Espezie inbaditzaileak (V). Papagai bulargrisa

Karranka gogaikarri hori

Mundu osoan hedatzen ari den hegazti inbaditzaile bat da papagai bulargrisa. Euskal Herrira ez da oraindik iritsi: ale bakanen bat baino ez dute ikusi, Bizkaian eta Nafarroan. Baina haren kalteez ohar egiten ari dira adituak.

Papagai bulargris bat ('Myiopsitta monachus'), ezkur bat jaten. ANTONIO ACERO / SEO BIRDLIFE
Papagai argentinar bat ('Myiopsitta monachus'), ezkur bat jaten. ANTONIO ACERO / SEO BIRDLIFE
enekoitz telleria sarriegi
2026ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Beste apeta anker bat: edertasuna kaiola batean gorde nahia. Urrutikoa gertura, eta askea preso. Zertarako, eta barroteez bestaldetik txorakeriak xuxurlatzeko. Haren lumen ederra zimeltzen nola ari den ez erreparatzeko. Horrelaxe ekarri zuten papagai bulargrisa (Myiopsitta monachus), eta horrelaxe haren kideak: hegazti exotikoak. Exotiko izateak baimena emango balu bezala nork bere lurraldean ez dituenak besteenetatik ekartzeko. Eta hasten da karranka, eta jada ez da horren ederra. Eta bihurtzen da gogaikarri, eta astun. Zer egin? Jaregin. «Etxe ondoko parkean ederki biziko da txolarreekin eta belatxikiekin». Eta apeta zena arazo bihurtu da. Exotikoa zena, inbaditzaile. Karranka gogaikarria ez da harena, baizik behin eta berriz halakorik ez egiteko esan eta behin eta berriz egiten duenarena.

Papagai bulargrisa Hego Amerikako espeziea bat da, izatez: cotorra argentina. Argentinako, Uruguaiko, Paraguaiko, Brasilgo eta Boliviako lurralde epel eta subtropikaletakoa. Ohikoa da han, eta ugaria. Psittacidae familiako 30 bat zentimetroko hegazti bat da. Askoren ustez, kaiolan sartuta bizitzeko ederra eta oso egokia. Berdeak ditu lumak, urdinxkak erremigeak, eta grisaxkak kopeta eta bularra. Luzea du isatsa, eta sendoa, motza eta kakoduna mokoa: okre argia. Nahastu izan dute papagai lepokodunarekin (Psittacula krameri), baina hori Asiatik eta Afrikatik ekarritakoa da, guztiz berdea da, isats luzeagoa dauka, eta habiak zuhaitzen zuloetan egiten ditu —papagai bulargrisak habia erraldoiak egiten ditu zuhaitzetako adaxkak eta hostoak erabilita—. Hori bai: biak dira espezie exotiko inbaditzaileak.

Papagai bulargris bat, parke batean.
Papagai bulargris bat, parke batean. ANTONIO ACERO / SEO BIRDLIFE

Eta komeni da hori argitzea: hegaztiak kontinente batetik bestera mugitzeko gai baitira. «Migratzaileak dira, baina migratutako hegaztien iritsiera naturala izaten da. Halako erregistro asko dauzkagu. Horietako asko ez dira ohikoak izaten, eta hegazti arraro gisa dauzkagu izendatuta. Baina hegazti exotiko inbaditzaileak komertzializatutako hegaztiak dira. Eta une jakin batean, askatu egin dituzte edo ihes egin dute», azaldu du Blas Molinak, SEO-Birdlife erakundeko biologo eta teknikariak. Haiena da papagai bulargrisari buruzko azken errolda.

Espainiako Estatuan, 1970eko hamarkadaren erdialdean agertu ziren lehen aleak. Trumilka ekartzen zituzten garai hartan. «Oso polita da, eta jendeak horregatik erosten zuen: oso ikusgarria delako. Baina etxean hiru egun edukitzen duzunean, jasanezina bihurtzen da. Sekulako karrankak botatzen ditu. Eta etxeko sukaldean, terrazan, edo jartzen duzun tokian, karranka horiek jasangaitzak bihurtzen dira». Eta jendeak zer egiten zuen, orduan? «Akabatu ez duzunez egingo, bada, naturan askatzen duzu. Gertatu litekeenaz jabetu gabe. Horixe gertatzen da espezie askorekin: askatzen ditugula naturan zer ondorio izan dezaketen jakin gabe», nabarmendu du Molinak. 

Katalunian oso zabalduta dago —Bartzelona hirigunean, batez ere—, Madrilen ere bai —Madril hiriburuan, batez ere—, eta Andaluzian ere asko daude —Malaga eta Sevilla hiriburuetan, batez ere—. Frantziako Estatuan ere badaude, baina populazio txikiak baino ez, eta ez dituzte inbaditzailetzat hartzen. Euskal Herrira ere ez da oraindik iritsi: ale bakanen bat baino ez dute ikusi, Bizkaian eta Nafarroan. Dena dela, ikerlariek aterata dituzte kontuak: 1986tik 2005era bitartean —urte hartan debekatu zuten Europako Batasunean hegazti exotikoak sartzea—, ia 200.000 papagai bulargris iritsi ziren Europara, legez kontra. 2013an, Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen papagai bulargrisak edukitzea eta saltzea, baita gatibutasunean hazitakoak ere. «2024ko azken erroldaren arabera, papagai bulargrisaren populazioak hazten jarraitzen du. Mediterraneoko kostan asko hedatu da. Malagan, esaterako, sekulakoa izan da hazkundea. Katalunian ere hazten segitzen du. Eta Madrilen ere, neurriren bat edo beste hartu den arren, populazio handi eta egonkor bat dago, eta segituko du hazten», iragarri du Molinak. «Euskal Herrira ere iritsi da aleren bat, baina ez da arazo bihurtu. Klimaren eraginez, ziurrenik. Horko klimara ez delako egokitzen. Baina kontuz».

Papagai bulargrisen habia erraldoi bat. BERRIA
Papagai bulargrisen habia erraldoi bat. BERRIA

Izan ere, «egokitzeko duen gaitasuna» da papagai bulargrisaren ezaugarri behinena: bere garaian iritsi ziren haietako asko egokitu eta ugaldu egin dira. «Egokitzen asmatu du. Baliabideak eta elikagaia topatu ditu, eta aurrera egin du. Eta orain jada natura inbaditzen duen espezie bat da. Inguru urbanoetan egin du tokia. Hiri handietan. Hiri handi horietan saltzen zelako, gehienbat». Hegazti exotiko guztiek ez dute egokitzeko gaitasun hori, eta ez dira denak inbaditzaile bihurtzen. Molinak papagaitxoaren edo perikitoaren adibidea jarri du (Melopsittacus undulatus): «Perikitoa oso espezie arrunta da. Kaioletatik-eta ihes egindakoa da hura ere, baina ez da papagai bulargrisa bezain ongi egokitu. Ikusten dira perikito ale batzuk parke batzuetan, baina gehienak hil egiten dira, ez dutelako bizitzeko adina baliabide topatzen». 

Papagai bulargrisak, izan ere, denetik jaten du: haziak, aleak, loreak, kimuak eta hostoak; intsektuak eta haien larbak; txori txikiagoen arrautzak. Parkeetan topatzen duen ia guztia: janari hondarrak, gramineak eta landare exotikoak. Baina arriskurik handiena —eta ikerlariek diote hori dela eragotzi beharrekoa—, laborantza lurretara iristea izaten da: arroz soroetara eta artasoroetara. Triskantzak eragin ditzake —eta eragin izan ditu— zereal sailetan. Izurrite gisa dago izendatuta bere jatorrizko herrialdeetan, eta baita AEBetan ere.

Habia erraldoiak egiten ditu: komunitarioak. 500 kilo eduki ditzakete, eta parkeetan eta inguruetan arriskua eragin, erori egiten baitira askotan. Desplazatu egiten ditu bertako hegaztiak: txolarreak, zozoak eta belatxikiak, besteak beste. «Halako espezieek horixe egiten dute: toki bat topatzen dute ingurunean, nitxo bat, eta kalteak agerikoak dira. Hazten segitzen du, eta inbertsio bat egiten ari gara, baina zakarretara botatzen ere bai», kritikatu du Molinak. Eta arrazoitu du kritika: «Hartu diren neurriak ez dira modu koordinatuan hartu, eta ez dira denean berdinak izan. Ez da erraza. Guk administrazioari ez diogu esaten zer neurri hartu behar duen. Batzuetan, izan ere, gatazkatsuak izan daitezke. Badagoelako korronte edo pentsamolde animalista bat ere, esaten duena jada ez dela papagaiaren kontrako neurririk hartu behar. Gatazka sozialak sortzen dira, eta ez da erraza neurriak hartu, neurriak koordinatu eta neurri berak ezartzea». Balinekin ehizatu izan dituzte, sareekin, kaiolekin, eta metodo kimikoekin, ahotik hartzeko antisorgailuak erabiliz. 

Molinak espezie inbaditzaile horiei guztiei buruzko beste hausnarketa bat egin du, eta «zerrenda positiboen» gaia atera du: «Espezie inbaditzaile askoren jatorrian komertzializazioa dago. Eta geroz eta indar gehiago ari dira hartzen zerrenda positiboak. Balorazio zientifiko bat egin ostean, espezie jakin batzuk aukeratzen dira zerrenda horretan sartzeko: maskotak gustuko dituenak etxean eduki ditzan, baina ihes egingo balute inbaditzaile bihurtu ez daitezen». Espainiako Gobernua zerrenda positiboen legea arautzen ari da. Karranka gogaikarri gehiago egon ez dadin.

Leiotrix mokogorria. EBIRD
Leiotrix mokogorria. EBIRD

leiotrix mokogorria iritsi da

Japoniako urretxindorra ere esaten diote, eta hegazti inbaditzaile bat da hura ere (Leiothrix lutea). Kaiola barruetan sartu eta haren ederra goresteko ekarri zuten hura ere. Asia hego-ekialdeko txoritxo bat da, baina iritsi da Euskal Herriko basoetara ere —nahiago ditu basoak hiriak baino—. Ikusi dute Araban: Artziniegan eta Zuhatzan. Ikusi dute Bizkaian: Berrizen, Durangon eta Erandion. Ikusi dute Gipuzkoan: Hondarribian, Irunen eta Donostian. Eta ikusi dute Nafarroan ere: Iruñerrian, Esteribarren eta Aezkoan. Ale batzuk baino ez, oraingoz. Landetatik iritsi da Euskal Herrira, bai baitago han populazio egonkor bat. Hamabost zentimetro baino ez dauzka, baina bertako hegaztiak desplazatzen ditu: amilotx urdina (Cyanistes caeruleus) eta txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla), besteak beste. Landare inbaditzaileen haziak barreiatzen ditu, eta hegaztiei eragiten dieten gaixotasunak ere bai.

JAKINGARRIAK

  • Nola izena duen. Myiopsitta monachus. 
  • Nongoa den. Argentinako, Uruguaiko, Paraguaiko, Brasilgo eta Boliviako lurralde epel eta subtropikaletako hegaztia da, eta haren hedapena izurritetzat jota dago herrialde horietako batzuetan.
  • Noiztik dagoen Euskal Herrian. Ale bakan batzuk baino ez dituzte ikusi, oraingoz: Bizkaian eta Nafarroan. Espainiako Estatuan, 1970eko hamarkadaren erdian agertu ziren lehen aleak. Gaur egun, Kataluniako, Madrilgo eta Andaluziako hiriguneetan populazio handiak daude, eta arazoak ari dira sortzen. Benetako arazoa, ordea, laborantza lurretan eragiten dute.
  • Zer espezie kanporatu duen. Habia erraldoiak egiten ditu: komunitarioak. 500 kilo eduki ditzakete, eta parkeetan eta inguruetan arriskua eragin, erori egiten baitira askotan. Desplazatu egiten ditu tokiko hegaztiak: txolarreak, zozoak eta belatxikiak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA