Kolorea grisaren gainean

Behera Pertsianak grafiti lehiaketako garaileek ekainaren 2an marraztuko dituzte zirriborro sarituak Bilbo Zaharreko hiru saltokitan.

Grafitiek Bilbo Zaharreko saretak apainduko dituzte. BERRIA / BERRIA.
Bilbo
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko kaleetako dendak itxita daudenean, saretei begiratu, eta grisa antzeman daiteke nagusiki, beste hiri eta herri askotan gertatzen den antzera. Baina, saretak apaintzeko asmoz, laugarren aldiz antolatu dute Behera Pertsianak izeneko lehiaketa Bilbo Zaharrean. Sareten ohiko grisari grafitien kolore aniztasunak hartuko dio lekua. Horretarako ardura udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Bilbo Zaharreko kultur eragileek izan dute.

Martxoaren 22tik maiatzaren 5era bitartean, 18 urtetik gorako hamalau artistak eman dute izena Behera Pertsianak lehiaketan. Aurkeztu dituzten lanak estilo eta teknika ugariz osatuak daude. Epaile lanetan, lau aditu jardun dira: Jose Ramon BaƱales, Sergio Garcia Bayon eta Borja Bujan artistak eta Surbisa udal elkarteko Hirigintza Birgaitzerako Gorka Olade.

Ohikoa denez, irizpide batzuei erreparatuta erabaki dituzte lehiaketako garaileak. Proiektuaren originaltasuna, lanaren kalitatea eta adierazgarritasuna izan dira kontuan hartu dituzten ezaugarrietako batzuk. Baina zirriborroak duen garapen artistikoaren mailak ere badu garrantzia. Epaileen aburuz, Nuria Serrano, Sebastian Velasco eta Juan de la Cruz Irazabal parte hartzaileek txertatu dituzte egokien elementu guztiak. Nabarmentzekoa da aurreneko bien maila, iaz ere saritu baitzituzten.

Garaileek ekainaren 2an eta herri jaien barruan marraztuko dituzte eurek aurkeztutako lanak. Hala ere, protagonisten jarduna hilaren 1ean hasita egongo da ikusgai. Hiru grafitirekin beste hainbeste sareta atonduko dituzte: Mariaren Bihotza plazako bigarren zenbakikoa eta Gorteak kaleko hamar eta hamaseigarren zenbakietan dauden saretak hain zuzen.

Aurtengo Behera Pertsianak-en lehiatu direnek berritasun batekin egin dute topo. Aurreneko aldiz eta ezinbestean, gai bakarraren inguruan jardun beharra izan dute. Hau da, diseinuek kulturen arteko elkarbizitza landu beharra eduki dute. Baita horrek dakarren aberastasuna, zaharberritzea, kulturartekotasuna eta integrazioa irudikatu ere.

Helburu ugari

Kultur proposamenak hainbat helburu biltzen ditu. Batetik, kaleko artistek egiten duten lanari duintasuna eman nahi zaio. Izan ere, horien lanak gero eta leku handiagoa hartzen baitu beste esparru batzuetan. Bigarren xede gisa, irudi deigarria bezain modernoa erakuts daiteke. Bilbo Zaharreko birgaitze prozesuak auzoari haize freskoa ekarri baitio. Hirugarrenak eta azkenak merkatariak eta ingurukoak ditu jomuga. Guztiek maiz ikusten ez dituzten artelan hauek ikusiz gozaraztea nahi baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.