Argi gorriak telesaila matrioxka panpina baten modura ireki behar da, poliki, geruzaz geruza, barruan daraman mamia behar bezala dastatzeko. Barruko geruzan, panpinarik txikienean, istorio nagusia dago gordeta: berezia, originala eta freskoa. Hurrengo geruzan tonua agertuko da: egoera dramatikoen erraietatik jaioko den umore beltz, absurdo eta garratza, batzuetan irribarrea ateratzen duena, baina irribarre deseroso horietakoa, ikuslea barrearen eta kezkaren arteko lurralde lausora eramaten duena. Eta kanpoaldean, guztia estaliz eta besarkatuz, pertsonaiak: kolorea, ironia eta mamia ematen dioten izaki konplexuak, aktore talde bikain baten eskutik mamitutakoak. Pertsonaia jasanezinak askotan, baina, noizean behin, ez gehiegitan, samurtasun izpi bat ere erakusten dutenak.
Istorioari dagokionez, agian hoberena gehiegi ez jakitea da. Euskal familia disfuntzional batek —kaosak, zinismoak eta, hala ere, gizatasun sakon batek markatutako pertsonaiek osatua— aita desagertuaren itzuleraren inguruko misterioa argitu beharko du. Itzulera hori ez da etxerako bidea aurkitu duen mamu baten modukoa, baizik eta iraganeko sekretuak eta mehatxu kriminalak nahasten dituen ekaitz baten lehen trumoia.
Euskaraz sortutako zortzi ataleko telesaila da, bakoitza ordu erdikoa, eta genero askoren arteko dantza arriskutsua proposatuko du: umorea, intriga eta familia drama elkarren ondoan jartzen ditu, batak bestearen kontra talka egin dezan. Bidean, hainbat gai agertuko dira —batzuetan zeharka, beste batzuetan zuzenean—: familia aukeratua, identitatea, talka kulturala, bikoiztaileen egoera eta lan prekaritatea, besteak beste. Guztia, gainera, ironia lotsagabe batez bustita, baina, noizean behin, bihotza ukitzen duen emozio isil batek zeharkatuta.

Elena Mugika protagonistaren larruan Itziar Ituño arituko da, eta haren interpretazioak telesailaren ardatz emozionala bihurtzen du pertsonaia. Atzean utzi ditu jada bikoizketako aktore gisa emandako urterik zirraragarrienak, eta errutinan murgilduta bizi da, senar ohia ustekabean itzuliko den arte, iktus batek ezgaituta eta heriotza mehatxu arriskutsu batean harrapatuta. Premisa horretatik abiatuko da Argi gorriak: Vidania Filmsen ekoizpena, Alex Merinok sortua, Alejandra Arrospidek ekoiztua eta Alberto Gastesik zuzendua.
Asko dago aletzeko telesail berezi honetan, baina guztia martxan jarriko duen engranajea pertsonaiak izango dira. Ituño gutxitan ikusi duen moduan ikusiko du ikusleak; haserrearen, negarraren eta inpotentziaren arteko hari fin batean dantzan dabilen emakumea da, 50 urte ingurukoa, bizitzaren nekea eta duintasuna batera daramatzana. Haren esaldi zorrotzak aizto txikiak bezalakoak dira, eta barne gatazkatik sortzen diren umore garratzeko uneek distira berezia ematen diote pertsonaiari. Gainera, adinagatik jasaten dituen iruzkin misoginoek ere itzal luzea proiektatzen dute haren arku dramatikoan.
Seme-alaben rolean, Nerea Sanz eta Arnatz Puertas ere bikain arituko dira. Succession edota Arrested Development telesailetako familien antzera, haien arteko elkarrizketak gezi truke etengabea dira: hitzak arma bihurtzen dira, baina, paradoxikoki, zauriaren erdian umorearen txinpartak agertuko dira une oro. Aitaren rolean, berriz, Iñigo Rodriguez arituko da, hitzik gabe eraikitzen duen presentzia magnetiko batekin. Breaking Bad-eko Hector Salamancaren moduan, baina, txirrinik gabe, begiekin, aurpegiko mugimendu ñimiñoekin eta tarteka ateratzen zaizkion soinuekin adieraziko du barruan daramana. Haren pertsonaiaren azpitramatik jaioko dira telesailak thriller kutsura egiten dituen urratsik ilunenak. Hiru aktoreen lana, dudarik gabe, deskubrimendu handia izango da ikuslearentzat.
Itziar Ituño gutxitan ikusi duen moduan ikusiko du ikusleak; haserrearen, negarraren eta inpotentziaren arteko hari fin batean dantzan dabilen emakumea da, 50 urte ingurukoa
Presentzia urriagoa izan arren, gainerako pertsonaiek ere nortasun handia dute: Iñigo Gastesi, Sara Cozar, Aitor Beltran, Miren Gaztañaga, Guiomar Puerta, Yangxi Chen eta Klara Badiolak, denek ematen diote narrazioari ñabardura berezi bat, mosaiko emozionala osatzen duten piezak balira bezala.
Eta, azkenik, hizkuntzak berak ere badu bere lekua istorioan. Entzuten den euskara kolore askotakoa da: euskara batua oinarri bada ere, pertsonaiek kaleko hizkera darabilte, eta elkarrizketetan hizkuntzaren bariazioekin jolasten dira. Sara Cozarren pertsonaiak hika hitz egiten du; Ituñorenak bizkaierara egiten du jauzi; beste batzuek beren doinu propioa ekartzen dute. Horrela, euskara bera ere telesaileko beste pertsonaia bat bihurtzen da.
Umore garratz eta deserosoa
Pertsonaiak eta istorioa bereziak dira, eta are bereziagoa izango da arnasten den tonua. Umore beltzez eta absurdoz jositako uneak modu harrigarri organikoan jaioko dira; ez musikak markatutako erritmoan, ez gag errazek gidatuta. Familiako harreman tirabiratsuen erraietatik sortzen den umore garratz eta deserosoa nagusituko da.
Baina telesailaren xarma ez da soilik trama nagusian ageri. Bigarren planoan, ia planotik kanpo, istorio nagusiaren ertzetan, azpitrama absurdo eta zoragarriak agertzen dira noizean behin, haize bolada surrealista baten moduan: Izaro abeslariaren cameo-a, Eneko Sagardoiren agerpen dibertigarria, Kennedy hil omen zuen Bergarako emakumearen pasadizoa, Eduardo Casanovaren presentzia… Une laburrak, baina memorian geratzen diren horietakoak.

Telesailak bere buruaz barre egiteko duen gaitasun horretan, autokontzientziaren eta lotsagabekeriaren arteko dantzan, urrunean bada ere, antzeman daiteke Coen anaien esentzia eta Zucker anaien umore absurdoaren erabilera lotsagabea.
Azken urteotan telebistako euskarazko fikzioak jauzi kualitatibo nabarmena egin du Zeru ahoak eta Hondar ahoak telesailei esker, eta Argi gorriak ez da atzean geratuko. Pantaila txikian orain arte ikusi ez den tonua, pertsonaiak eta, batez ere, nortasun handiko proposamen ausarta eskaini dute Alex Merinok, Alejandra Arrospidek eta Alberto Gastesik.
Eta, azkenean, horixe da geratzen den sentsazioa: zorionekoak direla ikusleak. 2026a lehen mailako euskarazko telesail batekin hasi delako, eta, batez ere, telesail honek erakusten duelako euskarazko fikzioak bide berriak urratzeko ausardia eta indarra dituela.
fitxa
- Sortzaileak. Alex Merino, Alejandra Arrospide eta Alberto Gastesi.
- Herrialdea. Euskal Herria.
- Urtea. 2026.
- Aktoreak. Itziar Ituño, Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Iñigo Gastesi, Sara Cozar, Aitor Beltran, Miren Gaztañaga, Klara Badiola, Yangxi Chen eta Iñigo Rodriguez.
- Non ikusi. Primeran.
- Atal bakoitzaren iraupena. 30 minutu.
- Generoa. Drama, komedia, thrillerra.