Betidanik kontserbatu izan dira hainbat jaki potoetan: tomatea, hegaluzea, piperrak... Baina kozinatzeko ohitura aldatu egin da urte batzuetatik bestera, eta eskaintzen zaion denbora oso urria da egun. Orain dela hiru urte hasi zen Aitor Uribetxeberria kontserbak egiten, baina baserritik hartutako tomatearekin. Bere etxean betidanik egin dituzte kontserbak. Hortik datorkio zaletasuna.
Ordutik hona egoera «erabat» aldatu dela adierazi du. Kontatu du gaur egun nolakoa den fruta dendara joan eta tomate udarekarak eskatzeko unea —saltsetarako eta potoetan sartzeko erabiltzen den tomate mota bat da—: «Lehen, tomate udarekara erostera joaten nintzenean, kutxak eta kutxak egoten ziren dendaren kanpoaldean. Orain, berriz, barrutik ateratzen dizkidate, edo hurrengo egunerako ekarriko dizkidatela esaten didate».
Tomatea kontserbatzeko prozesua «erraza» dela dio sukaldariak. Tomatea garbitu, erdibitu eta egosi egin behar da. Eta, ondoren, bakoitzaren gustuen arabera, beste elikagai batzuk gehitu. «Nik tomate birrindua egiten dut. Gero, etxean zabaltzen dudanean, pentsatzen dut zer egin horrekin», azaldu du. Batzuek azukrea botatzen diote tomateari; aukeran, Uribetxeberriak nahiago du azenarioa bota.
Hegaluzearen prozesua, berriz, «korapilatsuagoa» dela adierazi du. Hainbat modutara egin daiteke, baina denek ez dute dedikazio bera eskatzen. «Lagun batek hegaluzea egosita ekartzen digu; beraz, asko errazten digu lana». Hori gozamena den arren, azaldu du beti ez dela horrela izaten. Beste modu bat —eta ohikoena— da hegaluzea erosi eta egostea: «Potoetan gordinik sartu, olioa gehitu, eta marian berotu hiru ordu eta laurden inguruz». Prozesu horrek bermatzen du «bakterio batzuk hiltzea», eta, gainera, «garbiagoa» da, Uribetxeberriak azaldu duenez.
Okerrak eta gomendioak
Kontserbak egiteko orduan, badaude jendeak egiten dituen huts komun batzuk. Horietako bat garbitasun falta da: «Potoak esterilizatu egin behar dira, eta tapa berriak erosi. Jende askok tapak berrerabiltzen ditu; mesedez, erosi tapa berriak aldiro. Gainera, merkeak dira. Kontserba txarra irten dakizuke, eta pena da lan hori hartu eta gero txarra ateratzea».

Gomendio batzuk eman nahi izan ditu: «Potoek ahoa zabal samarra badute, hobeto, lan egiteko errazagoa izango baita. Horrez gain, komeni da poto guztiak berdinak izatea; bereziki, etxean egin behar baduzu. Erotu egin zaitezke guztiak ezberdinak badira».
Bestalde, azaldu du arau orokor bat dagoela, honako hau dioena: «Ordubete, urtebete». Alegia, Maria bainuan ordubetez edukiz gero, urte bat iraungo duela egoera onean. «Eta jendeak galdetzen dit: 'Orduan, bi ordu, bi urte, ezta?'. Ez. Kontserbak urtean jateko dira. Urtebetean ez badituzu jan, hurrengoan gutxiago egin». Kontserbak «kanpainetarako» egiten direla adierazi du.
Baina merezi al du kontserbak egiten bost ordu pasatzea? Bada, Uribetxeberriak argi du horren erantzuna: «Bai, inongo zalantzarik gabe. Zuk dakizu zer sartzen duzun potean. Askok esaten dute: 'Ene, izugarrizko lana da'. Lana da, bai, baina gaur egun inork ez du lanik hartu nahi. Zure etxerako da, zuretzako. Nik disfrutatu egiten dut; egiten eta jaten».
Kontserbak jada eginda saltzen dituzten horiekin alderatuta, «ez du parekorik», haren ustez.
«Lana da, bai, baina gaur egun inork ez du lanik hartu nahi. Nik disfrutatu egiten dut; egiten eta jaten»
AITOR URIBETXEBERRIA Lekanazpi elkarteko kidea
Ikasitakoa praktikan jarri
Sukaldaritzarekiko zaletasun horrek bultzatuta, hegaluzea eta tomatea kontserbatzeko ikastaro bat eman du Legazpiko Lekanazpi elkartean (Gipuzkoa). Iaz Uribetxeberria eta haren koinatua elkartean kontserbak egiten ari zirela, beste kide bat gerturatu zitzaien, eta kontserba ikastaro bat egiteko proposamena egin zien. Sukaldariak honako hau erantzun zion: «Pote guztiak onak ateratzen badira, egingo dugu». Laurehun pote inguru egin zituzten, eta «ez zen bat bera ere txarra irten»: «Elkarteko zuzendaritzakoak saltsero samarrak gara; ez dugu ezer behar zerbait antolatzeko».
Hamabost lagunek eman zuten izena ikastaroan, eta, Uribetxeberriaren esanetan, «uste baino arrakasta handiagoa» izan zuen. «Oso aberasgarria» izan zela adierazi du, elkarren ezagutzen berri izateko aukera izan baitzuten.
Laster, piperren denboraldia hasiko da, eta, lehenengo egitasmoak izandako «arrakasta» ikusita, beste ikastaro bat antolatzeko asmoa du. Oraingo honetan, piperrekin.