ATZEKOZ AURRERA. Iker Alvarez. Gitarrista

«Kantu propioak jotzea plazera da»

Garilak 26 taldean gitarra jotzen du Alvarezek. Erromeria taldea da haiena, eta kantu propioz osaturiko lehen diskoa kaleratu dute: 'Adrenalinaren zain'. Halere, erromeria izaera mantenduko dute.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Iker Alvarez (Sodupe, Bizkaia, 1988) txistularia da izatez, baina gitarra jotzen du Garilak 26 erromeria taldean. Musikaz bizitzea du amets, eta badaki horretarako ate guztiak zabalik utzi behar dituela: «Gaur egun, oso zaila da proiektu bakar batekin bizimodua ateratzea».

Ez zarete hasiberriak. Hala ere, arnasa berria eman diozue taldeari.

Duela hiru urte hasi ginen kontzertuak ematen. Plazaz plaza ibili gara ordutik, eta 150 emanalditik gora egin ditugu. Orain, diskoa grabatu dugu, kantu propioekin. Besteen kantuak jotzeaz gain, gu ere kantuak egiteko gai garela erakutsi nahi izan dugu. Halere, erromeria taldea izan gara, gara eta izango gara. Kuban Batista jeneralari aurka egiteko sortutako matxinadari egiten dio erreferentzia taldearen izenak.

Zer da zuretzat erromeria talde bat?

Beste euskal talde batzuen kantuak jotzen dituen talde bat da; herrietako jaietan herriari gustatzen zaizkion kantuak, hain zuzen: entretenitzeko, gozatzeko, dantzatzeko, ligatzeko... Eta estilo anitz nahasten dituena: euskal dantza, rocka, folka...

Ez da oso ohikoa izaten erromeria talde batek kantu propioz osaturiko diskoa egitea.

Ez da horren arraroa. Egon dira taldeak erromeria moduan hasi zirenak, eta gero beste gauza batzuetara pasatu direnak. Erromeria talde batean jo arren, musikariak gara, eta baditugu gure jakin-min eta ezinegonak. Aurrerapauso bat eman nahi genuen; gogo handia geneukan zerbait gurea egiteko, eta zortea izan dugu diskoetxeak aukera hori eman digulako. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin.

Gehiago betetzen du norbere kantuak jotzeak?

Besteen kantuak jotzea ondo dago; gainera, badaude hainbat kantu norberarentzat garrantzitsuak direnak, eta horiek jotzearen sentsazioa itzela da. Baina kantu propioak jotzea plazera da, beste gozamen bat, eta gehiago betetzen zaitu.

Sortzaileago bihurtu zarete?

Interprete guztiak sortzaileak dira, nire ustez. Eta guk gure erara egiten ditugu bertsioak. Garilak 26 ez da erromeria talde normal bat. Oso rockeroak gara; azkartu egiten ditugu kantuak, eta distortsio puntu bat ematen diegu. Beraz, alde horretatik, artista ere bagarela esan daiteke; besteen abestiak berrinterpretatu egin ditugu beti. Egiten ditugun bertsioetan gure ekarpena handia da; badaukagu bereizgarri bat.

Zein estilotako kantuak bildu dituzue?

Lan eklektikoa da: denetarik dauka. Gure habitat naturala txosna eta parranda da, eta han ikus daitekeen guztia islatzen saiatu gara. Gure kasuan, alboka eta trikitia dira taldearen enbor nagusia, eta hori rock-and-rollarekin nahasten dugu. Punka eta ska ere ez dira falta. Gure erreferentziak ugariak dira, bakoitzak bereak ditu, baina erromeria garen heinean, besteak beste, Etzakit, Esne Beltza eta Exkixu taldeak aipatuko nituzke. Izan ere, horietatik ikasi dugu.

Kolaboraziorik izan duzue?

Hiru urte hauetan kontzertu asko eman ditugu, eta jende asko ezagutu dugu bidean. Horietako asko engainatu egin ditugu gure lehen lan honetan lagundu gaitzaten: Esne Beltza taldeko Xabi Solano, Vendetta taldeko Peio Reparaz, Siroca taldeko Maria Rivero, Enkoreko Urtzi Iza eta Txufo Wilson deituriko Bilboko eszena elektronikoko pertsonaia berezia. Gainera, bonus track bat ere sartu dugu diskoan: Bilboko Eguzkizale konpartsarentzat egindako kantu bat. Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok eta Vendettako Peio Reparazek abesten dute horretan.

Nolako kontzertuak emango dituzue hemendik aurrera?

Orain arte bezala, plazaz plaza jarraituko dugu besteen kantuak jotzen, parranda eta festa giroan. Baina errepertorioari gure kantuak gehituko dizkiogu. Sei kanta dauzka disko berriak, eta sei kanta gure emanaldien %10 besterik ez da.

Musikaren langileak deitu izan zaizue erromerietako musikariei.

Bai, batzuetan gogorra da. Kontzertu asko ematen ditugu; uda partean, batez ere. Kontzertuen iraupena hiru, lau edo bost ordukoa izaten da. Eta jotzeko ordua ere latza, gauerditik aurrera, goizaldera arte.

Erromeria taldeak modernodira oraindik ere?

Gero eta erromeria talde gehiago dago. Lehia dago, eta hori ona da ez erlaxatzeko. Halere, errepertorio aldetik nahiko antzekoak dira denak. Euskal Herriko erromeriaren moldea oso markatua dago, eta badaude klasiko asko nahitaez jo behar direnak. Gure taldean saiatzen gara klasiko horiek mantentzen eta musika berriagoei ere garrantzia ematen. Emanaldietan, lehenengo ilaretan egoten direnak oso gazteak izaten dira, 15-20 urte bitartekoak. Horrela bada, adin guztientzako kantuak jo behar dira, oreka zainduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.