Arrikrutzen (Oñati, Gipuzkoa), 360 graduko esperientzia berria jarri dute martxan gaurtik aurrera. 360 graduko bisita gidatu bat izango da, horretarako propio sortutako betaurrekoak erabilita. Hamabi bat minutuko esperientzia biziko dute bisitariek, eta kobako hainbat txokotan egoteko aukera izango dute, errealitate birtualari esker.
Bihar, Ekainberrin (Zestoa, Gipuzkoa), Ekain Fast bisita gidaturako sarrerak erdi prezioan egongo dira. Bestalde, Ekain Abentura jardunaldirako sarrerak eskuragarri daude, bai gaurko eta baita biharko ere. Koba 11:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.
Donapaleun (Nafarroa Beherea) daude Izturitze eta Otsozelai kobak. Bisitarientzat irekita egongo dira asteburu honetan Paleolitoko gizakien babesleku izan ziren koba horiek. Bisitak 14:00etatik 17:00etara izango dira. Apirilaren 9tik aurrera ere goizeko txanda izango dute.
Pozalaguako (Karrantzako arana, Bizkaia) sarrerak bi baten prezioan eskuratu ahal izango dira. Gainera, bihar, 12:00etan, Dolomitas museora doako bisita bat egingo da. Aldez aurretik izena eman beharra dago, www.cuevadepozalagua.eus webgunean.
Ipuin ibilbidea antolatu dute Sarako (Lapurdi) leizean. Bertan dauden harrien askotariko formak baliatuko dituzte etxeko txikienei ipuinak kontatzeko. Bihar izango da ekintza, eta ez dute parte hartzaile gehiagorik onartzen.
Bisita gidatuak
Gaur eta bihar bisita gidatu andana izango dute Mendukiloko koban (Astiz, Nafarroa). Gaur, 10:00etan hasiko dira, eta 11:30eko saioa Aranzadik gidatuko du. Bihar erdi prezioan izango dituzte sarrerak, eta bisitak 10:00etan hasiko dira. www.mendukilo.com webgunean eskuratu daitezke sarrerak.
Urdazubin (Nafarroa), sarrerak erdi prezioan egongo dira bihar. Turismo bulegoak gomendatu du sarrerak aldez aurretik erosteko, www.cuevasurdax.com webgunean.
Haurrentzako abentura mitologikoa izango da gaur eta bihar Zugarramurdin (Nafarroan). Bihar Historiaz betetako etxeak bisita izango dute bisitariek.