Korrikaren olatuaren aurreko festa Trebiñun

Korrika jaia egin dute Baxaurin, trebiñarrak «aktibatzeko». Euskara ez ezik nortasuna ere irabazi nahian ari direla gogorarazi dute.

Herri kirolen erakustaldia egin dute Korrika festan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Herri kirolen erakustaldia egin dute Korrika festan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2026ko martxoaren 14a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badator Korrika. Atzerako kontua azken txanpan sartu da, eta tximeletak dantzan dira askoren sabelean jada. Astebete baino gutxiago falta da lekukoa Atharratzetik (Zuberoa) Bilborainoko bidea egiten hasteko. Kasu batzuetan, baina, itxaronaldiak sortzen duen zirrara handiagoa izaten da beste batzuetan baino, eta Trebiñun, euskarak aitortzarik eta ofizialtasunik ez duen eremuetako batean, agerikoa da hori. «Anplifikatu egiten da. Korrikak esanahi berezia hartzen baitu hemen. Gauza asko nahasten dira: hizkuntza, herritartasuna...», esan du Ritxar Astegieta Trebiñuko Korrika batzordeko kideak.

Horren erakusgarri da gaurko eguna. Korrika jaia egin dute Baxaurin (Trebiñu, Araba), hain justu ere Korrika badatorrela gogorarazteko eta barrendegiko herritarrak «aktibatzeko». Egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako: pilota txapelketa, herri kirolen erakustaldia, triki-poteoa, herri bazkaria eta beste izan dituzte. Trebiñukoak ez ezik, inguruko herrietakoak ere joan dira festara. 50 lagun inguru elkartu dira pilotaleku zaharrean.

«Egitarau zabalago baten barruan kokatzen da eguna. Trebiñu handia da, herri asko daude, eta ahalegintzen gara askotariko ekitaldiak antolatzen, Korrika iristear dela ikusarazteko. Polita izaten da, jendeak parte hartzen du, eta eskertu egiten da», kontatu du Maialen Beltran de Lubianok, Argantzongo ikastolako irakasleak.

24. Korrika ez da Baxauritik pasatuko; enklabetik, aldiz, bai. Argantzondik sartuko da barrendegian, hilaren 27an, eta Zaldiarandik aterako da, Gasteizerako bidea hartzeko. «Aurten ordu onean pasatuko denez, jende gehiago animatu da kilometroa eskatzera. Beti ez da horrela izaten», zehaztu du Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo zinegotziak. Ondo bidean, arratsalde-iluntze partean igaroko da bertatik.

Buru-belarri ari dira azken prestaketa lanetan; izan ere, adierazi dute Korrika «olatu bat» dela, euskalgintzak baliatu beharrekoa. «Guretzat oso inportantea da gauzak euskaraz antolatzeko. Hemen ez da batere erraza, eta aukera hori izatea sekulakoa da», adierazi du Uxue Santosek; Moskatorren bizi da bera.

Izate baten alde borrokan

Hizkuntza ez ezik, nortasun bat ere badute irabazteko Trebiñun. Urteak baitira Arabara batzeko eskaria egina dutela. Eta Korrika jaiak parada eman die aldarri hori ere bizi-bizirik dagoela oroitarazteko, Felipe Zelaieta eta June Astegieta bertsolariek bazkalosteko saioan kantatu dutenez. 

Hauteskunde kanpaina betean da enklabea, gainera. Voxeko kideak ere barrendegian egon dira asteon, Trebiñu Burgos dela defendatzeko. Trebiñarren iritzia bestelakoa da, ordea, Ortiz de Latierrok adierazi duenez: «Biharko hauteskunde emaitzetan argi ikusiko da hori». Festa handirik ez da espero bozen igande honetan, bada. Festa apirilaren 18an egingo dute, Trebiñu Eguna ospatuko baitute 1998az geroztik aurrenekoz. «Korrika bezala, aitzakia ona da elkartzeko eta denon artean indar egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA