Oporrak utzi, baina jaiak hartuko du Legutio bihar (Araba). Udako itzulera traumatikoa izan ez dadin, lanerako buelta baino egun batzuk lehenago itzultzea gomendatzen dute adituek, ahalik eta hobekien egokitzeko. Baldintza hori betetzen arazorik ez dute izango legutioarrek; izan ere, irail hasieran hasten dituzte herriko jaiak. Herrira berriz egokitzeko eta martxan jartzeko aukera izango dute bihartik aurrera, arratsaldeko zortzietan txupina bota ondoren, Kofradien jaiei hasiera emanez. Lau egun izango dira Legution jai giroan, bihartik astelehenera.
Txistulari doinuekin hasiz, bertso pilota izango da jaien hasierako ekitaldi nagusia, gaueko hamarretan. Iaz bezala, botilero lanetan Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak izango dira. Lehenengoak Mikel Goñi eta Lekue pilotariak aholkatuko ditu; eta Egañaren laguntza jasoko dute Gereta eta Fernando Goñi III.ak. Ondoren, giharrak askatzeko aukera izango da festetako lehen kontzertuekin. Egurra ta Kitto, Boot Boys eta Egan taldeen emanaldia izango da.
Egitarau mardula asteburuan
Halere, indarrak gorde beharko dituzte Urrunaga urtegi ondoko herrian larunbatean espero duten egitarau mardulari aurre egiteko, ekitaldiz josita baitator.
Artisauen azoka eguna izango da larunbatean, hamaiketatik aurrera zabalik egongo da. Ordu erdi geroago umeen txanda izango da, ikastolan haientzako tailerrak egingo dituzte. Eguerdi aldera, berriz, trikiti doinuek alaituko dute Legutio, eta goizekomokadutxoa hartzeko beta izango da ordubateko bertso poteoarekin.
Herri bazkariak jarriko dio kolorea egunari; izan ere, arratsaldeko hiruretan egingo da bazkaria, eta nahi duena mozorrotuta joan daiteke. Mozorrorik onenak sariak jasoko du. Bazkalosteko ajea arintzeko, herri kirolak antolatu dituzte, arratsaldeko lauretan. Egitarauko berritasunen artean daude herri kirolak, eta zazpi herrialdeetako kirolariek parte hartuko dute. Ordubete geroago, berriz, deskantsatzeko aukera egongo da mus eta briska txapelketarekin. Erretiratuen egoitzan izango da.
Iluntzeko zazpietan, berriz lehiara: boloak izango dira irabazlea nor izango den erabakitzen dutenak udalerrien arteko txapelketan. Batukadak hasiko ditu berotze lanak perkusio ikuskizunarekin, zortzietan. Gaueko hamabietan, kontzertu nagusiko musikak herriko bazter guztiak nahasiko ditu: Gatibu eta Trikizio arituko dira taula gainean.
Igandean bizikleta jinkanaren erakustaldiaz gozatuko ahal izango da, goizeko hamar eta erdietan. Ordu erdi geroago, txistulariei egokituko zaie gaua parrandan emandakoak esnatzea. Egun horretan, nabarmentzekoak dira, besteak beste, 13:30ean Algara Dantza Taldeak ikurrinari egingo dion omenaldia eta arratsaldeko bostetako paint ball jokoa. Bukatzeko, gaueko dantzaldia baino lehenago, Eusko Labeldun hegaluzea dastatzeko aukera izango da, iluntzeko zortzietan.
Astelehenean agurtuko dituzte jaiak Legution. Alabaina, zapore onarekin. Izan ere, arratsaldeko zazpietatik aurrera, janaria izango da nagusi ekimen ugaritan. Tortilla txapelketak, txistor eta sagardo dastatzeak eta txikienentzako txokolate janak amaiera ezin hobea emango diete Legutioko jaiei. Bestalde, arratsalde osoan, Kiliklon umeentzako jaialdia izango da Legutioko ikastolan.
Jaiak. Legutio
Kofradien egun handia
Txupinaren ostean, Egaña eta Lizaso botilero izango ditu bertso pilotak, eta hala hasiko dute bihar jaien egitaraua LegutionGatibu, Trikizio, Egurra Ta Kitto, eta Egan taldeak arituko dira Legution, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu