Karrozek beteko dituzte kaleak asteburuan

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean hainbat ekitaldi antolatu dituzte inauteriak ospatzeko

Erredakzioa
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hainbat herritan ospatzen ari dira egun hauetan inauteriak. Eta asteburuan, kolorez beteko dituzte kaleak hiriburuetako karroza desfileek.

Donostian, bihar eta etzi izango da karrozen desfilea. 17:00etatik aurrera, 27 konpartsa eta karroza irtengo dira kalera, eta Bulebarretik hasita, hiriko kaleetatik barrena egingo dute ibilbidea. Hiriguneko kaleak mozorroz jantziko dituzte: Hernani kalea, Prim kalea eta Gipuzkoa plaza izango dira desfilea igaroko den tokietako batzuk. Bulebarrean amaituko dute ibilbidea.

Gasteizen, berriz, hemeretzi konpartsek eta hogei ekitaldik baino gehiagok girotuko dituzteinauteriak aurten. Inauterietako egun handia, ezbairik gabe, biharkoa izango da. Urtero legez, Gasteizko pintoreek ez dute hutsik egingo inauterierako hitzordura. Ohi duten moduan, trenez iritsiko dira Dato kaleko geltokira, 13:00etan. Handik Plaza Berrira abiatuko dira, Teresa Ibañez aktore gasteiztarrak emango duen pregoia entzutera.

Arratsaldean, berriz, hiriko kale nagusiak kolorez eta doinuz beteko dituzte hemeretzi konpartsek. Aurten, 4.000 lagun baino gehiagok parte hartuko dute inauterietako karrozetan. Azken urteetako parte-hartze handiena izango da. Etzi ere ibilbide bera egingo dute.

Bilbon ere egongo da bihar zer ikusia. Bilboko konpartsek, esaterako, 18:00etan abiatuko dute Zabalburutik mozorroen jaitsiera. Sari banaketaren ondotik, Gose eta Bunpada Sound musika taldeek alaituko dute gaua.

Bilboko Udalak, aldiz, Mozorro karrikaldia antolatu du. Desfilea 18:30ean aterako da Jesusen Bihotza kaletik. Besteak beste, Deabru beltza, Sarruga eta La Baldufa antzerki konpainiek parte hartuko dute. Aratustodromoaren bitartez, ordea, gustu eta adin guztietakoentzako animazioa eskainiko dute 20:00etatik aurrera.

Iruñean, auzokako festa da inauteriena. Orain aste batzuk ospatu zituzten Donibane auzoan, eta Alde Zaharrekoen txanda heldu da asteburuan. Programa oparoa prestatu du auzokideen elkarteak. Auzoarentzako liburutegi duina da festaren bidez bihar aldarrikatuko dutena, eta auzoko peña, taberna eta kale gehienak erabiliko dituzte horretarako. Txarangak, bazkariak, kontzertuak... izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.