Krisia, elkartasun hariari tiraka

Askotariko ikastaroak eskaintzen ditu Arabako Gurutze Gorriak, etorkizuneko boluntarioei zein kanpotik datozen askotariko ikasleei begira.

Gurutze Gorriaren ikastaroetan parte hartzen ari direnetako batzuk. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Badirudi elkartasunak gora egiten duela krisi egoeran. Gizartearengehiengoak laguntza ozen eskatzen duen garaiotan, elkartasun keinuak «nabarmen» ugaldu dira Arabako Gurutze Gorrian. Hala adierazi du Nekane Gil prestakuntza eta boluntariotza arduradunak: «Boluntario kopurua inoizko handiena izaten ari da azken hilabeteotan». Boluntarioen lana nabarmentzea ezinbestekoa da Gurutze Gorriaren ibilbidea ulertzeko,baita etorkizuneko lan ildoak aurreikusteko ere.

«Kubitua, erradioa, besahezurra...», hasi dira gorputzeko hezur guztiak zenbatzen. Hogei ikasle ari dira ohartxoak egiten Gurutze Gorriak prestatutako liburuan. Adi kasu egiten diote irakasleari. Aurrerago, boluntario lanei ekingo diete eserita dauden ikasleetako batzuek, eta beste zenbaitek, berriz, sorosle izatea nahiko lukete. Hor aurkitzen dira panpinak ere, nor baino nor adiago, etorkizuneko sorosle izango direnen alboan. Egun gutxi barru helduko da horien txanda ikasgelan. Izan ere, ikasleek horiekin ikasi beharko dute bihotz biriketako bizkortzea nola egiten den.

Lehen laguntzen ikastaroari ekin diote egunotan hogei lagun horiek. Carlos Monge da taldeetako baten irakaslea, eta, hark dioenez, aurreko urteetako ikasle kopurua bikoiztu egin da aurten. Duela lau urte hasi zen Monge, boluntario gisa, erakundearen larrialdi eta sorospen zerbitzuan. Bi lagunek animatuta sartu zela dio, eta, hango «esperientzia ahaztezinek» bultzatuta, erizaintza ikastera animatuko da, informatika ikasketak amaitu eta gero.

Ondoezik aurkitzen den pertsona bati lagundu ahal izatea «sekulakoa» da, eta ikasleei ere hori transmititzea nahiko lukeela nabarmendu du Carlos Monge irakasleak. Ekintza eta egitasmo askotarikoak aurrera eramateko «beharrezkoa» da boluntarioakegoki prestatzea. Horregatik, askotariko ikastaroak eskaintzen ditu Gurutze Gorriak. Horren erakusgarri da Gasteizko ordezkaritzan hasi dutena.

Gaur egun askotariko programetan musu truk parte hartzen ari diren banakoei esker, bestelako egitasmo bat jarri dute martxan: Orain inoiz baino gehiago. Gilek adierazi duenez, «muturreko egoeran» aurkitzen diren familiak gerozeta gehiago dira. Gainera, horietako askok ez dute aurrez arazo larririk izan, eta, beraz, batzuek lehenengo aldiz jo dute Gurutze Gorrira laguntza eske. Egitasmoari esker, Espainiako 300.000 pertsonari baino gehiagori emangoo zaie laguntza.

Arabako ordezkaritzan, batez ere, lanpostua galdu dutenentzako enplegu plan bat garatu berri dute. «Plan horri helduta, lan-orientazioa eta lanpostu berriak lortzeko bitartekoak (Internet, prentsa, telefonoa...) eskainiko ditugu nagusiki». Horrez gain, etxeko ekonomia landuko da nagusiekin, eta ikasleen eskola porrotari aurre egiteko eskola bereziak antolatuko dituzte. Hori guztia boluntariotza lanen bidez eramango du aurrera Arabako Gurutze Gorriak. «Hunkigarria da ikustea norainokoa izan daitekeen jendeak eskaintzen duen laguntza, arazoak gailentzen direnean».

140 urtez lanean

Gurutze Gorriak sorreratik egindako guztiak bilduko dituen liburuari azken ukituak eman, eta uda bukaeran eskuragarri egongo da. Hiru urtez aritu da batzorde bat 140 Años de H0istoria liburua prestatzen, boluntario lanetan ibilitakoen laguntzarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.