Kilometroaren muga ez gainditzeko euskarazko aplikazioa garatu dute

Bizitokitik COVID-19 du izena Egoitz Gonzalez informatikariak sortutako tresnak, eta doan jaisteko jarri du.

Kilometro baten erradioa, eta erabiltzailea non dagoen erakusten du aplikazioak. EGOITZ ALDAKUR
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 29a
18:37
Entzun

Espainiako Gobernuak ezarritako arauaren arabera, gehienez kilometro bat urrun daiteke etxetik haurrekin paseatzeko, esaterako. Baina zenbat da kilometro bat?

Ez da erraza kalkulatzen: pauso luzexka batek gutxi gorabehera metro bat duela onartuta, mila bat zenbatu beharko lirateke. Baina litekeena da kontua galtzea bidean, batez ere paseoaz edo kirolaz gozatu nahi bada. 

Arazoari konponbide teknologikoa topatu dio Egoitz Gonzalez ingeniariak. Telefonorako aplikazio bat sortu du, erabiltzaileari erakusten diona kilometroa gainditu ote duen. Bizitokitik COVID-19 jarri dio izena softwareari.

Erabiltzaileak puntu bat aukeratu beharko du mapa batean, eta aplikazioak borobil batez erakutsiko dio noraino joan ahalko den. Gainera, tresnak erabiltzailearen posizioa jarraituko du, une oro (geolokalizazioa aktibatuta eduki beharko da horretarako), eta mapan puntu urdin batekin erakutsiko dio.

«Aplikazioa lehen aldiz exekutatzerako orduan etxean egon behar duzu. Modu honetan, aplikazioak zure uneko posizioa gorde eta beharrezko eremua marraztuko du. Zure bizitokia eta eremua aplikazioaren memorian gordeko da. Ez dira datuak hodeian gordetzen, zure pribatutasuna bermatuz», idatzi du informatikariak. Gune honetan jarri du Bizitokitik COVID-19 aplikazioa, deskargatzeko

Lizentzia librean argitaratu du aplikazioa, halaxe garatzen dituelako tresna guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.