Alde batean Jesus Bujandaren eta Martzelo Lasaren omenezko plaka dago, eta, parean, haiei eskainita egin berri duten horma irudiak egiten die oihartzun. «Esaten digute ez ahazteko, hezurren gainean gabiltzala» dio horma irudiaren tarteko esaldiak. Urteak dira Olaberrian (Gipuzkoa) oroimen historikoari buruzko lanketa egiten ari direla, eta soka horri tiraka ondu zuten Mikel Balerdik (Olaberria, 2003) eta Deñe Garcia-Bravok (Azpeitia, Gipuzkoa, 2003) Eraman zutela izeneko dokumentala, Aztarna productions izenpean. Lekeitioko Euskal Zine Bileran (Bizkaia) Zilarrezko Antzara eta aipamen berezia lortu dituzte lan horregatik.
Bi sarirekin itzuli zarete Lekeitiotik. Nola hartu dituzue?
MIKEL BALERDI: Ustekabe handia izan zen guretzat. Gonbidatuak izan ginen heinean, guretzako nahikoa sari bazen hori. Bertara joan eta sari batekin eta aipamen berezi batekin ateratzea kristoren plazera izan zen.
DEÑE GARCIA-BRAVO: Gainera, aberasgarria izan zen zinema munduko beste sortzaileekin-eta izan genuen harremana.
Bi izen: Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda. Nola izan zenuten haien berri?
BALERDI: Ni bertakoa naiz, baina Deñe eta biok aldi berean ezagutu genituen. Urte askoan egon da memoria historikoa lantzen duen Olargi taldea Olaberrian, eta, orain dela zortzi-bederatzi urte, ikerketa bat egiten hasi ziren fusilatuen inguruan. Gugana jo zuen Olargi taldean ibilitako batek, Bihotz Forcadak, gizonaren osaba zelako Martzelo Lasa. Istorio guztia azaldu zigun, eta esan kristoren material pila zutela, ikus-entzunezkoak, elkarrizketak eta, eta bideo laburpen bat egitea nahi zutela, sei minutukoa.
Hortaz, haiek sortutako materiala erabili duzue?
GARCIA-BRAVO: Zati batzuk haiek grabatutakoak dira, dokumentalean azaltzen diren pertsona batzuk jada hilda baitaude. Pasarte horiek estaltzeko erabili ditugu artxiboko irudi horiek, Olargi taldeak grabatu zituenak.
BALERDI: Eta ilustrazioak ere erabili ditugu, jendeak fusilaketen irudia ikusi ahal izateko.
GARCIA-BRAVO: Ondoren, elkarrizketak egin genizkien gaur egun oraindik elkarrizketatzeko moduan dauden familiartekoei.
Haiekin zer gertatu zen argitzea izan da xedea, ezta?
BALERDI: Helburu nagusia da gertatu zena gertatu zen bezala kontatzea. Olargi taldeko kideek oso argi esan ziguten hori. Oroimen historikoarekin lotutako gai bat jorratzea eta oraingo begiradarekin epaitzea oso erraza da. Testuinguruan jarriz gero, auskalo guk ere zer egingo genukeen. Jakinik, noski, egin ziren gauzak gaizki egin zirela. Kontatu nahi genuen zer gertatu zitzaien bi fusilatu horiei, inor epaitu gabe.
GARCIA-BRAVO: Bi pertsona horien historia kontatzeaz gain, ikusi dugu benetan traumatikoa dela horrelako zerbaitekin bizitzea, eta hori ere jaso nahi izan dugu. Nahiz eta istorio lokal bat izan, Olaberrian gertatutakoa, beste herri askotako errealitatea islatzen du.
«Nahiz eta tokiko istorio bat izan, Olaberrian gertatutakoa, beste herri askotako errealitatea islatzen du»
DEÑE GARCIA-BRAVODokumentalaren egilea
Isiltasunarekin topo egitea ohikoa izaten da horrelako gaietan. Hala gertatu zaizue zuei ere?
BALERDI: Tira, guri agian ez hainbeste. Guk elkarrizketatu ditugun pertsonek askatasun osoz hitz egin dute, ez zegoen taburik. Olargi taldeak bai, eduki ditu isiltasunarekin lotutako arazoak: familiek sekulako lana egin behar izan dute garai hura bizi izan zutenek istorioa konta zezaten lortzeko. Egia da guk bide hori nahiko erraz izan dugula.
GARCIA-BRAVO: Gure erronka pertsonala izan da dokumental honen bitartez urte pila batean isilpean egon diren hitzak edo pertsona batzuen bizipenak publiko egitea. Behintzat gaur egun ezagutaraztea benetan zer gertatu zen garai hartan.
Eta belaunaldi gazteei eman dizuete horretarako aukera.
BALERDI: Bihotz beti izan da lehen aukera herrikoei ematearen oso aldekoa baldin eta herriko zerbait landu behar bada. Gu baino askoz ere jende jantziagoa badago ikus-entzunezkoetan, baina, aldi berean, haiek uste zuten baino ikuspuntu aberasgarriagoa eman diogu lanari, gazteen ikuspuntutik landu baitugu gaia. Agian ez ditugu hainbeste aurreiritzi, eta ez ditugu jasan egoera batzuk. Uste dut aukera gehiago eman beharko litzaizkigukeela. Gazteak izateak ez du esan nahi ez garenik gai horrelako gaiei buruz serio hitz egiteko.
GARCIA-BRAVO: Bai, eta aurrestreinaldia egin zen egunean, gazte pila bat etorri zen. Azkenean, gu sortzaile gazteak izateak gazteengana hurbiltzen du gai hori, beharbada. Hori ere oso garrantzitsua da.
Eraman zutela du izena. Zergatik izen hori?
GARCIA-BRAVO: Jon Sarasuaren laguntza izan genuen dokumentalerako testu batzuk sortzeko, eta izenburua sortzen ere parte hartu zuen. Egia da dokumentalean denek errepikatzen dutela hori: «Eraman zutela». Hortik sortu zen.
«Gazteak izateak ez du esan nahi ez garenik gai horrelako gaiei buruz serio hitz egiteko.»
MIKEL BALERDIDokumentalaren egilea
Martxoan aurkeztu zenuten herritarren aurrean. Nola hartu zuten?
BALERDI: Gure lehenengo lana izan zen, eta horrelako aurkezpen bat egitea, 350 lagunen aurrean... Etorri ziren herritarrak, oraindik bizirik dauden protagonistak, politikariak... Jende asko bildu zen. Eta jendearen feedbacka zoragarria izan zen.
Zer garrantzi du istorio hauek kontatzeak?
GARCIA-BRAVO: Gaur egun memoria lantzea da Euskal Herriak erresistentzia modura egin dezakeen ekintza bat. Azkenean, informazio pila bat dago, baina, aldi berean, desinformatuta gaude, batik bat gazteak. Garai hura bizi zutenen istorioak dira benetan garai hartako errealitate bat ematen digutenak. Nik uste dut hori oroitzeak denok batzen gaituela, eta esaten dugula garai hartan pasatu zena desastre bat izan zela, gaur egun Palestinan pasatzen ari denaren modukoa.
BALERDI: Bereziki garai hauetan, ikusita eskuindar ideologia nolako indarra hartzen ari den; geroz eta gazte gehiagok babesten dute ideologia hori, ezjakintasunean bizi dira eta. Azken finean, baliteke ezjakintasunaren ondorioz lehengo horretara itzultzea.
Zer ikaspen hartuko duzue zuek gogoan?
BALERDI: Jakintza. Gezurra ematen du, baina, olaberritarra izanda ere, ez nekien nor ziren Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda.
GARCIA-BRAVO: Eta min hori nola transmititzen den belaunaldiz belaunaldi. Horretaz ez nintzen konturatzen. Niretzat harrigarria izan zen ikustea 2025ean oraindik jendeari nola eragiten dion. Eta, era berean, gizarteak nola eskertzen duen horrelako lanak egitea.
BALERDI: Gainera, ikasi dugu zenbat jende dagoen boluntario moduan lan egiten duena horrelako istorioak zabaldu ahal izateko. Esperantza pixka bat ematen dizu ikusteak jendeak benetan sinesten duela horrelako lanetan, eta bizitzako tarte bat hartzen duela honetara dedikatzeko.
LOTSABAKO
Dokumental edo film bat?
BALDERDI: Searching for Sugar Men. GARCIA-BRAVO: La virgen roja.Zinemagile bat?
BIEK: Moriarti.Landu nahiko zenuketen gai bat?
BALERDI: Oraintsuko memoria. GARCIA-BRAVO: Immigrazioa.