Korrikalari gutxi, ikusle asko

1998ko sanferminetatik, bigarren aldiz egin dute korrika Peñajarako zezenek, eta oso lasterketa azkarra eta garbia izan da

joxerra senar
Iruñea
2010eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Garbia, azkarra eta zauritu larri bat ekarri duena. Horrelakoa izan da aurtengo sanferminetako lehen entzierroa. 1998ko uztailaren 11ko entzierroan lehen aldiz korrika egin geroztik, Iruñera etorri gabe zeuden Peñajara ganadutegiko zezenak, eta ohiko erorketez gain eta entzierroaren berezko arriskua salbu, ez zen izan duela hamabi urteko tentsiorik. Azken urteetan tradizio bihurtu den legez, ibilbide barruan gehiago ziren zezenak gertutik ikusi nahi zituzten ikusleak haien aurrean korrika egin nahi zutenak baino. Haatik, Peñajarako zezenek ez zieten jaramonik egin, eta aurrera egin zuten hasieratik bururaino.

Ustekabe handirik gabe garatu zen, beraz. Sei zezenek bi minutu eta 24 segundo behar izan zituzten Santo Domingotik zezen-plazara arteko 800 metroak egiteko. Eta hori 15 bat segundo galdu zituztela, suziria bota eta ukuiluko ateak irekita zeudela jabetu arte. Hortik aurrera, ordea, abiadura handian egin zuten korrika. Santo Domingon gora, joaldunak jarri ziren aurretik, eta apur bat eskuinerantz jo zuten, inguru horretan zeuden korrikalarien artean, ziurrenik, adrenalina kolpe handiak eraginez.

Udaletxe plazatik Mercaderes kaleko bihurguneraino, zezenak pare bat aldiz erori arren, azkar batean altxatu eta aurrerantz egin zuten. Mercaderes karrikan zauritu zen arin H.T.C 20 urteko aragoiarra. Erorketa baten ondorioz, begian kolpe bat zuen, eta atzo eman zioten senda agiria.

Tarte horretan eta Estafetan ohikoa izan zen eszena: jendea alde batera zein bestera begira, ziurrenik zezenek hara joko ez ote zuten erreguka. Erruleta sanfermindarra. Bereziki burugabea bihurgunetik aterata Estafetako hainbat ataritan ikus zitezkeen bost lagun. Peñajarako seikoteak, ordea, beti aurrera egin zuen.

Estafetan, taldea zabaldu egin zen, gainera, eta tarteak sortu ziren korrikalariek zezenen artean lasterka egiteko. Zezen batek joaldunen kolore bera zuenez, joaldun batekin nahasteko arriskua zegoen, baina ez zen halakorik gertatu.

Hiru ornoak hautsita

Mercaderestik atera eta Telefonica inguruan gertatu zen eguneko gertaera larria. Jende asko zegoen inguruetan, eta korrikalari bat eta zezen bat erori egin ziren. Altxatzerakoan, litekeena da zezenak gaztea zapaltzea; jarraian, gainera, joaldun bat pasatu zen. N.W. Melbourneko (Australia) 18 urteko gaztea Nafarroako Ospitalera igorri zuten, eta larri zaurituta dago: lehen, bigarren eta hirugarren ornoak hautsita ditu.

Gertaera horrez gain, ez zen beste inor ospitaleratu. Nabari zen jende ugari zegoela Telefonica inguruetan eta zezen-plazarako kalezuloan, baina entzierro osoan bezala, zezenek beti aurrera. Hain justu, kalezuloan gertatu zen ezuste bat. Kalezuloko beheranzko malda baliatuta, ziztu bizian zihoan zezen batek gazte bat eraman zuen aurrean, baina horren zorionerako, ez zuen adarkatu.

Taldea nahiko sakabanatuta iritsi zen plazara, baina kapadunen laguntzaz zuzenean jo zutenzezentokietara. Kapadunen lana oztopatu egin zuen zezen aurretik igaro zen burugabe batek, baina, beste behin, zezenek ez zioten jaramonik egin. Beti aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.