Komunek baldintzatu dute ostera

Zenbait gaixotasun edo elbarritasun dituztenentzat eta adineko batzuentzat, komunak funtsezkoak dira hiriarekin duten harremanean: horien arabera erabakitzen dute etxetik irtengo diren, kalean zenbat denbora egingo duten, baita nondik ibiliko diren ere. Oro har, gutxi daude, edo ez dira doakoak.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Pandemiak utzitako irudietako bat izan zen: itxialdia bukatuta, artean zarratuta zeudela liburutegiak, zinemak, merkataritza guneak, tabernak eta jatetxeak, ilara luzeak sortzen ziren egunero komun publikoetan. Kalea habitatu zitekeen ostera, baina lehen baino mugatuago. Izan ere, beharrak non ase izateak eta, batez ere, non ase ez izateak baldintzatu egiten du kalea bizitzeko modua oro har, eta bereziki pertsona batzuen kasuan: zenbait gaixotasun edo elbarritasun dituztenentzat eta zahar batzuentzat, komunek ezartzen dute zenbat denbora egon daitezkeen etxetik kanpo, non egon daitezkeen eta zer bidetatik joango diren. Areago, sarri funtsezkoa da kalera irtengo diren edo ez erabakitzean, eta bizitza sozialari uko egiteko motiboa ere badira.

«Azken hamarkadetan, pribatuen esku utzi da zerbitzu hori emateko aukera, ostalaritzaren esku», adierazi du Miren Vives Zarauzko (Gipuzkoa) Projekta Urbes hiri aholkularitza bulegoko kideak. Hala, ostalaritzako komunak desagertzean, ageriago geratu zen publikoen gabezia. «Gasteizko emakume talde batek berriki aipatu digu orduan jabetu zirela komun publikoen beharraz. Kalera irtetean, konturatu ziren ezinezkoa zutela beren beharrak asetzea soilik komun publikoekin, ostalaritzarik gabe».

Batzuei egoera horrek itxialdia luzatu zien, ACCU Crohnen Eritasuna eta Kolitis Ultzeraduna Dutenen Bizkaiko Elkarteko zuzendari Alfredo Gomezen hitzetan. «Pandemian, paziente horiek ezin ziren etxetik irten». Gaitza oldartzen denean egunean hamar edo hamabi aldiz joan behar izaten baitute komunera. «Etxetik irten aurretik, asko pentsatzen dute ea komun bat eskura izango duten edo ez, eta jende batek garai luzeak ematen ditu atera gabe, ez delako ausartzen. Komun bat ez edukitzeak beldurra ematen du, eta asko mugatzen du».

Hiria, soilik lekualdatzeko

Arazoa oinarrizkoa da. «Hirien diseinuetan, komunak ez dira aintzat hartzen», Vivesen esanetan. Azaldu duenez, duela ehun bat urtetik, Atenasko Gutuna sortu zenetik, funtzionaltasuna dago hirigintzaren oinarrian. Hiria zatikatu egiten da, guneetan bereizten da, eta bakoitzari funtzio jakin bat esleitzen zaio: batean, bizitokiak; bestean, jarduera ekonomikoa garatzeko baliabideak; hurrengoan, hiri batek behar dituen ekipamendu publikoak —eskolak, ospitaleak, kiroldegiak...—. Antzina, komunek esangura zuten hirigintzan, Patxi Galarraga Projekta Urbeseko kidearen esanetan: Erromatar Inperioan, esate baterako, bainuek toki zentrala izaten zuten esparru publikoan, eta kezka iturri nabarmena zen higienea, oro har. Gaur egungo eredu zonifikatuan, ordea, ez; eta hori aplikatzen da auzo berri bat proiektatzerakoan, edo bestelako erabakiak hartzerakoan.

«Esparru publikoaren inguruko pentsamenduan, mugikortasuna gailendu da», Galarragaren irudiko. Eta mugikortasun irizpide jakin bat, gainera: autoa da ardatza. «Autoaren agerpenak onargarri bihurtu ditu funtzio baten eta besteen arteko distantziak», azaldu du Galarragak. Funtzio bat asetakoan, beste bat betetzera lekualdatuko da herritarra, eta horren ondotik beste batera, eta ibilgailu propioak bide emango dio hori erdiesteko; noski, autoa badu. «Gizonezko produktibo baten irudia hartzen badugu eredu gisa, bada, bai: lo egiten du etxean, lanaldi bakarreko tarte luze bat egiten du lantokian, badauka aisialdirako tarte eta eremu bat, eta berriz etxera doa». Alegia, hiru eremutan garatzen du bizitza, azalpenari erreparatuta. «Baina bestelako bizimoduetan, beste dantza bat gertatzen da».

Bestelako subjektuak beste modu batera mugitzen dira, ez modu linealean; kaotikoagoak baitira haien bideak, askotarikoak baitira haien funtzioak. Bestelako mugikortasun horiei erreparatzen die hirigintza feministak, esaterako: zaintza lanak bete behar dituen emakume baten kasuan, adibidez, mugikortasunak gehiago dirudi mataza bat, hainbat lerro zuzenen sorta baino; era berean, autoa erabili beharrean garraio publikoa erabiltzen duenari ere korapilatu egingo zaizkio ibilbideak, Galarragak xehatu duenez. «Autoan mugitu ezin denarentzat, batzuetan uste baino luzeagoak izaten dira esparru publikoko distantziak. Hiri handiagoetan, garraio publikoz hiru aldiz aldatu behar duenarentzat, beharbada bi orduko desplazamendua da».

Hortaz, premiazkoa bihur daiteke komun bat aurkitzea bitartean: zenbat eta denbora gehiago iraun lekualdaketetan, edo zenbat eta zailagoak izan, orduan eta gehiago beharko dira komunak eskuragarri eduki. Galarraga: «Tarte horretan, beharrak ager daitezke». Orobat, kaleak batetik bestera mugitzeko tokiak baino gehiago dira; hiria bada egoteko leku bat ere, ez soilik igarotzekoa. «Baina kalean jendea ikusteko, kaleak gure beharrak ase behar ditu», esan du Vivesek.

Irisgarritasuna ahaztuta

Bistan da ez direla behar guztiak asetzen. «Ez dago komun publiko nahikorik: askoz gehiago egon beharko lirateke», Gomezen iritziz. Areago, leku publiko batzuetan, ez dago bat bera ere —besteak beste, garraiobide batzuetako estazioetan, hala nola Bilboko Metroarenetan—. Horiek horrela, ostalaritzara jotzen dute askok, baina beti ez da konponbidea. «Dirurik ez daukanak kontsumitzeko, kalean baldin badabil, nora joan behar du komunera?», bota du Galarragak. Gainera, batzuk ezin dira zain egon, ez die denborarik ematen tragoren bat edo pintxoren bat eskatzeko aurretik; berehala sartu behar dute komunera, bat-batean heldu baitzaie larritasuna. Gipuzkoako eta Arabako ACCU elkarteek txartel batzuk banatzen dituzte, Beharra daukat izenekoak, ostalariek eta dendariek utz diezaieten komunak erabiltzen ziztuan eta doan osasun arazo baten ondorioz beharra dutenei. Bizkaian, ez dute premiarik ikusten, Gomezen arabera. «Ez dugu elkarteko inoren kexarik jaso ez dietelako komunera joaten utzi».

Konponbidea izan daiteke, horrenbestez, kaleak betetzea komun publikoekin, kabina gris mardul horiekin? Ezetz dio Galarragak. «Jo dezagun behar adina komun daudela eta leku egokietan daudela. Oraindik balegoke zer hobetu». Izan ere, komunok ez dira irisgarriak, Projekta Urbeseko kideen arabera. Galarraga: «Irisgarritasun araudiak ezartzen dituen baldintzetatik, hamar-hamabost bat ezarpen hautsi egiten dituzte».

Nahiz eta koskarik ez eduki, nahiz eta eremu lauetan egon, funtzionamenduak atzera botatzen ditu asko, Vivesen hitzetan. «Jende askori beldurra ematen dio kabina horietan sartzeak. Botoiekin funtzionatzen du, ez dauka heldulekurik, zuk ez daukazu kontrola. Askotan gertatu da jendea bustita atera dela, ez direlako erabiltzen errazak». Hor ere badago bereizkeria, dioenez: kanpoan pixatokiak daudela nabarmendu du, altuera jakin batekoak, gainera; alegia, elbarritasunik gabeko gizonek beren beharrak erosoago ase ditzakete, kabinan giltzapetuta egon beharrik gabe.

Argi kontua ere bada. Komun publiko estandarrek argien bidez adierazten dute kabina libre dagoen —berdea—, garbitzen ari den —horia—, edo okupatuta dagoen—gorria—. Baina «leku askotan argia ez da ikusten, eta hori ere bada irisgarritasuna», Vivesen esanetan. Kontrara, gehiegizko estimulua ere bada arazoa, aholkularitza bulegoko kideak aitatu duenez. «Komunak metalikoak dira, errazago garbitu ahal izan daitezen. Baina, bustita daudenean, distira sortzen da. Ikusmen arazoak dituztenek ez dute ezer ikusten; ez dago argi naturalik barruan...». Galarragaren ustez, «exijenteak dira».

Ostomizatuta daudenentzat ere, komun publiko gehienak ez dira irisgarriak, ezta tabernetakoak eta jatetxeetakoak ere. Heste lodiaren zati bat edo puxika kenduta edo erabilezin daukatenei egiten diete ostomia: hondakinak desbideratzen dira, sabelaldean egindako irekigune batetik atera daitezen; hala, pazienteek poltsa bat eraman behar dute momentu oro, gorotzak eta gernua jasotzeko. «Ileona eta kolona kentzen den kasuetan, eta ureostomietan, ireki daitezkeen poltsak erabiltzen dira», azaldu du AOSGUI Gipuzkoako Ostomizatuen Elkarteko boluntario batek —ez du izena agertzerik nahi—. Halakoetan, ez da egokitzapenik behar komunetan, poltsa hustu baino ez delako egin behar —ileostomia bat du berak aspalditik, eta halakoa erabiltzen du—.

Aldiz, kolostomiadunek komun egokituak behar dituzte. Heste lodiaren azken zatia ebakitzen denez, gorotzak oso osatuta daude, eta poltsa itxi bat erabiltzen dute: hura betetzen denean, bota egiten da, eta berria ipini—ostomizatuen %70-75 dira kolostomizatuak—. «Egokitzapen txikia behar da. Azalera bat, gauzak ipintzeko; ur beroa, estomaren inguruko eremua garbitzeko; ispilu txiki bat, estomaren gune hori ondo ikusi ahal izateko; eta edukiontzi egokiak poltsa botatzeko, ezin baita ohiko zakarrontzira bota». Horiek gabe, poltsa aldatzea «oso deserosoa» da, boluntarioaren arabera, maiz ez dagoelako berria uzteko lekurik, bananduta daudelako komuna eta konketa... Gipuzkoan, ostomizatuentzako komun egokitu bakarra dago: martxoan inauguratu zuten, AECC minbiziaren kontrako erakundearen hango egoitzan.

Denek ez dute poltsa maiztasun berarekin aldatu behar: segun elikadura ohiturak, erregulartasuna... Batzuei hurrengo egunera arte iraun dakieke, adibidez. «Lekuetara joateko orduan, baldintzatzen zaituzten gauzetako bat da. Hustea kontrolatzen baduzu, agian mugitu zaitezke hona edo hara; baina ez baduzu kontrolatzen, eta joan nahi baduzu futbol partida batera —bi ordu inguruko ekitaldia— edo antzezlan batera, jakinda arazo hori eduki dezakezula, zuzenean erabakitzen duzu ez joatea. Askori gertatzen zaie».

Komun benetan irisgarriak

Galarragaren arabera, «errazena» da komun publiko estandarretara jotzea, beren burua garbitzeko gai direlako, besteak beste. Mantentze lana buruhaustea da udalentzat, Projekta Urbeseko kidearen irudiko. Kontrara, badaude alternatiba abegikorragoak: betiko komun zuria, norberak ireki eta itxi dezakeen gela batean, eta tarteka garbituko dena. Eta ez da berririk instalatu behar, hiriak horiez josita baitaude, dioenez.

Tabernetakoak eta jatetxeetakoak doakoak bihur litezke, adibidez, jabeei pizgarriak eskainita, Beharra daukat txartelekin gertatzen den antzera. «Tabernariek esan dezakete euren komuna publikoa dela, ez dagoela zertan kontsumitu. Eta horren truke, udalak uko egin diezaioke terrazetako zerga kobratzeari, adibidez». Ostalaritzatik kanpo ere, badaude baliabideak. «Zergatik daude liburutegi publikoetako komunak bigarren pisuan? Eta osasun zentrokoak ezin dira egon fatxadari itsatsita, eraikinaren barrutik zein kanpotik sartu ahal izateko? Pentsa zenbat ekipamendu publiko dagoen...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.