Igande eguerdian telebistaren aurrean zeuden erdiak sentituko ziren triste Espainian eta Euskal Herrian. Zehazki, zazpi milioi eta erdi ikusle. Ez da marka makala emanaldi bakarrarentzat. Hainbat urtetako lana dago atzean. Askok asko landua. Faktore ugariren batura. Negozio ederra. Ikuskizunaren gailurra. Ikaragarria bezain kezkagarria. 1 Formula.
Bi astean behin izaten da lasterketa azkenaldian aparra bezainbat igo den kirolean, eta antolatzaileek ez dute xehetasunik uzten lotu gabe. Baliabideen erakustaldia da. Mundua zain dutela jakinik, munduari begira prestatutakoa. Zenbat diru, hainbat etekin. Harritu egingo ginateke, esaterako, 5.554 metro dauzkan ibilbidean zenbat kamera jartzeko gai diren jakingo bagenu.
Horri, herrialde bakoitzeko telebista kateek egindako apustua gehitu behar zaio. Tele5k hasi zuena La Sextan jarraitzen dugu. Erokeria zirudien duela ez hainbeste. Gaur, asteburu batean lasterketari bizkarra ematea litzateke erokeria. Lasterketa ematen zuten hastapenetan. Orain, hiru eguneko programazioaren parte da: entrenamenduak, sailkapena eta lasterketa, erreportajez, elkarrizketaz, bitxikeriaz eta gonbidatuz lagunduta.
La Sextan, muntaiaren aurpegi nagusia Antonio Lobato da, urteetako lana utzi eta abentura hartan murgildu zen gizon ausartegia. Harentzat alea. Erreferentzia bera da guretzat behintzat. Baina ez da bera soilik. Fernando Alonsorekin bat egin zuen aspaldi. Elkarri lagundu diote hasieratik, biek hain itzal handia ez zutenetik. Eta bitan munduko onena izan denak lehen hitzak zure kateari eskaintzeak ez du preziorik. Gainera, proban bertan, unean-unean Alonsoren taldeko probatzaile izandakoek egiten dizkiote analisiak; lehen De la Rosak, orain Genek.
Eta kasualitatea, igandekoa denboraldi honetako azken sari nagusia zen. Abu Dhabin zen erabakitzekoa aurtengo txapelduna. Alonsok zuen aukera gehien. Sailkapenean aukerei eutsi zien. Eta aipatu faktore guztiei emanaldiaren ikusgarritasuna erantsiz gero, emaitzak zazpi milioi eta erdi ikusle ematen ditu.
Akaso, pentsatzen ariko zara ez ote dudan zalantzan jartzen hainbeste diru xahutzea munduaren erdia gosez hiltzen ari dela. Krisi orokorraren garaian bidezkoa ote den halako gastua. Zilegi ote den jarrera hori. Nik badakit erantzuna. Galde diezaiegun beste 7.499.000 ikusleei.
KOMUNIKAZIOA. Beste 7.499.000 ikusleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu