Ia astebeteren ondoren, egin du azken eguna Jaialdiak: amaitu da euskal diaspora, euskal kultura eta euskara goratu asmo dituen ospakizuna, eta, beste egunetan bezala, egitarau zabala izan da azken egunean ere.
Goizetik arratsaldera, herrigunetik kanpo dagoen Expo Idaho lursail zabala izan da topagune. Atzo ez bezala, 11:00etan ireki ditu ateak, eta ia ilararik itxaron gabe sartu ahal izan dira bisitariak. Barruan, ekitaldiak nahi adina. Dantza izan da nagusi gaurkoan ere, eta euskal diasporako dantza taldeak nabarmendu dira. Idaho estatukoek ez ezik, Nevada, Utah eta Kaliforniako dantzariek eskaini dituzte emanaldiak. Halaber, izan dira bertso saioak eta herri kiroletako erakustaldiak ere, eta jende andana erakarri dute.
Arratsaldean, John the Evangelist katedrala izan da bilgune, eta, besteak beste, Boise Oñati Dancers dantza taldeak hartu du parte ekitaldian.
Iluntzean, Basque Block gunean bildu dira guztiak. Bestela ezin zitekeen bezala, euskal komunitatearen bihotza den eremu berezi horretan amaitu da ospakizuna, musika gidari. Xabi Aburruzaga eta Aitor Uribarri igo dira oholtzara berriz ere, eta, ondoren, Amuma Says No taldeak itxi du eguna.
Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitarte iraun du Jaialdiak. Bost urtean behin egiten da 1987. urtetik, baina duela bost urte ezin izan zuten egin, pandemiaren ondorioz.