Asteburuko proposamenak

Komunitateari begirakoa

Bihartik igandera, Gazteen Dantza Topaketa egingo dute Lakuntzan. 22 dantza taldek parte hartuko dute. Hausnarketa sustatu nahi dute.

Dantzari Gazteen Topaketa, iaz, Seguran. AITOR KARASATORRE / FOKU
Dantzari Gazteen Topaketa, iaz, Seguran. AITOR KARASATORRE / FOKU
unai zubeldia
2026ko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abarkak, artilezko galtzerdiak, azpiko gona, txapela, gerrikoa, zapia... musika pixka bat eta hausnartzeko gogoa, komunitatea indartzeko borondatea. Bereziki azken hori da Gazteen Dantza Topaketa. Laugarren aldiz egingo dute, bihartik igandera, Lakuntzan (Nafarroa). Araian (Araba) egin zuten lehenengoa, 2023an; Areatzan (Bizkaia) bigarrena, 2024an; eta Seguran (Gipuzkoa) hirugarrena, iaz. Ondorioz, Ipar Euskal Herrian hurrengoa? «Saiatuko gara, eta hori da bidea, baina ez da erraza. Interesa badaukate, baina aurten ere ez dugu lortu Ipar Euskal Herriko dantza talderik etortzerik; Bizkaikoak dira gehienak. Etorkizunerako erronka polita daukagu alde horretatik», onartu du Erika Garcia Burgosek, Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak. Elkarte horrek antolatzen du topaketa.

Hego Euskal Herriko 22 dantza taldetako 15 eta 26 urte arteko dantzariak elkartuko dira asteburu honetan Lakuntzan. Bihar 16:00etan iritsiko dira dantzariak, eta hainbat multzotan banatuko dituzte, nahasian, «elkar ezagutzeko». Hitzezkoa bakarrik ez da izango, ordea, lehen eguneko dinamika; izan ere, aurten, berritasun gisa, dantza bat ikasiko dute guztiek elkarrekin, Lakuntzako Pertza dantza. Ikasi, eta, 19:30ean topaketa aurkeztu ondoren, Pertza dantza dantzatuko dute dantzariek eta hala nahi duten herritarrek. Lakuntzan barrena ibiliko dira gero, musika lagun, afariaren aurretik. 

«Interesa badaukate, baina aurten ere ez dugu lortu Ipar Euskal Herriko dantza talderik etortzerik; Bizkaikoak dira gehienak»

ERIKA GARCIA BURGOS Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzailea

Atsedenerako tarterik utzi gabe, hausnarketa dinamika labur bat prestatu dute afalosterako; bi gai landuko dituzte: dantza taldeak erakargarriago nola bihurtu, eta talde barruko giroa nola hobetu. Behin hausnarketa eginda, norberak hartu beharko dio neurria ostiral iluntzeari; jaiak dituzte Arbizun (Nafarroa), ondoko herrian, eta txango hori «programatik kanpo» baldin badago ere, antolatzaileek badakite gazteak han izango direla.

Etzi goizean, txokoetan

Arbizutik Lakuntzarako itzulera ere ondo antolatu beharko dute gazteek, etzi 10:00etan hasiko baitira hiru txokotan gaiak lantzen, gosaldu ondoan. Dantzen metodologia izango dute ardatz txokoetako batean —«entseguek nolakoak izan beharko luketen ikasiko dute txoko horretan»—, materialen txokoa izango da bigarrena —zapia buruan nola jarri behar den ikasiko dute, gerrikoa nola jarri behar den eror ez dadin, arkuak nola jarri behar diren, nola lor daitekeen liskarrik ez piztea...—, eta hausnarketarako txokoa hirugarrena. 

Atseden txiki bat izango dute bazkaldu ondoren, eta kalejira bat egingo dute 17:30ean. «Orain arte, dantza desafioa egiten genuen, musika modernoarekin», hasi du azalpena Garciak. «Baina aurten lau dantza taldek dantzak irakatsiko dituzte; zehazki, bakoitza gune batean ariko da, dantza bat irakasten. Hala, gazteek ikusi ahal izango dute norberaren dantza taldeko dantzetatik kanpo beste asko daudela».

«Erreala den zerbait sortzen saiatuko gara aurten. Fitxak landuko dituzte larunbatean, eta bakoitzak bere dantza taldera eramango ditu fitxa horiek»

ERIKA GARCIA BURGOS Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzailea

Azken eguna, igandea, «lasaia» izaten dela azaldu du Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak. «Igande goizean bi galderari erantzungo diete gazteek: euren dantza taldeak zer egitea nahiko luketen, eta bakoitzak bere eskura zer daukan dantza taldean eragiteko».

Hausnartzea izan da lehenengo hiru topaketen helburu nagusia. «Eta erreala den zerbait sortzen saiatuko gara aurten. Fitxak landuko dituzte larunbatean, eta bakoitzak bere dantza taldera eramango ditu fitxa horiek». Denetariko lanketak egingo dituzte fitxa horietan. «Esaterako, zer egin dezaketen dantzarietako batzuk unibertsitatera doazenean eta entseguetara joan ezinik gelditzen direnean. Hainbat gomendio bilduko ditugu». Gerora, dantza talde bakoitzak aztertu beharko du gai bakoitza nola landu dezakeen. «Horregatik, dantza taldeetako arduradunekin beste lanketa bat egitea izan daiteke hurrengo pausoa, ikus dezaten gazteek ere ardura hartu nahi dutela, gazte horiek gauzak aldatu nahi dituztela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA