri orotan kurritu gara, baina usu, jin, jan, kantatu eta joan. Goxoa zen bi talde horiekin kurritzea. Anitz gozatu dut eman dugularik Errenterian (Gipuzkoa), Kukairen publikoa bazen, eta izan dira beste zenbait hola... Amaren Alabekin jakin dugu zer antolaketa den profesionalki aritzea. Esperientzia aberatsa izan da.

Ez duzue dudatu ikuskizun horretan parte hartzeaz. Alde profesionalarengatik pentsa daiteke presio handiagoa badela...

Gero guri presioa ezartzeko behar da anitz! Ez genuen ez erraten ahal, holako proposamen bat ez baita errefusatzen; amets eginarazten zigun. Profesionalki... pausatzen da problema guretzat, haiek profesionalak baitira, Oreka TX, Kukai eta beste artistak oro. Gu jendeen aitzinean haiek bezala gara, baina, bestalde, badugu gure bizia, zenbat aldiz behar dugu goizeko bietan sartu eta lanera joan biharamun goizean —hori besteentzat erraten dut—... Gu atxikiak gara horri, ez garela profesionalak eta badugula gure bizia.

Amaren Alabak ere aitzina ari da bere aldetik. Disko berria prestatzen ari zarete.

Gaitz da jarraitzea, bakoitza ari baikara gure aldetik lanean eta... Aitzinarazten gaitu eta elkarrekin egonarazten kanpotik baditugularik prosomenak. Egia da egin dugula jauzi bat; anitzek erran digute: «Orain egiazko ikuskizunetan ari zarete, oholtza handietan...». Heldu ginela zerbaitetara. Baina nik ez dut hola ikusten, esperientzia gisa baizik. Baina gu egiten gaituena ez da hori alde batetik; badugu gauza anitz xerkatzeko guhaurrek, ene ustez.

Antzerkia ere maite duzu, baina, ofizioa bilakatzen delarik, plazera berdina da?

Bai, gero beste maila batera iragan naiz tanpez; orduan, ez dut sobera bereizten denez ene lana baita edo maila batez tanpez igaitea gaitz baita... Baina bai, plazera badut, interesa beti badut. Ikasten dut ere zenbat lan baden plazerera heltzeko.

Zertan duzu plazer gehien hartzen, kantuan ala antzerkian?

Kantatzeak on egiten dit; erraten ahal dut badudala horren beharra ene bizian, egiazki. Badut gauzen kantatzeko beharra. Baina une honetan, ari naizen bezala, antzerkian dut lan haboro egiten, eta lanaren plazera antzerkian dut atzematen. Gero, publikoarekin, unean berean kantatzean, airean iragaten den plazer bat da; aldiz, antzerkian sentitzen dut badela plazer bat eraikitzen dena jendeekin.

Ipar Euskal Herrian bada amateur antzerki anitz ere. Nolakoa da panorama? Badira zubiak amateur eta profesional artean?

Zubi bat badela, segur. Nik sentitzen dudana da zein publikorentzat diren gauzak. Usu euskal antzerkian sentitzen dudana da, horrek bai, irri eginaraziko du. Zenbait aldiz mugatzen duena euskal antzerkia. Baina interesatzen hasi naizenetik, ikusi nahi nituen gauza anitz huts egin ditut, kanpoan izanez. Behar da gorde probokazio zerbait, baina usu aski gizen iduri zait ematen duena. Ez da profesional eta amateur arteko zerbait; da antzerki forma tradizional elibat eta aitzina xerkatzea zer baden. Eta Zuberoan badira arte anitz, baina kanpoan egiten dudan antzerkitik oso urrun direnak.

Zuberoa aipatzen baituzu. Kantagintzan nolako panorama ikusten duzu? Iduri zaizu berritzen dela?

Zuberotar kantuan, berrikuntza usu iduri zait ez dela zentzu onera ari; hitzak gero eta sinpleago... Zer aipatzen da? Lehengo gauzak, bizitu ez direnak, baina moda zaharrera heltzeko... orduan zerbait aski hutsa ematen du: herriko bestak, dantza, kantua, euskara, zenbait aldiz euskara jakin gabe daudela. Eta gitarra eta beste tresna anitz erabiltzen dira, baina musikarik gabe, justu erritmoa emateko. Konparatzen bada bakarrik ari diren gizon zenbait, beharbada badute forma arkaikoagoa edo artzain forma bat; baina haiek badute interpretazio haboro, berrikuntza haboro eta originaltasun haboro bakoitzak ematen baitu bere gisara.

Euskaraz kantatzen baituzue, publiko euskalduna behar duzue. Halakoa da?

Gu entelegatzen ahal gaituen publikoa oso txikia da. Behar baita euskalduna izan, gehi zuberotarra, kantu anitzentzat. Eta Zuberoan ez gara usu ari azkenean, baina ari izan garelarik egiazki anitz gozatu ditugun kantaldiak izan dira, abantzu berset bakoitz bada norbait komentario bat egiten... Baina bai, Amaren Alabak taldearekin izan garen herrietan iduri zait uste baino gazte haborok euskara badakiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.