Kaxa gaineko zirrara

Larunbatean hasi ziren, eta asteazkenean bukatuko dira San Pedro jaiak Lekeition. Gaur izan da egun nagusia, eta kaxarranka dantzatu dute, urtero legez. Naia Rojo dantzaria igo da kaxara aurten.

Naia Rojo kutxaren gainean, kaxarranka dantzatzen, gaur, Lekeitioko San Pedro arkuaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Naia Rojo kutxaren gainean, kaxarranka dantzatzen, gaur, Lekeitioko San Pedro arkuaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
2026ko ekainaren 29a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

San Pedroren imajina duen arkuaren aurrean pilatzen hasi da jendea. Santuaren izena duten jaiak larunbatean hasi ziren, eta bi egun barru bukatuko dira. Gaur da Lekeitioko (Bizkaia) jaien egun nagusia. Ordu bat baino gehiago falta da ikusleen buruen gainetik goratzen den dantzaria ikusteko, baina lekeitiarrek ez dute dantzaldia galtzeko asmorik. Nagusienek garagardo eta gilda banarekin goxatu dute itxaronaldia, kuadrillako lagunekin olgetan. Gazteenek, aldiz, portuaren zoruko lauza karratuak kolorezko kleraz margotzeari ekin diote. Izar bat lauki horretan eta ostadarra beste hartan.

Azkenik, heldu da ordua, eta arkuaren ondoko kaletik agertu da Naia Rojo, Etorkizuna dantza taldeko kidea, kutxa gainean tente. Hankak finkaturik eta besoak zabalik egin du San Pedroren parera heldu arteko bide laburra, eta oihu eta irrintzi ozenek egin diote ongietorri. Jendeari bizkarra emanda eta santuaren irudiari begira hartu du dantza hasi aurreko azken ahokada. Zangoak astindu eta kaxarranka dantzatzeari ekin dio. 

Kaxarranka dantzatu duen hirugarren emakumea da Rojo. Etorkizuna dantza taldeak 2022an eten zuen urtez urte betikotutako neurria: gizonek bakarrik dantza zezaketela zehazten zuena. Izan ere, aurreko 50 urteetan, Pedro Murelaga eta Asier Uskola baino ez ziren igo kaxa gainera. Ane Maruri izan zen lehena, eta, geroztik, Olatz Maruri ahizpak ere dantzatu du. Lau urte igaro dira emakumeek ere dantzatu zezaketela erabaki zutenetik, eta herriak aldaketa hori «txalo zaparrada» batez hartu zuela gogora ekarri du Jone Goenaga lekeitiarrak. «Pozik gaude, neskak zein mutilak gai baitira dantza hau egiteko».

Rojok txalo zaparrada bera jaso du gaur San Pedroren arkuaren aurreko dantzaldia bukatu duenean. Amaitu bezain agudo jarri dira martxan ikusleak. Izan ere, kaiaren eta arrantzaleen kofradiaren arteko txokotxoan leku ona aurkitu behar dute kaxarrankaren bigarren aldiaz gozatzeko. Hain zuzen ere, lehen lerrotik gertu kokatu da Rojoren familia. Irribarre zabala eta begirada samurra eskaini dizkie dantzariak senideei, eta haiek «Aupa Naia!» oihukatuz hauspotu dituzte gaztearen kulunkak eta jauziak.

Txapela erantzita

«Oso berezia izan da. Zoriontsu ikusi dut, bete-beteta eta irribarretsu denbora guztian», azaldu du Goenagak, malko artean. Izan ere, dantzariaren izekoa da, eta hurbiletik bizi izan du San Pedro eguna heldu aurreko asteetan Rojok sentitu duen urduritasuna. «Sakelakoak euria izango genuela markatzen zuen, eta zeruari begira eman ditu azken hamabost egunak». Eguraldia, ordea, lagun izan du gaurkoan, eta eguzkiak ere lainozko txapela erantzi du tarteka.

Udaletxeko plaza izan da ikusleen hurrengo geralekua. Etorkizuna dantza taldeko dantzariek soka dantza egin dute bertan. Koloretako mantoi loredunak soinean eta krabelinak paparrean aritu dira dantzan. Jendartearen artetik dantza osatzeko kide berriak hautatu dituzte, eta horrela luzatu dute zapiekin lotutako lerroa. 

Soka dantza bukatu denean hasi da kaxarrankaren hirugarren eta azken saioa. Aurreko aldietan bezala, kaxaren eta mahon kolorez jantzitako sei lagunen sorbalden gainean sartu da Rojo plazara, alde banatan lau arraunlarik lagunduta. Udaletxeko balkoira begira irribarre zabala izan du ahoan etengabe, eta poztasun hori nabarmen kutsatu zaie begira zeuden lekeitiarrei. «Ederra!», oihu egin du alaba besoetan daukan ama batek, eta beste neska batek harridura aurpegia jarri dio bere lagunari.

«Sentimendu indartsuak»

Irribarreak, ordea, bi noranzko dituela baieztatu du Rojok: «Izugarria izan da dantzatzea eta etengabe jendearen animoak jasotzea; horregatik egon naiz denbora guztian irribarre bategaz». Kaxa gainera igotzea «pozgarria» izan dela azaldu du, umetatik ikusi baitu dantza. «6 urte nituela hasi nintzen dantzan, eta, gainera, gizonek baino ez zuten egiten lehen; beraz, emakume eta dantza taldeko kide gisa, ohorea da kaxarrankaren dantzari izatea».

Lekeition jaieguna den arren, lan egin behar izan dutenak ere badaude ikusleen artean. Arantza Artolaza beharrean aritu da goizean, eta «arin-arin» iritsi da plazara, kaxarranka «behin behintzat» ikusteko. Arrantzale familia du Artolazak, eta egun hau «oso garrantzitsua» da harentzat. Izan ere, itsasoko bizimodua gogoratzeko eguna da San Pedrorena. Lekeitio «sentimendu indartsuak» dituen herria dela azaldu du Artolazak; emozio horiek dira, hain zuzen ere, Rojok kaxaren gainean dantzatzean piztu dizkionak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA