Kantuz bete da Alde Zaharra

Orreaga Fundazioaren eskutik, jendetzak egin du bat Sanferminetan Kantari ekimenarekin; euskaraz abesten aritu diraKantu saio berezi horri San Jose plazan egindako bazkariarekin eman diote amaiera

Iruñeko Alde Zaharreko giroa ederki berotu zuten Orreagako kideek euren kantuekin. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Euskal kantak inoiz baino protagonistago izan ziren atzo sanferminetan, Orreaga Fundazioaren eskutik. Seigarrenez, Sanferminetan Kantari ekimena prestatu zuten, eta jendetzak egin zuen bat harekin. Ehunka lagun aritu ziren Alde Zaharreko karriketan barrena abesten, musikarien laguntzarekin. Donejakue plazan hasi, eta Kale Nagusia, Eslava, San Frantzisko plaza eta Zapateria zeharkatu ondoren, Udaletxe plazan amaitu zuten ibilbidea, eta, handik, San Jose plazara abiatu ziren denak, 600dik gora lagunentzako bazkariari hasiera ematera.

Euskal Herri osoko kantuzaleak aritu ziren atzo Alde Zaharreko karriketako giroa berotzen. «Gasteizko, Bilboko, Tolosako eta beste hainbat herritako jendea etorri da», azaldu zuen Orreagako kide Enrique Arriagak, kantatzen hasi aurretik. Tolosatik ailegatu ziren, adibidez, Ignacio Garate eta Cristina Llombart. «Ekainean Iruñean egon ginen, eta orduan esan ziguten gaur kantuan aritzeko aukera izanen zela, eta etortzea erabaki dugu».

Hondarribiko Maite Lizarragak azken unean egin zuen bat Sanferminetan Kantari saioarekin. «Egitaraua begiratu, eta hau bazela ikusi dut. Kantuan aritzea gustuko dudanez, hemen nago». Hemengoak dira, berriz, Isabel Goñi eta Felix Mauleon. «Euskaraz ez dakit, eta kosta egiten zait abestea, baina saiatuko naiz», azaldu zuen Mauleonek. Kanten hitzak idatziak zituen papera esku artean zuen. «Ni euskara ikasten ari naiz, eta horregatik etorri naiz honat kantatzera», gaineratu zuen Goñik.

Eguerdia pasata hasi zen kantuzaleen atzoko ibilbidea. Donejakue plazatik atera, eta, handik hurbil, Santo Domingo aldapan bertan egin zuten lehen geldialdia. Ixil ixilik dago kantarekin hasi ziren eztarriak berotzen. San Saturnino elizaren aurrean gelditu ziren bigarrenez, eta han bi kanta abestu zituzten, Maitiak galdegin zautan eta Txoriak txori. Kale Nagusirantz abiatu ziren Orreaga Fundazioko kideen ekimenarekin bat egin zuten pertsonak gero. Karrikaren erdian, hain zuzen, aurrez aurre, Mugarik Gabeko Ttunttuneroak taldeko txistulariekin egin zuten bat kantuzaleek. Eta indarrak batzea erabaki zuten. Txistularien laguntzarekin, Ikusi mendizaleak abestu zuten denek elkarrekin.

Udaletxeko plazaraino

Eslava karrikatik San Frantzisko plazara sartu zen abeslarien taldea, eta, handik, berriz, Kontseiluaren plazara. Plaza horretan, ordu berean Alde Zaharreko giroa alaitzen ari ziren bertze hainbat talderekin lehian aritu behar izan zuten kantuzaleek. Batetik, peña bateko txarangaren doinuak nahastu ziren abeslarien ahotsekin, eta, bertzetik, San Anton karrikan ziren txistularienak. Abeslari taldeak, hala ere, ez zuen etsi, eta jarraitu zuen kantatzen.

Plazatik hurbil, Zapateria karrikan, Xalbadorren heriotza abestu zuten. Inguruko etxeetako leihoak entzulez bete ziren, eta txalo artean hartu zuten abeslarien ekimena. Handik Udaletxeplazara abiatu ziren abeslariak eta haiekin ziren musikariak, eta plaza horretan eman zioten amaiera ekimenari, ia bi orduz kantuan aritu eta gero. Aitorren hizkuntz zaharra abestia aukeratu zuten azken txanpan abesteko.

Kantuan jarraitzeko aukerarik izan zuten, hala ere, geroago. San Jose plazan 650 pertsona ingururentzako bazkaria prestatu zuten Orreaga Fundazioko kideek, eta abesterik ez zuten faltan izan giroa alaitzen jarraitzeko. Elkarteko kide Juanja Iturraldek argi utzi zuen atzoko ekimenaren helburua zein izan zen: «Euskal kulturak sanferminetan tokia izatea, hori da nahi duguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.