KOMUNIKAZIOA. Arraio irratiak lau urte beteko ditu, eta telebista jarriko du martxan

Irratiaren urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu dute gaurtik aurrera Zarauzko gaztetxean

Hitza
2010eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Bihar lau urte beteko dira Zarauzko Arraio irrati librea FMko 99.3an ematen hasi zela. Aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere urteurrena gogotik ospatzeko asmoa dute Arraiokideek, eta, horretarako, egitarau zabala prestatu dute gaur arratsaldean hasi eta larunbatera arte, 4 urte uhinak okupatzen, 4 urte burmuinak astintzen lelopean. Urtebetze egunean, irratsaio berezia eskainiko dute irratian aritzen direnek, eta, bide batez, Arraio telebista jarriko dute abian.

Saioak webgunean ikusgai

Arraio irratiko estudioan web kamera bat finko jartzeko asmoa dute, irratsaioak nola egiten dituzten ikusteko aukera izan dezan jendeak. Telebista www.arraio.net-en ikusi ahal izango da, webgunean bertan jarriko duten esteka baten bitartez. Hartara, irratsaioak entzuteaz gain, ikusi ere egingo ditu entzuleak hemendik aurrera.

Urteurreneko lehen ekitaldia Imanol eta Mattin Epelde Pagola anaiek eskainiko dute, poesia eta musika uztartzen dituen Komuneko Paperean ikuskizunarekin. Emanaldia 20:30ean hasiko da, Putzuzulo gaztetxean. Toki berean eta antzeko orduan, baina etzi, urteetan geldirik egon diren Zarauzko hiru musika taldek joko dute: Kamikaze, Txixaparrazta eta Zulo taldeek. Horiekin batera The Link belgiarrak ariko dira. Larunbatean, azkenik, eguerdian hasiko dira ospakizunekin; bazkariaren ondoren, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dute eguna girotzeko.

Irratia «egoera onean»

Lau urte geroago, Arraiok «egoera onean» jarraitzen duela nabarmendu dute irratiko kideek. Gaur egun, euskara hutsean ekoitzitako zazpi irratsaio dituzte uhinetan: Izerditan Blai kirol saioa, ZarataZarautz, Highway 9 eta Kaiolatik musika saioak, Bitacora Kaiera bidaia saioa eta Atalka eta Ahuntzaren Gauerdiko Eztula magazineak. Astelehenetik igandera, egunero saio propio bat ematen dute, larunbatetan izan ezik. Era berean, beste irrati libre batzuen laguntzaz, 24 orduko programazioa eskaintzen dute.

«Lau urte hauetan gauza asko aldatu da irratian. Putzuzulo gaztetxeko bigarren solairuko komun zaharra eta pasillo zati bat hartu genituenetik, jende asko pasa da bertatik. Irratsaio ezberdin eta aniztun asko egin dira, eta denborarekin hobetzen joan gara. Lehen musika eta gure irratsaioekin betetzen genuen programazioa. Gaur egun, goizeko zazpietatik gauerdira arte, zer kontatu eta eskaini izaten dugu», azaldu dute. Izan ere, Info7 irratiko albistegiak eta Gasteizko Hala-Bedi irratiko, Tolosaldeko Txolarre irratiko eta Bilboko Tas-Tas irratiko saioak jartzen dituzte.«Kalitate gehiagoko eta profesionalagoa den irrati bat edukitzeko» aukera eman die horrek. Formazio lanean ere aurrerapausoak eman nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.