Espezie inbaditzaileak (IV). Koipua

Karraskari handi bat karraskan

Larrugintzarako ekarri zuten koipua Europako etxaldeetara. Ihes egin zuen, edo inguruan askatu zuten, eta uretako ekosistemak karraskatzen ari da geroztik. Munduko espezie inbaditzailerik kaltegarrienen zerrendan dago.

Koipu batzuk ('Myocastor coypus), ibai baten ertzean. EFE
Koipu batzuk ('Myocastor coypus), ibai baten ertzean. EFE
enekoitz telleria sarriegi
2026ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

On puska bat dirudi. Musaje lasaia, begirada xaloa eta mugimendu pausatua. Arratoi handi batena du itxura: isats luzea, biluzia eta zilindrikoa; belarri txiki-txikiak, begiak eta sudur zuloak buruaren gainaldean, 5-10 kilo, eta 50-70 zentimetro burutik isatseraino. Ile arrea; horixkak eta luzeak xerlo batzuk. Muturra eta musua zurixkak. Eta laranja kolorekoak ditu armak: ebakortz zorrotz-zorrotzak. Horiekin karraskatzen ditu hezeguneetako lezkadiak, eta ingurumen arduradunen egonarriak. On puska itxurako batek eragindako kalte puskak dira koipuarenak (Myocastor coipus): habitatak ari da eraldatzen, batean eta bestean, karraskan. Euskal Herrian ere ikusi zuten hark karraskatutako bioaniztasuna arriskuan, baina «kontrolpean» dute. Oraingoz.

Ez zen atzo goizean iritsi. Eta ez zuten bere borondatez ekarri. Gipuzkoan hartu zuen indarra 2000ko hasieran. Lau arroatan: Bidasoan, Oiartzunen eta Urumean finkatu zen; Orian ere atzeman zuten, baina ez zen finkatu. «Gipuzkoan, koipuari buruzko lehen erreferentzia 1970ekoa da. Frantziatik datoz. Larru industriarako ekarri zuten, eta denera hedatu da. Frantzia guztia okupatuta dago, eta Europa erdialdea ere bai», azaldu du Iker Zubimendik, Gipuzkoako Aldundiko Basa Animalien eta Landareen zerbitzuko teknikariak. Italian, Alemanian, Belgikan eta Herbehereetan oso hedatuta dago, eta triskantzak eragiten ari da.

Gipuzkoan, goia jo zuen garai hartan, aldundiak tranpak jartzeko kanpaina bat abiatu zuen. Koipuak murriztea zen helburua. «Ez da lortu guztiz desagerraraztea, baina mugatzea, bai. Txingudi inguruan bakarrik daukagu orain: Hondarribia, Jaizubia, Osinbiribil eta Plaiaundi inguruetan egindakoak izan dira azken harrapaketak», azaldu du Zubimendik. Eta eman ditu azken datuak ere: 2025ean, 44 koipu harrapatu (akabatu) zituzten; 2020an, 120. Nafarroan, Bidasoa ibaiaz gain, Ebro eta Arga ibaietan ere badira populazioak, baina egonkorrak dira, ongi egituratuta daude demografikoki, eta ez da horien inguruko kontrol lanik egiten —2007an egin zuten azkenekoa—. Ipar Euskal Herrian ere badira populazioak. Handik iritsi dira Gipuzkoara. «Landetara joaten bazara, koipuak nonahi ikusten dira. Eta galdetzen diozu zeure buruari: ‘Hemen ez du inork neurririk hartzen?’. Hartzen dituzte, baina ez dira eraginkorrak izan. Frantzian, koipuaren gaiak eskuetatik ihes egin die. Orain arte aplikatu dituzten neurriak ez dira nahikoak izan, eta hausnarketa prozesu betean daude, arazo horri aurre egiteko», nabarmendu du Zubimendik. Azken hogei urteotan ari dira han koipuaren kontrako borrokan, eta urtero milioi bat ale harrapatzen dituzte.

«Ez da lortu guztiz desagerraraztea, baina mugatzea, bai. Txingudi inguruan bakarrik daukagu orain: Hondarribia, Jaizubia, Osinbiribil eta Plaiaundi inguruetan egindakoak izan dira azken harrapaketak»

IKER ZUBIMENDIGipuzkoako Aldundiko Basa Animalien eta Landareen zerbitzuko teknikaria

Kaltegabea dirudi koipuak, itxuraz, baina IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren arabera, munduko ehun espezie inbaditzailerik kaltegarrienen zerrendan dago. Katalunian, esaterako, neurririk gabe ari da hedatzen. Baix Emporda inguruko itsasertzeko urmaeletan eta arroz soroetan ikusi dute igerian, Montgri, Illes Medes eta Baix Ter parke naturalean, Congost eta Tordera ibaietan, eta laster barru Bartzelona hirigunean sartuko dela iragarri dute adituek. Valentziara ere iristekoa ei da.

Hego Amerikako espezie bat da koipua, izatez. Larru etxaldeetarako ekarri zuten Europara, preziatua baitzen haren larrua bere garaian. Krisian sartu zen sektorea, herrialde askotan debekatu egin zuten koipuaren eta halako beste espezieen larrua saltzea, eta zaharkituta gelditu ziren etxalde haietako asko. Bertatik ihes egin zuten batzuetan, eta inguruan askatu zituzten bestetzuetan. Frantzian asko hedatu zen. Pirinioak zeharkatu zituen, eta handik sartu zen Euskal Herrira. 

Uretako ekosistemei kalte egiten die: eraldatu. «Belarjalea da, ibaietan bizi da, eta ibaietako landaredia jaten du. Asko jaten du. Sustraiak ere bai. Den-dena jaten du. Horren eraginez, ibaietako ezpondak-eta higatu egiten ditu. Bertako espezieekin lehiatzen da. Eta lehia horren ondorioz, bertako espezie horietako batzuk murriztu egiten dira, nabarmen», azaldu du Zubimendik. Lezkadietako hegaztiei ez die habiarik egiteko tokirik uzten —kopetazuriei (Fulica atra), basahateei (Anas platyrhynchos) eta txilinporta txikiei (Tachybaptus ruficollis), besteak beste—, arrainen errunaldi garaiak hankaz gora jartzen ditu, eta desplazatu egiten ditu tokiz Pirinioetako muturluzea (Galemys pyrenaicus), igaraba (Lutra lutra) eta bisoi europarra (Mustela lutreola), besteak beste —horietako batzuk, Euskal Herrian galzorian dauden espezieak dira—.

Eta parean harrapatutako ia dena jaten du: koipuak bere gorputzaren pisuaren %25 kontsumitzen du egunero, eta urte osoan jaten dute. Landareen zurtoinak eta landareen sustraiak. Zuloak egiten dituzten sustrai, errizoma eta tuberkulu bila. Jaten dituzte urmaeletako zuhaixkak, kanaberak, lezkak, sagitariak eta spartinak. Parean harrapatuz gero, gizakiek laborantzarako sortutakoak ere bai: lastodunak, alpapa, artoa, arroza eta azukre kanabera.

Ez da batere erraza koipuari aurre egitea. Oso-oso azkar ugaltzen da: hiru-sei hilabeterako sexualki helduak dira. Eta urte osoan umatzen dute: eme bakoitzak bi edo hiru sabelaldi izan ditzake urtean, eta lau-zortzi kume sabelaldi bakoitzean. Ernaldiak 130 egun irauten du. Kumeek 200-300 gramo izaten dituzte jaiotzen direnean: begiak irekita eta ilez estalita jaiotzen dira, eta ibili eta igeri egiteko gai dira jaio orduko. Belarra ere hasieratik jan dezakete. Emeek gorputzaren bi alboetan izaten dituzte errapeak. Horri esker, ur gainean edo erdi sartuta dagoela ere eman diezaieke kumeei esnea, baita igerian ari direnean ere. Lurraldekoiak dira, eta oldarkorrak ere bai euren burua mehatxupean eta inguratuta ikusten dutenean: hozka egin izan diete gizakiei, eta txakurrei. Gautarrak dira. Jarduera gehien ilunabarrean eta iluntzean izaten dute. Asko eta erraz ugaltzen da, beraz, eta ez du ia harraparirik. Hego Amerikan bai, han kaimanek jaten dute koipua. Hemen, ez dute halakorik. Oraingoz.

Koipu bat, tranpan harrapatuta, Txingudin. GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Koipu bat, tranpan harrapatuta, Txingudin. GIPUZKOAKO ALDUNDIA

«Tranpak jartzea». Horixe da koipuari kontra egiteko neurririk eraginkorrena. Harrapatzen dituztenean, hil egiten dituzte. Animalien ongizaterako arauak errespetatuz, eta horrelakoak egiteko prestatuta dauden teknikari kualifikatuen laguntzaz. «Tranpak jartzen ditugu. Metalezko kaiolak izaten dira. Batzuetan, leku jakinetan jartzen dira, bertan aleren bat badagoela dakigunean. Beste batzuetan, ausaz jartzen ditugu. Sagarra gustatzen zaie, eta sagar zatiak jartzen dizkiegu tranpara erakartzeko. Badaude tranpa edo kaiola indibidualak, eta orain taldekakoak ari gara probatzen», azaldu du Zubimendi teknikariak. Eta jasotzen dituzte jendearen deiak ere. «Basozainek irratian jasotzen dute deia. Adibidez, Irun inguruko bizilagun batek lorategian koipu bat ikusi duela esanez. Tranpak jartzen ditugu bertan, eta saiatzen gara populazio horiek edo arazoak sortzen dituzten ale horiek erretiratzen». 

Ez da erraza espezie inbaditzaileen kontra egitea. Are gehiago, behin iritsi eta tokia hartzen dutenean. Halakoetan, kopurua murriztea izaten da helburu nagusia, eta Zubimendi konforme dago hori lortu dutelako. «Esfortzu handia egin dugu, eta lortu dugu koipuaren hedadura murriztea. Baina beti izango ditugu koipuak Gipuzkoan, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neurri eraginkorrak hartzen ez dituzten bitartean. Populazioa hainbeste hazi zaienez, ez da horren erraza neurri eraginkor horiek hartzea». Kontzientzia asko daude karraskatzeko.

Kastore bat (), Arga ibaian. JESUS DIGES / EFE
Kastore bat ('Castor fiber'), Arga ibaian, Iruñerrian. JESUS DIGES / EFE

ez nahastu: koipua ez da kastorea

Biak ikus daitezke Euskal Herrian: koipua (Myocastor coypus) eta kastorea (Castor fiber). Izan ditzakete antzeko ezaugarriak, baina ezberdintasuna nagusia ez da fisikoa. «Ezberdintasun nagusia da koipua espezie inbaditzailea dela; kastorea, ordea, ez», azaldu du Zubimendik. 

Kastorea bertako espezie bat da, bere garaian galdu egin zen, baina babestutako espezie bat da gaur egun. Zerk sortzen du nahastea? «Ilegalki askatu zutela. Halako espezie bat birsartzeko oso plan zehatza eta garatua behar da. Kasu horretan, ez zuten horrelakorik egin. Talde batek askatu zituen. Eta eztabaida sortu zen, eta dudak sortu ziren. ‘Ilegalki sartutakoa bada, kendu egin behar da? Baina bertakoa bada?’. Hori jada aldatu da, eta administrazio guztiak bat datoz: kastorea espezie babestua da». Are gehiago, Ebro ibaiaren arroan askatu zuten, «eta Gipuzkoara iristear dago».

JAKINGARRIAK

  • Nola izena duen. Myocastor coypus. 
  • Nongoa den. Hego Amerikakoa da jatorriz: Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Paraguai eta Uruguai.
  • Noiztik dagoen Euskal Herrian. 1970ekoak dira lehen erreferentziak. Larrugintzarako ekarri zuten Europara. Frantzian asko hedatu zen. Pirinioetan barrena iritsi zen Euskal Herrira.
  • Zer espezie kanporatu duen. Lezkadietako hegaztiei ez die habiarik egiteko tokirik uzten —kopetazuriei (Fulica atra), basahateei (Anas platyrhynchos) eta txilinporta txikiei (Tachybaptus ruficollis), besteak beste—, arrainen errunaldi garaiak hankaz gora jartzen ditu, eta desplazatu egiten ditu tokiz Pirinioetako muturluzea (Galemys pyrenaicus), igaraba (Lutra lutra) eta bisoi europarra (Mustela lutreola), besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA